Tuterara buelta

2022/09/03
Tuterara buelta

Benetan goxoa izaten ari da galduak genituen ohitura onak berreskuratzea. Tuterako bestak ere berotasun handiz ospatu dituzte aurten eta hasiera batean bertaratzea konplikatua izanen zitzaigula bazirudien ere, zirrikitua bilatu eta uztailaren 25ean, astelehenarekin, bertan izan gara karrikaz karrika dantzan, jendearengandik hurbil, maite dugun gisan.

Tuterara heldu eta Beterri peñako lagunek hamaiketakoa prestatu digute, ongi hasteko. Julen, Ibai eta Aitor, gure gaiteroen musika piezatxoa ere izan dugu. Jo, horrela bai!

Argazkia: Aritz Ibañez

Ondotik jantzi, eta 13:00ak inguruan atera gara dantzara. Baina lehenago, ohiko talde argazkia! Hamaikagarrena —mugagabean—. Izan ere, hamabost urte dira aurten, pandemiak-pandemia, Tuterara dantzara goazenak! Bertze-hainbertzez!

Argazkia: Ihitz Iriart

Erraldoien konpartsarekin gurutzatuko ote ginen eta Foruen plazara egin dugu zuzenean. Eguerdi beroa dugu eta agian emozio handiegiz hasi dugu emanaldia. Ura eta azukrea behar izan dugu eguzkipeko lehen emanaldi luze samarra behin bukatuta.

Argazkia: Ihitz Iriart

Argazkia: Ihitz Iriart

Argazkia: Ihitz Iriart

Argazkia: Ihitz Iriart

 

Herrerias kalera abiatu gara ondotik, arbol txikien gerizpera. Beharrik! Han arku-dantza eta zinta-dantza eman ditugu, dantzan ari ez ziren dantzariak, ardiak nola, zuhaitz txikien itzalpean pilatzen ziren bitartean.

Argazkia: Ihitz Iriart

Argazkia: Ihitz Iriart

Handik, Gaitero ostatuaren parera. Gaitero ostatua, Tuterako gaitero de Fernando Leonek eramaten du eta Carnicerías izeneko karrika estuan kokatua dago. Jendez mukuru egoten da ostatu aurreko plazatxoa eta bertan dantzatzea beti da erronkatxoa, dantzatzeko tokitxoa jendea apartatuz egin behar izaten baitugu. Eta maite dugu hori —beti haserretuarena egiten duen norbait egoten bada ere—!

Ondotik mangerada Beterriko peñaren patioan, bazkaria Casinon eta arratsalde pasa Tuterako bestetan. Bi urteko hutsunearen ondotik, zapore oraindik hobea duen plan borobila. Mila esker, beste behin Beterri peñako lagunei!! Ondoko urtera arte!!