Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Duguna - Iruñeko dantzariak Trugarez, Konk Kerne!!

Dokumentuaren akzioak

Trugarez, Konk Kerne!!

Trugarez, Konk Kerne!!

Konk Kerneko gotorlekua hartu genuenekoa

Taldeko memoria pribilegiatudunek soilik gogoratzen zuten noiz egin genuen udako azken bidaia. 2011. urtean izan zen, Montrejeaura. Eta udaberri aldera Maritzuli konpainiako lagunen proposamena jaso genuenean, pentsatu genuen bazela garaia gure dantzak pixka bat urrutixeago ere erakusteko. Beraz, abuztuaren 15ean autobusa hartu eta Konk Kerneruntz (Bretainia) abiatu ginen.

Gauez eta autobusez bidea egin eta goizaldean, han zain genuen Rita, gure gida portugaldar/bretainiar piperduna. Goiza pixka bat lo egiteko, hiria bisitatzeko eta dantzatu beharrekoa freskatzeko baliatu genuen.

Gotortutako alde zaharra du Konk Kernek, Iruñearen antzera, eta horrek jakinmina piztu zigun. Heldu eta lehen egunean emanaldia izan genuen Jean Jaures plazan, gotorlekuaren ondoan, itsas bazterrean, inguru ezin ederragoan. Guk Sanferminetako trokeo-dantzak eta hiru burguen eguneko soka-dantza eman genituen bi saio motzetan banaturik. Bitarteetan, itzaletik, Marseilako Roudelet Felibren taldekoen Provenzar dantza-preklasikoak ikus eta entzuteko aukera izan genuen, tartean baita gure arku-dantzaren Olentzero buru handiaren doinua ere.

Konk-kerne2017_1
Argazkia: Aitor Razkin

Konk-kerne2017_3
Ibai Indart, Julen Leuza eta Shanti Diaz. Argazkia: Aitor Razkin

Konk-kerne2017_2
Argazkia: Aitor Razkin

Konk-kerne2017_4
Marseillarrak Zuberoako aizturren gisako urratsa egiten

Konk-kerne2017_5
Dantzari eta musikariak lehen emanaldi ondarrean

Lehen eguna izateko aski egin genuelakoan, gure ostatu izanen zen eskolara erretiratu ginen lo egitera-edo.

Biharamun goiza libre genuen. Batzuek mandatuak egiteko probestu zuten, besteek paseatzeko, gutxi batzuek lo egiteko —gauez ordu laurdenero jotzen zuen alarmarena beste batean kontatuko dizuegu baina, matematikoa zen; lotarako momentutxo bat genuen aldiro Marseilarrek ensaiatzeko behar berezia sentitzen zuten, bonbo eta guzti!

Tira, arratsaldean parade-a genuen gotortutako hiriko karriketan barna eta dekoratu horretan zer egokiago San Fermin Aldapakoaren ezpata-dantza baino? Etxean jokatzea bezalakoxea izan zen.

Konk-kerne2017_6
Konk Kerneko atea zeharkatzen

Konk-kerne2017_7

Konk-kerne2017_8

Hango anfiteatro gisako xoko apain batean gainera, bandera arbola eta arrosa egiteko modua izan genuen eta gozatua eman genion gure buruei.

Konk-kerne2017_9
Joseba Lorenzo Iruñeko bandera zaharra goxoki dantzatzen

Konk-kerne2017_10
Arrosa edo karakoila?

Arratsalde betea prestatu ziguten antolatzaileek eta harresien arteko pasealdiaz gain, ordu bateko emanaldia ere eskatua ziguten. Ezpata-dantza, soka-dantza eta trokeo-dantzez gain, Zuberoako eta Nafarroa Beherako dantzak eman genituen, ahal bezala. Izan ere, karrika-inguruan Ainhoak min hartu zuen eta emanaldian Itxasok. Dantzan ari ginen bitartean hainbat postu dohiketa egin behar izan genituen, baina emanaldia aurrera ateratzea lortu genuen, ikusleak deusetaz ohartu gabe.

Konk-kerne2017_11
Argazkia: Aitor Razkin

Konk-kerne2017_12

Zamaltzain, arribadan

Kontra-dantzan

Gure dantzari bi min hartuta, horietako bat ospitalean, euria goitik-behera (esan ziguten aurreko eguneko eguzkia ez zela normala), eta emanaldiko arropa eta material guztia biltzeke. Berandu bukatu zen eguna gauean, hain zuzen. Baina Compay Segundo zenaren taldearen telonero izateak ez du preziorik!

Konk-kerne2017_15
Compay Segundoren taldea. Azukar!!!

Hurrengo goiza, aurreko arratsa bezain goibela argitu zuen eta festa eman ziguten. Gure gaiteroen jam session bikainak arindu zigun asperdura. Eskertu genuen pausa, hala ere!

Udalean harrera genuen biharamunean. Gure txistulariak hautatu zituzten herriko-etxerainoko ibilbidea musikaz janzteko, eta Konk-kerneko udal txistulariekin batera, beraz, egin zuen gure ordezkaritzak promenatzea. Hitz batzuk egin behar izan genituen, harresiak gora, harresiak behera eta bla, bla, bla! Eta alkateari, antolatzaileei eta gure laguntzaileei Sanferminetako zapi bana oparitu genien. Pozik geratu ziren susmoa dugu, Konk Kerne eta Iruñearen arteko senidetzea eskatu ez ziguten ba!

Konk-kerne2017_16
Konk Kerneko udal txistulariak

Konk-kerne2017_17
Udaleko harreran, zapia Konk Kerneko alkateari

Hura ere egun betea! Harreraren ondotik, emanaldia jaialdiaren barrutian: Ezpata-dantza, soka-dantza eta Zuberoako zenbait dantza:

Konk-kerne2017_18

Konk-kerne2017_19

Konk-kerne2017_20

Eta ez dugu ongi gogoan egun berean izan ote zen, edo besteren batean, dagoeneko oroitzapenak pixka bat lausotu baitzaizkigu, baina beste paraderen bat ere izan genuen. Ezpata-dantza atera genuen berriz karrikara eta hainbat Gora Euskal Herria!, Biba Nafarroa! entzun genituen. Eta ez bat edo bi! Hunkigarria izan zen:

 

Julen Simonek egin zituen bobo lanak bai ongi bete ere, pertsonaia bere eginez— eta Oihan Indartek ezpata-dantzariarena.

Konk-kerne2017_21
Karrika-ingurua Konk Kerneko etorbide nagusitik. Argazkia: Ponte S

 

Izan ere hainbat lagun izan genituen bidai honetan laguntzaile eta ez genuke nahi kronika hau haiek eskertu gabe finitu. Mila esker handiak beraz, Ihitz Iriarti fisio lanez gain, sendagile, itzultzaile eta amatxo lanak egiteagatik. Ibai Indart, Oihan Indart eta Julen Simoni berez musikan, baina baita ere dantzan fin demonio aritzeagatik. Eta Aitor Razkini argazki eder hauek hartzeagatik!

Bretainian aste goxo bat pasata, etxera itzuli ginen zapore ezti bat ezpainetan.

Trugarez, Konk Kerne!!

  • Aitor Razkinek hartutako argazkien galeria osoa hemen, ikusgai:

 

Konk Kerne 2017

 

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.