Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Duguna - Iruñeko dantzariak Tarragonako Santa Teklaren omenezko segizioan dantzatu dugu

Dokumentuaren akzioak

Tarragonako Santa Teklaren omenezko segizioan dantzatu dugu

Tarragonako Santa Teklaren omenezko segizioan dantzatu dugu

Argazkia: Jordi Rius

2007. urtean izan genuen Tarragonako Santa Teklaren festen berri, Les Músiques de les Festes de Santa Tecla izeneko diskoa gure eskuetan erori zelarik. Kuxkuxeatzen hasi eta konturatu ginen doinu eder haiek festa ikaragarri aberats baten jantziaren parte zirela: erraldoiak, buruhandiak, arranoa, leoia, zaldikoa, zezena, herensugea, deabruak, makil-dantzariak, arku-dantzariak, giza-gazteluak... O_o denetarik bazen! Ikaragarria! Iruñeko XVIII. mendeko segizioak ere halakoak izanen ote ziren? Tira, ordutik halako mira batez begiratu izan dugu Tarragona alderuntz.

Bizitzaren itzuli-mitzuliak zer diren, iaz, Trokeo-dantzak estreinatu eta ixtantean, Tarragonarako gonbitea egin ziguten bertako Ball de Bastons-eko lagunek, gure dantza berriak bertan eman genitzan. Santa Teklara bai, baina kaxuen... ez Seguici popular edo prozesio arranditsua egiten duten egunean! Hala ere gozatu genuen gozatu genuenez Plaça de les Cols-eko jendetzaren berotasunarekin eta ikusi genituen L'Àliga, Cucafera eta bestiarioko bestelako piztiak!

Aurtengo otsailean berriz Tarragonatik deia. Ia irailaren 22/23ko asteburua libre ote genuenez: 

- Zera... Sanfermin txikien asteburua dugu eta igande horretan berean ezpata-dantza ateratzen dugu. Konplikatua izanen da. Zer da ba?

- Oooh! Taldearen 365. urteurrena ospatuko dugu eta nahi genuke Santa Teklako festetako prozesioan parte hartzea gurekin.

- Ufa! Utzidazu galdetzen eta esanen!

Taldeko watsapean galdetu eta minutu gutxiren buruan 20 bat lagun prest ziren erokeria horretan parte hartzeko.

- Aizue, bagoaz!!!

Horrelako gonbidapenak ez baitira urtero heltzen eta mediterraneo aldetik Sanferminetara etortzen ohi ziren dantzariei bisita itzultzearen sinbologiak harrapaturik, 24 ordutan Iruñetik Tarragonarako eta Tarragonatik Iruñerako 800 kilometroak egin ditugu, irailaren 22an. 

Sanfermin, Santa tekla, Sanfermin

Bertso-afaria izan dugu Sanfermin txikiko ostiralarekin, ohi bezala, alde zaharreko gure egoitzan. Alaia Martin eta Sustrai Colina bertsolariek hamaika zirto bota dizkigute Tarragonarako txangoaren kontura.  Bertso-afaria bukatzearekin, 03:00ak aldera, autobusa hartzera abiatu dira gure 11 eroak, Iruñeko festa txikien arrabotsa atzean utzirik: Osel, Emma, Edurne, Ainhoa, Julen, Oier, Auritz, Ainara, Maialen, Joseba eta Aritz. Bideari ekin eta Tuteran espediziora batu zaizkigu Tuterako gaiteroak: Jabitxu, Julio eta Luis. Txoferra bide ertzeko marra zuria zapaltze-zalea da antza eta ezin izan dugu lo gehiegirik egin bidaia guztian. Tarragonara heldu, gosaldu eta pausaldi txiki baten ondotik, janztera abiatu gara, goizean ere jarri baitigute lanik.

Ball de Bastons-eko lagunek jantziak berritu dituzte haien urteurrena ospatzeko eta Tarragonako erromatar antzokian egin dute arropa berrien aurkezpena. Ez da dantzatzeko toki txarra! Bero iratzarri da eguna, baina gustuko tokian aldaparik ez! Betroiarena eman dugu gladiadoreen pare. Jordi Bertran kazetari lagun eta folklorean aditua —aurtengo Ezpalak jaialdira Tarragonako Moixigangarekin Iruñera etorri dena— agurtzera hurbildu zaigu eta tartetxo bat hartu dugu gaiteroek eta guk, berarekin solasteko. Itzalean!

Tarragona_2018_01
Iruñeko dantzariak eta Tuterako gaiteroak

Tarragona_2018_02

Egarria asetzeko merkatu ondoko ostatu batera lagundu gaituzte bastonersek. Oraindik ez dugu bukatu goizeko jarduna, beraz ongi etorriak izan dira freskagarriak eta zizka-mizkak. Atsedenaldia gozatu digute Tuterako gaiteroek.

Tarragona_2018_03

Mugitu behar genuela esan digute halako batean, merkatuan dantzatu behar baitugu. Baina bi emanaldi inprobisatu egin ditugu lehenago. Bata laster itxiko duten El Negrito y la Negrita betiko denda horietako baten aitzinean. Eta bestea, gure ustez likore kontrabandoaren estalpe den bularretako denda baten aitzinean. Bastoners-ek iniziatu gaituzte bidean: dantza bat eskainiz gero, jabeak Chartreuse botila bat aterako dizue! Zer ez diguten esan! Chartreuse botila eskuratu dugu, doike —gure irribarrek salatzen dutenez—, makila-luzeen dantza eskainiz!

Tutera 2018_04

Merkatuan dantzatuta, arropaz aldatu eta bazkaltzera! Jatetxetik pixka bat urrun gaudela-eta txutxu trenean eraman gaituzte, hari musikala berriz ere Tuterako gaiteroen esku geratu delarik. Joaterakoan tira, baina itzuleran eskertu dugu trena. Ah ze betekada! Itsasoari begira dagoen jatetxean eman digute bazkaltzen, platera plateraren ondotik. Siesta bakarrik falta izan zaigu!

Tarragona_2018-05

Pixka bat pausatzeko eta konzentratzeko denbora izan dugu hala ere. Seguici-rako hitzordua 18:00etan da, Plaça de la Font-en. Zintzo demonio agertu gara bertan, adostutako tenorean, eta beste hamaika demoniorekin egin dugu topo. Demonioekin, buruhandiekin, erraldoiekin, bastonersekin, pastoretsekin, Moixigangarekin, 7 pekatuekin, zaldikoekin, zezenarekin, Mulassarekin, Aligarekin, Cucaferarekin... baina zer da hau? Daniel Vilarrúbias flabioler maisuarekin dantzaz, jantziez eta musikaz solasten aritu gara abiatzeko ordua heldu artean eta Tarragonako Moixigangako lagunak biskotx tipikoen kutxa bat oparitzera heldu zaizkigu. Etxean baino hobe tratatuak sentitzea ere!

Tarragona_2018-06 

Tarragona_2018-07

Hiru zuziri lehertaraziz eman diote hasiera segizioari. Deabruek ere haien itxaferoei su eman diete eta dena bilakatu da ke eta arrabots. Tarragonako bastonersen gibeletik abiatu gara gu, giroak txundituta. 3 orduko prozesioa dugu aurretik eta esan digutenez, 11 plazetan egin behar dugu dantzan. Bidaiko orduen eta  goizeko joan-etorri, dantzaldi eta beroaren ondorioak sentitzen ditugu zangoetan baina bestetik, giroa horren berezia izaten ari da, halako susperraldia izan dugula segizioak iraun bitartean. 

Ohitura onak ez galtzeko Baixada de la Misericòrdia karrika dantzan igo dugu ziztu bizian eta berehala heldu gara Plaça de les Cols zoragarrira. Han Betroiarena eman dugu, berriz ere jendez lepo zen harmailadiaren aitzinean.  Ez dakigu zer duen plaza horrek baina akidura kemen bilakatu zaigu eta gogotik egin dugu dantzan.

Tarragona_2018-06

Ibilaldi luzea dugunez, makil-txikiak baino ez ditugu ekarri arratsaldean. Alta, giroak mozkorturik beste zerbait ere dantzatu nahi izan dugu. Gure gibeletik datozen Ball de pastorets-eko dantzariei haien makil luzeak —tira, enborrak— utziko lizkiguketen galdetu diegu eta baietz! Iruñeko ferietan ere dantzatu dugu, beraz, geldiadietako batean.

Tarragona_2018-08

 Segizioko azken pusketa erlojuari begira eman dugu, kalkulatu nahian, bukatuko dugun orduaren arabera, zenbat orduz lo eginen ote dugun autobusean eta Iruñera heltzean, gure ohatzeetan. Bide ertzetik eskaini diguten limoi likoreak gozatu digu hondar zatia. Berriz ere Plaça de la Font-era heldu garelarik, segizioan parte hartu dugun dantzari guztiok —makil, ezpata, uztai, zinta, zaldiko...-dantzariok, alegia— aldi berean dantza bat emanez, urrentu dugu Santa Teklaren seguici-ko gure parte-hartzea. 

Iruñerako bidea hartu aitzin, mokau bat jan dugu bastonersen egoitzan. Indarrak berreskuratuta eta denbora gehiago galdu gabe arropaz aldatu garen hotelera joan gara, puskak biltzera. Sartzean, atezainak Aljemesiko dantzariak ote garen galdetu digu. Guretako oparia izan den emanaldiak ezin zuen amaiera hoberik izan.

Autobusa kargatu eta Iruñerako bidea hartu dugu, ordu gutxiren buruan, Sanfermin Aldapakaren ezpata-dantza plazaratu behar baitugu!

Zinez eskertu nahi ditugu Tarragonako Ball de Bastons-eko lagunak halako emanaldi berezia proposatu eta harrera ezin beroagoa eskaintzeagatik. Eta baita Tuterako gaiteroak ere, gure enbarkada onartu, gure dantzak horren fin jo eta hartueman goxoarengatik!

2018-09-22 Santa Tekla Tarragonan

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.