Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Duguna - Iruñeko dantzariak Tarragonako Santa Teclan, aldapan gora

Dokumentuaren akzioak

Tarragonako Santa Teclan, aldapan gora

Irailaren hirugarren asteburua Katalunian eman dugu, dantzan. Tarragonako Ball de Bastons-eko lagunek Santa Teclako festetarako gonbitea luzatu eta ilusio handiz abiatu gara hara, bi arrazoirengatik, batipat: bertako festen sona merezitakoa ote den egiaztatzeko eta Kataluniako egoera politikoaren tenperatura hartzeko aukera izanen dugulako.

Heldu gara Altafullara —lo egin behar genuen herrira— gauerdiz eta udaltzain auto batek gidatu du gure autobusa ostaturaino. Aparkatu eta maletategia irekitzera zihoala erreferendumerako boto-kutxak genekarzkiela esan ez dio ba Karlos gure txoferrak udaltzainari! Eta ah ze bisaia, poliziak! Tira, Lidia, Bastoners taldeko presidenteak lagunduta, txintxo-txintxo lotara.

Larunbat goizean Tarragonako arrasto erromatarrak bisitatzera eraman gaituzte eta autobusetik jaitsi eta berehala ohartu gara festetan zirela. Ikusi dugun lehenengo gauza Áliga-ren errepika izan baita, kalean berean. Dantzatzen erraza zela iruditu zaigu, 85 kilo pisatzen dituela esan diguten arte!

Tarragona 01
Tarragonako Áliga karrikan berean entseatzen. Argazkia: Aritz Ibañez

Esana ziguten aurrez, arratsaldean Plaça de les Cols-en dantzatu behar genuela, katedralaren aitzinean, dantzarako plaza zoragarrian, Google Street View-en arabera, beti ere. Heldu gara plazara eta... sorpresa!

Tarragona 02
Aldapan gora ♪ ♫ ♩ ♬

Plaza zoragarria izaten jarraitzen du, baina hori da hori aldapa! Ufa! Tira, arratsaldean arratsaldekoak!

Bisitaldia bukatu eta beste bastoners talde baten txokora eraman gaituzte aperitifa hartzera. Eguzkia, beroa, edari freskoa, zizka-mizkak, musika eta dantza... Ez ote da horrelako zerbait paradisua? Silviarekin hitzegiten aritu gara. Hasieran tentuz galdetu diogu, baina berehala esan digu urriaren 1ean bozkatzera joanen dela Katalunia independente baten alde.

Tarragona 03
Anparito Roca pasodoblea dantzatzeko txirrinta kendu genuen azkenean! Argazkia: Aritz Ibañez

Bazkaldu, siestaño inprobisatua eta berehala dantzarako puskak hartu eta arropaz aldatzera. Kataluniako lau kornerretatik heldutako beste bastoners talde batzuekin —Salou, Arboç, Artés eta Tarragonakoak, doike! partekatu dugu karrika-ingurua, gustuan! 

Tarragonako katedrala eta Plaça de les Cols-eko eskailerak lepo. Argazkia: Aritz Ibañez

Berotzen joateko-edo, Baixada de la Misericòrdia delako aldapa —gure noranzkoan Pujada de la Misericòrdia izan zena (igoera, alegia)— karrika-dantzan egitea bururatu zaio gure boboari, ohikoak dituen txakurkeri horietako batean. Malda igotzea lortu dugunean han ditugu Artés-eko bastoners guztiak ero banda horri —guri— txaloka. 

Plaça de les Cols-era daraman kale nagusira heldu gara horrela. Plazan 10 bat minutuko saioa dugu talde bakoitzak eta gu gara azkenak, beraz, itxoitea egokituko zaigu. Bitartean, han aritu gara interes handiz hurbildu zaizkigun lagun kataluniarrei gure jantzi eta dantzei buruzko azalpenak ematen. Taldeek dantzatu ahala, plazara hurbilduz goaz eta gisa horretan ikusi ahal izan dugu mukuru beteak direla harmailarena egiten duten eskailerak. 

Kasik ilundu du guk dantzatzerako! Horren urrutitik harainoko bidaia egiteagatik eskertu gaituzte megafoniatik eta gaiten lehen notekin abiatu gara aldapatxoan gora dantzan. Tira, ez horren aldapatxo! Egia esan, ez dugu gogoan lehenago holako desnibelean dantzatu izana.

Bata bestearen atzetik eman ditugu Betroiarena, Pinpirin eta florian, Iruñeko ferietan eta Ama begira zazu, makil-txiki, zinta, makil-handi eta brokel-dantzak. Ez zaigu berehala ahaztuko Tarragonako ikusleen beroa! Plaza utzi aurretik, aurkezleak mikrofonoarekin galdetu digu ia nola ote garen kapaz Katalunian banaka-banaka ematen dituzten dantza horiek —ball de bastons, ball de gitanes...— denak batera eta segidan egiteko. Txorakeriren bat erantzun eta plaza utzi dugu dantzan, txalo artean.

Tarragona 05
Betroiarena. Argazkia: Itxaso Martinez

Tarragona 06
Pinpirin eta florian. Argazkia: Itxaso Martinez

Tarragona 07
Ama begira zazu. Argazkia: Itxaso Martinez

Argazkiekin ezin da erakutsi Tarragonako jendeak egin zigun harrera beroa. Bideo batekin, seguraski ere ez, baina arrasto bat hartuko diozue, agian!

Afari goxo batek eta afaloste oraindik goxoagoak jarri diote ginda Kataluniako gure txangoari. Igande goizean abiatu gara berriz Iruñeruntz, noizbait, berriz ere Kataluniara —pasaportea erabiliz— joateko luzatu dizkiguten gonbidapenak gauzatuko diren esperantzaz .

Kronikatxoa fini aurretik, eskertu nahi ditugu Kevin Acuña, Lidia Gil, Silvia Grau eta Tarragonako gainontzeko bastonerrak, etxean bezain eroso sentiarazteagatik. Baita ere, nola ez, Igor Martinez gaiteroari gure jotzeko eskaera horren modu adeitsuan onartzeagatik. Biba zu!

Tarragonako bidaiko argazki gehiago, hementxe, ikusgai. Apetitu on!

2017-09-16 Tarragonako San Tecletan

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.