Talde osoa dantzan
San Juan egunarekin —beraz, gure soka-dantzaren biharamunean— egin dugu aurten Dugunako dantzarion eguna. Duela 2 urte hasi ginen ikasturte amaierako emanaldi hau antolatzen, eta urtean zehar dantzari eskolako txikiek ikasitakoa erakusteko balio digu, besteak-beste. Ia 80 dantzari eta musikari bildu gara Burguen plazako galtzada-harrien gainean dantzan eta soinuan, ikusle eskertuen begiraden aitzinean.
Taldeko dantzari txikienak izan dira plazara ateratzen lehenak. Euskal Herriko bi inauteri ezberdinetan dantzatu ohi diren dantza parea eman dute: Amezketako Talai-dantza eman zuten, eta ondotik, Ostalerrak dantza-jauzia.


Bigarren taldekoen txanda, ondotik. Zuberoatik sobera urrundu gabe, bertako makil-dantza eman dute borobilean, zein baino zein abilago. Gero, makilak bildu baina oraindik borobil irekian Lantzeko zortzikoarekin plazari itzulia eman eta horrekin eman dute amaitutzat haien saioa.


Hirugarren taldekoak uztaiekin elkar lotuta atera dira plazara, Miarritzen Sanmartin egunez dantzatzen duten arku-dantzak agindu bezala. Kantuan aritu dira hasteko, buruzagiak gidatuta. Ondotik, txukun-demonio eman zdute arku-dantza bera, Haurrak ikas zazue-ren doinura. Dagoeneko ederki ikasi dutela erakutsi digute, alajaina!


Dantzari txikien eskolaren saioari koxkorrenek eman diote bukaera. Gipuzkoako brokel-dantzaren sortako hiru dantza ezberdin eman dituzte: Agurra, makil-txikiena eta uztai-txikiena. Helduen taldeko dantzariak ere harritu egin dira gaztetxo horiek dantzarako erakutsitako duintasunarekin. Gogor datozela atzetik bultzaka!


Helduek eman diote akabera emanaldiari. Sanferminetako Foruen plazako emanaldirako prestatzen ari ziren Baztango dantzen sorta plazaratu dute: Arizkungo sagar-dantza, Bilantziko zaharra, Zahar-dantza eta Mandozaharrarena mutil-dantzekin osatzen ohi den sorta, Baztango zortzikoa eta Arizkungo gaita. Dantzari txikien mailari eusteko lanak!

Ondotik, taldekako argazkiak, eta bazkaria eta dantza gehiago eta urez betetako puxiken festa...




