Dokumentuaren akzioak
Sorogainetik... Euskal Herria!
Sanferminetan dantzatzen ditugun trokeo-dantzak eraikitzeko hainbat bertso eta kantu doinu hartu genituen oinarri. Gero konturatu ginen, den-denak ez baziren, gehien-gehienak mugaldekoak zirela, edo behintzat mugaldean bilduak: Otsagabian, Garazin, Bidarrain, Lesakan edo Orbaitzetan, esaterako. Beraz, Sorogaineko bestetan dantzatzeko aukera heldu zaigularik ez dugu dudarik egin, trokeo-dantzak dantzatu behar ditugu bertan, kasik haien eremu naturala baita!
Irailaren 21ean beraz, autoak tetris baten antzera bete eta lokalean deus ahazten ez dugula ongi ziurtatu dugunean, autoak martxan jarri ditugu bidea hartzeko pronto! Baina bat-batean lokaleko alarmak salto egin du. Baina nola da posible? Barrura sartzeko atea giltzez ireki eta hara non parez-pare, poker aurpegiarekin, gure Auritz!
Erraminta edo arroparik ahazten ez genuela uste eta dantzari bat ahaztu ez dugu ba!!
Tira, pasadizoari esker irriz egin dugu bidea eta hortaz ez gara horrenbeste ohartu Sorogainerainoko bihuuuuuuuurguneez. Heldu garenean ateri da, baina hego-haize zakarra eta langarra heldu dira pagadoietan goiti. Iritsi gareneko euri lotsatia zaparrada bihurtu da atontzen ari garelarik, baina jantzi garenerako atertu du berriz. Hortaz, zintzarriak lotu, kapela ipini eta prest gara trokeo-dantzak emateko!
Sorogaineko soro gainera atera gara, hartara. Belardia ez da oso erregularra eta iltzedun espartinak estimatuko genituen arren, ze kontxo! Baldintza okerragoetan dantzatu izan dugu! Izan ere, Iruñeko alde zaharreko harlauza hotzak utzi eta noizbehinka belarraren biguntasunean dantzatzeak badu bere xarma. Dantzek ere beste kolore bat hartzen dutela esan digute eta ados gara. Errituaren begitarte seriosetik, gerruntzerik gabeko desinhibiziora. Bon... Beñat Lopez, Ibai Indart eta Julen Leuza gaitero apartek musikari ekin diotenean hasi gara gu karrika-dantzan. Aurrera baino zolura begira egin behar izan dugu emanaldia, minatutako eremuan nola, satorraren muinoak sahiestuz, bidean orkatilaren bat utz ez genezan.
Makil-txikiena, makil handiena, arku eta brokel-dantzen ondotik, zinta-dantza izan da gure giza-dorrearen aurrekari. Ikusleei kapelak gordetzeko eskatu diegu dorrea egin ahal izateko eta... ♪♫ Sorogainetik, Euskal Herria... ♫♪
Urepele, Erroibar, Sorogain, dantzari, gaitero, ikusle eta goratu beharreko guztiak (gutxi gora-behera) goratu ditu Itziar Gonzalezek dorrearen puntaren-puntatik. Oihu bakoitza "biba" batez borobildu dugu.
Euriaren baimenarekin eta gorputza jada bero-bero, gaitariei dantzaldi inprobisatua eginen ote duten galdetu diegu eta baietz! Biba zuek birritan, beraz! Han joan dira fandango eta arin-arina, jauzi pare bat, Lantzeko zortzikoa eta Larrain-dantza, bertaratutako lagun guztiekin partekatu ditugunak. Emanaldia bukatzeko modu ezin hobea.
Gozatu dugu geroago ere Sorogaingo besten giroaz eta, berriz ere dantzara gustura itzuliko ginatekeela ondorioztatu dugu. Ia ba!
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Duguna - Iruñeko dantzariak
Iruñeko udalak 1949. urtean sortu zuen gure taldea, hiriko antzinako dantza usantzak gogoan, euskaldunon hiri buruzagiko zeremonialetan dantzan aritzeko. Sanson Galante eta Joanes Larraintzarkoaren oinordeko sentitzen dugu gure burua.
Duguna - Iruñeko dantzariak
Maiatzaren 2a karrika, 9 behea
31001 - Iruñea
Tfnoa: +34 657 33 29 44
duguna@duguna.eus
Jasotako azken erantzunak
- Aurtzaka dantza taldea on Auzo bat dantzarako: Igartzako egunean aritu gara ezpata-dantzari
- Kezka dantza taldea on Aurtengo San Juan bezperako soka-dantza, Kezkari esker onez
- Aritz Ibañez Lusarreta on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Oier Araolaza on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Kezka dantza taldea on Aspaldiko partez, Maulen!
- Aritz Ibañez Lusarreta on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Dantzan on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Aritz Ibañez Lusarreta on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Kezka dantza taldea on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Patxi Montero on Eta trokeo dantzak plazaratu genituen! 2017/09/05