Sokari beste korapilo bat
Irailaren 8arekin Batasunaren Pribilegioaren besta ospatzen dugu Iruñean. Aurten, 601 dira Carlos III. Nafarroako erregeak, Iruñeko hiru burgu zaharrak elkartu zituela eta hiribildu bakarra osatu zutela. Eta hori ospakizunerako eta dantzarako aitzakia izaten dugu urtero. Arratsaldeko 17:45etan abiatu da Herriko Etxetik Iruñeko Hiri Gorpuztua deritzona —hiriaren halako gorpuzte alegorikoa, zeinen parte baitiren Udal korporazioa, mazeroak, libreak, tinbalariak, erraldoiak, txistulariak, gaiteroak, Pamplonesa musika banda eta gu geu, besteak beste—. Iruñean egiten diren segizio guztiak zibilak dira, Udalak antolatzen baitutu eta udaletxetik abiatzen baitira. Baina Batasunaren pribilegioaren honetan, gainera, ez da erligio kutxu mikorik ere, eta ibilaldi goxoa izaten da, Iruñeko hiru burgu zaharrak zeharkatuz.
Kurritu ditugu beraz karrika nagusia, Eslaba kalea, Kontzejuaren plaza, Zapateria, Calceteros, Merkaderes eta Kuria, Katedraleraino. Eta handik berriz jaitsi gara udal plazara.
Segizioa amaituta, ohiko hiriaren omenezko dantzak eman ditugu Udal plazan, erraldoiekin batera. Batasunaren pribilegioaren egunean ohikoa dugu soka-dantza. Aurtengoa, iazkoa baino normalxeagoa. Hasterako, bagenekien zein zinegotzi animatuak ziren dantzara —8 orotara— eta herritarren artean ere fitxatu ditugu hainbat lagun. Atera dira zaldikoak plaza erdira —Eder Etxeberria eta Joaquín Cebamanos— hasi dira xirolarrua eta tarota ufatzen, eta abiatu da soka-dantza, Ainara Ranerak gidatuta.
Plaza agurtu-eta, Ainara Ranerak eta Mikel Garziak dantzatu dute belauntxingoa, honakoan lagun ditugun Iruñeko Udal txistularien doinura.
Zortzikoa dantzatu dute ondotik aitzinesku eta gibeleskuak, eta sokako gainontzeko dantzariek, gero. Eta gonbidatuak sarrarazi ditugu, fandangoa eta arin-arina dantzatzera. Hautsetsien artean bi dantzari molde antzeman ditugu: dantzari onak eta dantzari ausartak! Tira, goxoki joan da unetxo hori ere eta karrika-inguruan Udaletxera sartuta, amaitu dugu aurtengo soka-dantza ere.
Iraileko ondoko bi asteburuetan ere emanaldiak ditugu, baina lehen kapitulu honi behintzat ✔️ egin diogu.