Dokumentuaren akzioak
Soka-dantzan abiatu dugu 75. urteurrena
1949ko azaroaren 29an irten ziren Iruñeko dantzariak lehenbiziko aldiz karrikara, dantzara. Hartara, 2023ko San Saturnino egunean, 75. irteera egin eta ospatu dugu, efemerideak eskatu bezala. Egun bete bezain ederra izan da.
Goizean goizetik dantzariz beztitu eta Udal Plazara abiatu gara tenorez. La Pamplonesa musika bandako lagunek hamarrak laurden gutxietan-edo bertan egon gintezkeenez galdetu digute eta, jakin-mina ezin asez bertaratu gara. Halako batean, haien aitzinean kokatzeko eskatu digute eta zera:
Eguna hunkigarria izanen zela, ados, baina hasi aitzin begiak bustiko zitzaizkigula ez genuen espero! Tira, abiatu da segizioa Iruñeko burgu frankoetatik, Hasier Moreno buru, Leire Leza banderazain. Ez dugu nahi izan urteurrenak ohiko ekitaldiei eragin diezaien beraz, karrika-ingurua eta ondoko trokeo-dantzak ohi bezala egitea deliberatu dugu. Hango eta hemengo hedabideak hurbildu zaizkigu ibilbidean zehar, egun bereziaren testigantzak bildu nahian. Pentsa, hamaiketakoa lasai hartzen ere ez digute utzi! Gosaria amaitzearekin jartzen ohi zaizkigu kirioak dantzan. Areago, aurten! San Zerninen elizatik Udal Plazara 100 metro baino gutxiagoko bueltako bide motxa dugu. Ibarrola alkate andereari azken aldikoz egin diogu arkua, arropak ziztuan aldatu eta dantzara!
Hiru trokeo-dantza eman ditugu: Betroiarena, makil-txikien dantza, Ama begira zazu, brokel-dantza eta Pinpirin eta florian, arku-dantza.
Amaitu ditugu plazako trokeo-dantzak, baina ez eguneko dantza-jarduna. Udaletxe barruan gertatuko den ekitaldira deitu gaituzte, korporazioak opari txiki bat baitu, omen, guretako. Sala noble dotorera igo gara eta luzetxo egin zaigun ekitaldiaren ondotik, Iruñeko Batasunaren Pribilegioaren zigiluaren kopia eman digu alkate andereak. Ondotik, Aritz Ibañez taldeko zuzendariak, hitz batzuk esan ditu.
Baina solasten baino, dantzan hobe adierazten garenez, ezin gorputza mugitzeko tentaldiari eutsi!
Udaletxe barruko ekitaldia horrenbeste luzatu baita, larri gabiltza urteurrena abiatzeko antolatu dugun soka-dantza tenorez ateratzeko. Eskerrak Burguen plazan bilduak eta antolatuak direla sokan parte hartuko duten 150etik gora dantzari eta musikari. Ez nahi genuen bezain ttanko, baina bost minutuko berantarekin hasi dira txistuak eta tronpetak, Julen Leuzak sorturiko doinuak xirulatzen. Rosa Azkona dantzarien artean beteranoenak zabaldu du soka, Iñaki Tristan bere aitzinean aurresku lanak egin dituelarik. Soka-buztanean, Ekhi Iribarren dantzaririk gaztetxoena, eta bere gibelean Itziar Gonzalez atzeskua.
Soka-dantzara batu dira Iruñeko Orfeoiko kideak. Gisa honetan, gure taldearen hastapenetan emandako laguntza eskertu nahi izan diegu. Baita, Oberena dantza taldeko ordezkaritza bat, gure gonbidapena onarturik. Argazkiek eta bideoek ezin dute adierazi sokako parte hartzaileok sentitu dugun lilura, emozioa, harrotasuna eta poza.
Soka-dantza bukatuta, Burguen plazara itzuli gara berriz familia-argazkia egitera.
Ondoren, 200etik gora dantzari eta musikari bildu gara mahaiaren bueltan Zentral aretoan, Doneztebeko Santamaria etxeko lagunek prestatutako bazkari ederra gozatzera. Han ere izan da txistu eta gaita doinu, kanta, dantza, josta eta ospa, gaueko ordu txikiak arte! Bestondo emozionala gainditurik, urteurren borobila behar bezala zelebratzen jarraitzeko lanari lotuko gatzaizkio!
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Duguna - Iruñeko dantzariak
Iruñeko udalak 1949. urtean sortu zuen gure taldea, hiriko antzinako dantza usantzak gogoan, euskaldunon hiri buruzagiko zeremonialetan dantzan aritzeko. Sanson Galante eta Joanes Larraintzarkoaren oinordeko sentitzen dugu gure burua.
Duguna - Iruñeko dantzariak
Maiatzaren 2a karrika, 9 behea
31001 - Iruñea
Tfnoa: +34 657 33 29 44
duguna@duguna.eus
Jasotako azken erantzunak
- Aurtzaka dantza taldea on Auzo bat dantzarako: Igartzako egunean aritu gara ezpata-dantzari
- Kezka dantza taldea on Aurtengo San Juan bezperako soka-dantza, Kezkari esker onez
- Aritz Ibañez Lusarreta on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Oier Araolaza on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Kezka dantza taldea on Aspaldiko partez, Maulen!
- Aritz Ibañez Lusarreta on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Dantzan on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Aritz Ibañez Lusarreta on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Kezka dantza taldea on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Patxi Montero on Eta trokeo dantzak plazaratu genituen! 2017/09/05