Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Duguna - Iruñeko dantzariak Soka-dantza berri bat, betiko soka-dantza izan dadin

Dokumentuaren akzioak

Soka-dantza berri bat, betiko soka-dantza izan dadin

2019/07/18 10:40
Soka-dantza berri bat, betiko soka-dantza izan dadin

Argazkia: Malkovich

Urte batzuk generamatzan buruari bueltaka: zer egin Sanblas eguneko eta Sanjuan bezperako soka-dantzekin? Azken 11 urteotan garatutako gure dantza-errepertorioko bigarren urratsa izan ziren bat diren bi soka-dantza hauek. Lehen urratsa Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza eta hirugarren eta laugarrena —Hiru burguen eguneko soka-dantza eta Sanferminetako trokeo-dantzak— ezaugarri beretsuekin imaginatu genituen, jantziei, urratsei, genero bereizketa ezari... dagokionez. Hortaz, Sanblas eguneko eta Sanjuan bezperako soka-dantzak halako linbo inkoherente batean geratuak zitzaizkigun sentsazioarekin genbiltzan azken hilabete luzeotan. 

Arrotxapeko neska-mutil nagusiak gogoratzeko ariketa —agian— kostunbrista batean, mutilen eta nesken soka bana atondu genuen egun bakoitzerako, soineko bezala baserritar jantziak erabiliz. Baina generoaren araberako bereizketak eta jantzien aukeraketak hainbat arazo ekarri dizkigute 2013tik hona. Batetik, Ane Albisuk aipatu izan digun gisan, (batez ere emakumezkoen) baserritar jantziak ez dira dantza gimnastikoak dantzatzeko egokiak, eta gure taldeko neskek hamaika metro oihalen pizu eta inertzia pairatu behar izan dituzte muriska eta artazi bakoitzean. Bestetik, eta honetan ere emakumeak galtzaile, neska-mutilez osatutako bikoteetan dantzatu beharrak beti utzi ditu kopuruz gehiago izan diren hainbat neska dantzatzeko aukerarik gabe. Eta aski zen!

Sanjuan bezpera 2016 - Leire Leza

Ekuazioa argi samar genuen: genero bereizketak arazoak ekartzen badizkigu, eta genero bereizketarik gabeko gure gainontzeko dantzetan arazo horiek desagertzen bazaizkigu... aratz eta garbi!

Dantzariz osatutako soka bakarra ateratzea hobetsi dugu beraz. Arropa ere aldatu dugu, logikaz, jadanik gure beste dantzetarako —eta zehatzago oraindik, Hiru burguen soka-dantzarako— erabiltzen ohi dugun jantzi zuri-gorria hautatuz. 

Sanjuan bezpera 2019 - 01
Argazkiak: Malkovich

Sanjuan bezpera 2019 - 06

Aldaketak egiten hasita, oraindik pixka bat gehiago tuneatu dugu gure soka-dantza, egitura orokorra mantendu badugu ere. Hasteko, sokari bere zentzu sinboliko osoa itzultzeko nahian, "kanpoko" lagunak gonbidatu ditugu dantzara, ikuskizun baten ikusle izatetik, erritutxo baten parte-hartzaile aktibo izatera pasa eta gure-sokako ere izan daitezen, dantzatzeko unean behintzat. Gero, axeri-dantzako zortzikoan, Nafarroako urratsen taula gimnastiko-koreografikoa deitzen dugun horretako urratsak konbinatzeko askatasuna eman diogu dantzari bakoitzari, norberaren sorkuntza eta inprobisaziorako tartetxoa utziz. Gure ezpata-dantzan eta trokeo-dantzetan erabiltzen dugun deia ere txertatu diegu urratsen bukaerei, gainontzeko dantzekin ere lotura izan dezan soka-dantzak, urratsei dagokionean ere. Azkenik, ingurutxoko habaneran, plaza guztira zabaldu dugu bikoteko dantza askea, bi lerroen eta koreografia jakin baten estuasunetik pixka bat ihes eginda, gero berriz inguru-txikira biltzeko.

Sanjuan bezpera 2019 - 02

Hartara, soka-dantza berritua plazaratu dugu ekainaren 23an. Maria Izal eta Itziar Gonzalez-ek bete dituzte, dizdiraz, aitzin eta gibel-esku lanak. Jantzi zurien erosotasunak dantzari bakoitzari bere doaiak erakusteko aukera eman dio, eta ederki erakutsi ere! Berezia izan da dantzari bakoitzak aukeratutako bikotearekin —ama, bikotea, lehengusua, laguna...— dantzatzeko aukera berria ere eta habaneran, plazako dantzaldian bezainbeste disfrutatu dugu, ondoko bikotearen aldairak ere gozatuz.

Sanjuan bezpera 2019 - 03

Sanjuan bezpera 2019 - 04

Segi genezake txapa ematen, baina Dantzan-eko lagunek, Guillermo Arbeloaren irudietan oinarrituz, soka-dantzaren laburpen ederra egin dute ondoko bideoan eta hobe duzue berau ikustea: 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.