Sanjuan bezperako soka-dantza, batukada erritmoan

2018/07/26
Sanjuan bezperako soka-dantza, batukada erritmoan

Larunbatarekin heldu zaigu aurten ekainaren 23a eta horrek lasaitasuna dakar. Izan ere, larunbatean berean goizean-goiz, eguerdiko eguzki kolpea sahiestearren joan gara lore biltzera Artika aldera. Iruñean ezagun samarra den esaerak dio: La procesión de Artika, dos chicos y una chica, hain baitzen herri txikia —orain urbanizazioa da, baina—. Gu, hiru aldiz Artikako prozesioa aritu gara honako eta halako loreak mozten. Eguzkia gogorrago jotzen hasi denean, gure lokaleko gerizpea bilatu dugu eta han apaindu ditugu koroak, arratsalderako liliak oraindik ere fresko eta eder zirelarik. Bitartean, neskak ileko txirikordak egin dituzte eta beste batzuk iluntzerako xingarra eta txistorra erostera joan dira.

Argazkia: Aritz Ibañez

Bazkaldu eta arrazoizko tenorean geratu gara janzteko. Arrotxapeko zelaira heldu eta hasperen, aurten ez baita hesi itsusirik inguruan. Beste urte batzuetan baino publiko gutxixeagorekin —jendea piszinan egonen ote da?— soka abiatu dute neskek eta borobilean ohiko koplak abestu dituzte: Sanjuan, Sanjuan, nekez etorri bizkor joan... Ondotik txistulariek soinu, eta zubia eta aitzin eta gibel-eskuaren (Itziar Perez eta Irantzu Irigoien) belauntxingoa joan dira.

Eta orduan, hara non, urrunean, danbor batzuk entzuten hasten garen. Eta poliki-poliki zarata hurbiltzen ari dela. Hesiek ez, baina aurten batukada batek itsustu digu soka-dantza. Ea momentutxo batez ixil zitezkeen galdetzera hurreratu da lagun bat eta gainera errespetu gutxirekin jokatu dute Takarikatun izeneko batukadakoek. Ixildu dira halako batean! Pakea!

Axeri-dantza, zortzikoa eta zubi gehiago ere joan dira eta zerbitzariek mutilak sartu dituzte sokara.

Argazkia: Miren Irigoien

Inguru-txikia eta inguru-handia dantzatu eta karrikadantzan atera gara itzalpera. Batekin eta bestearekin solastu, batukadakoak madarikatu,... horiek guztiak eten ditugu taldeko argazkia egiteko.

Ondotik, iluntzean, Antsoainen piztu dugu sua. Julen Fagoaga aritu da sukaldari neka-ezin eta berriz ere koplak abesturik, sutara bota ditugu iazko lore-koro idorrak eta desira-txarrak, eta salto egin dugu suaren gainetik: Sarnafuera, sarnafuera... Gero, goiz samar etxera, biharamunean emanaldia baitugu berriz!!

Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiogu Julen Simoni beste behin ere gurekin akordeoia jotzera eta merendatzera etorri izanagatik!