Dokumentuaren akzioak
Sanferminik berezienak
Sanferminak gorriz borobildutako datak dira iruindar askoren egutegietan, eta gure egutegian ere bai. Aurtengoak, aldiz, gorriz markatuak geratuko dira gure taldearen memorietan. Ez dugu ukatuko noizbait txupinazoa piztu ahal izatearen amets iheskorrik burutik pasa ez zaigunik, baina hortik egia bilakatzera bada tarte bat. Kontua da, ia 4000 iruindarrek hala deliberatuta, 2024ko festei hasiera emateko ohorea izan dugula, gure taldearen 75. urteurrenean.
Iruñea hiri dantzari eta dantzazalea izan da bere historian zehar eta uste dugu, jestu honek agerian uzten duela egun ere hiriak estimu handian duela gure gorpuntz hizkuntza. Azken urteotan gure taldeak egindako lana ere balorean jartzen duela pentsatzera ere ausartzen gara. Euskaldunon gorputz hizkuntzan egiten baitugu gure jarduna, euskaldunon ahozko hizkuntzan eman diegu hasiera Iruñeko bestei.
Taldeko hainbat kide ere Seminario etxeko balkoietako batean zeuden, gertu-gertu eta ospakizuna balkoitik balkoira gertatu da. Gertu-gertu izan ditugu ere Euskal Herri osoko lagunak. Izan ere, hango eta hemengo dantzari-lagunen hamarnaka mezu jaso ditugu. Haien hunkidurak hunkitu gaitu. Udal plazak nola dantzatzen duen ikusi nahi genuen balkoitik eta konklusioa zera da: Iruñeak zoragarri dantzatzen du!
Txupinazoaren inguruko zereginak tarteko, aurten ezin izan dugu Foruen plazako emanaldian parte hartu. Aldiz, otamen eder batekin ospatu dugu sanferminen hasiera. Bertan, taldeko kideez gain, dantzari eta musikari ohiak, lagunak, ezagunak, txupinazorako bozkatu gaituzten pertsonak... elkartu gara eta giro ederrean eman diegu hasiera sanferminei.
Iruñea hiri dantzaria dela esatekotan, hori erakutsi behar da. Hartara, biharamunean, entzierroa bukatu bezain laster, dantzariz beztitzen hasi gara festetako egun handiko ospakizunetan parte hartzeko. Goizeko 9:50etan abiatu da segizioa Udal plazatik eta hasiera-hasieratik konturatu gara, uztailaren 7koa ere egun berezia izanen dela. Jadanik Udaletxetik atera eta iruindarrek haien kariño eta berotasuna erakutsi digute. Aupa dantzariak! Gora Duguna! Zorionak! eta txaloak, txalo zaparradak ibilbide luzeko hainbeste puntutan. Ah ze gozamena! Beste batzuetan puntu goria izan den Kuria karrika osoa ere txalo artean igo eta jaitsi dugu eta liburu zahar baten kapitulua bukatzean, tapakiek egiten dute hotsa entzutea iruditu zaigu. Hala bedi!
Prozesioa —hamaiketako barne— luze da. 5 bat ordu denera. Berriz ere Udal plazara heldu garenean, Trokeo-dantzariz beztitu eta Sanferminetarako atondutako dantzetatik 3 eman ditugu: Xenpelarrena, makil-handiena eta arku-dantza. Eta dorrea ere bai, bistan da! Puntaren puntatik, bezperan zuziria piztu genuen balkoira begira Biba dantzari eta gaiteroak, biba San Fermin, biba Iruñea eta biba zuek! Oihukatu dugu! Eskerrak ez garen bezperako oihuekin tronpatu!
Zazpian ere lagunen ferekak. Oñati, Beasain, Donostia eta Boisetik heldu dira gure andantzak ikustera. Eta nola estimatzen ditugun halako bisitak! Oraindik ere, siesteren ondotik, tarteño bat egin dugu Iruñeko kulturarteko kolektiboek eman nahi izan diguten oroigarria hartzeko. Eguerdiko dantzen ondotik, dantza gehiago! Plazerra izan da —eguzki galdatan bageunden ere— Rosa de Bulgaria taldeko kideekin soka-dantza partekatzea. Ez dadila hari hau eten!
Trinko eta beteak hasi ditugu sanferminak. Uztailaren 8an dantza eskolako ikasleen ezpata-dantza estreinatzeko eguna dugu. Eta bataioa behar bezala egiteko, Kezka-ko dantzari gaztetxoak gonbidatu ditugu gurekin dantzatzera. Haiek Arrateko ezpata-dantza ekarri dute Iruñera eta hartara, gurutzatutako ezpatez bete ditugu alde zaharreko karrikak, ezpata-dantzarien partzuergoari beste korapilo txiki bat erantsiz.
Ezpata-dantza berria karrika-dantza bat da finean. Dantzari gaztetxoak, zaldikoa buru, gora eta behera aritu dira, sigi-sagaka, zubia han, zubia hemen, ikusleak inarrosiz eta maskuriarekin joz. Tarteka, geldiunetan, bi taldetxotan antolaturik ezpata-dantzaren plazako partea egin dute, arrosa muntatu eta zaldikoa goratzeraino. Eibartarrek Arrateko ezpata-dantza osoaren dekonstrukzioa egin dute, geldialdi bakoitzean parte ezberdin bat dantzatuz.
Gerora ere eta heldu diren egunetan izan dugu dantzatzeko aukerarik. Aldapa-burun eta bestelako plazetan. Baina hasiera zorabiagarriaren ondotik, pixkaño bat lasaitu da erritmoa eta ohiko sanferminei egin ahal izan diegu aurre, hango eta hemengo lagunekin gozatu ditugunak. Eskerrak eman nahi dizkiegu erraldoien konpartsari, Iruñeko Udal txistulariei, Tolosako Udal txistulariei eta Sestao, Eibar eta Elgoibarko dantzari-lagunei, momentu batean ala bestean guregana hurbildu baitira haien zorionak eman eta festa gurekin partekatzera. Korapiloz korapilo ehuntzen baita sarea.
Eta begi klixka batean joan zaizkigu aurtengo sanfermin bereziak ere. Dantzariz beztitu garen ondoko aldia uztailaren 14koa izan da, festei akabaila emateko. Udal plazatik San Lorenzo elizarainoko bidea egin dugu hasteko, eta handik gosaria egitera. Indarrak bilduta kontrako bideari ekin diogu, Pamplonesa musika bandaren eta Iruñeko eta Tolosako Udal txistularien doinura.
Udal plazara heldu eta berriz ere lasterka aldatu gara arropaz. Batzuk besteak baino fiteago, izan ere, nesketako seik Dominguera jota dantzatu behar izan baituta kilikiekin batera. Dantzatu eta aire, aldatzera!
Aurtengo sanferminak berezitxoak izanen zirenez, hori ere nolabaitxo markatu nahi izan dugu eta beraz, Pamplonesako lagunei galdetu diegu ea trokeo-dantzak gure gaiteroekin batera joko ote zituzten. Haiek baietz eta hartara, oraino aparteko distiraz jantzi ditugu ezpata-brokelena, makil-handiena eta zinta-dantza.
Zinta-dantzarako ere sorpresa txikia gorde dugu. Aitor Callejak egin digun zinta-makil berria mustu dugu. Makilaren puntan mingrana egin dio eta zintak korapilatzea eta deskorapilatzea lortu dugunean, mingranaren atalak zabaldu dira eta usoa agertu da barnean, hegalak astinduz.
Hegalak astinduz baitoaz sanferminak. Baina oraindik ere, zerumugan haien bista galdu aitzin, azken zeregin bat geratzen zaigu arratsalderako. Hondar urteotan bezala, kultura dibertsitateko elkarteek kalejira egin dute arrastiri aldean eta honen urrentzean, soka-dantza egitea proposatu diegu aurten, azken aldietako aurreskuaren ordez. Begi onez ikusi dute eta hor ere eskuetatik lotuta, uztailaten 7ko omenalditxoa itzuli nahi izan diegu jatorri ezberdinetako iruindarrei.
Hasmenta duen guztiak du bere akabera. Bestei hasiera ematea egokitu bazitzaigun, Gaixoa ni ere partekatu dugu txupinazoa botatzeko gainontzeko hautagaiekin batera: Ortzadar, Fraile anai-arreba gaiteroak, Nafarroako Euskal Pilota Federazioa, María Victoria Esparza, Amudisna eta San Juan de Dios ospitalea.
Sanferminik berezienak bizi eta gozatu ditugu, bizi eta gozatu ditugunez. Letra larriz zizelkatuak geratuko dira gure taldearen oroimenean. Gauza handia izan baita! Heldu den urtean normaltasunera itzuliko gara eta hori ere estimatuko dugu!
Orain bai, gutxiago falta da!!!!
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Duguna - Iruñeko dantzariak
Iruñeko udalak 1949. urtean sortu zuen gure taldea, hiriko antzinako dantza usantzak gogoan, euskaldunon hiri buruzagiko zeremonialetan dantzan aritzeko. Sanson Galante eta Joanes Larraintzarkoaren oinordeko sentitzen dugu gure burua.
Duguna - Iruñeko dantzariak
Maiatzaren 2a karrika, 9 behea
31001 - Iruñea
Tfnoa: +34 657 33 29 44
duguna@duguna.eus
Jasotako azken erantzunak
- Aurtzaka dantza taldea on Auzo bat dantzarako: Igartzako egunean aritu gara ezpata-dantzari
- Kezka dantza taldea on Aurtengo San Juan bezperako soka-dantza, Kezkari esker onez
- Aritz Ibañez Lusarreta on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Oier Araolaza on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Kezka dantza taldea on Aspaldiko partez, Maulen!
- Aritz Ibañez Lusarreta on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Dantzan on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Aritz Ibañez Lusarreta on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Kezka dantza taldea on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Patxi Montero on Eta trokeo dantzak plazaratu genituen! 2017/09/05