Dokumentuaren akzioak
Aurten bai: biba sanfermin!
Iruindarrok hiru urte eman ditugu bederatzi egun hauen zain. Gure dantzari jardunean ere urteko egunik garrantzitzuenak izaten dira sanferminak eta aurten, inoizko gogotsuen hartu ditugu, hori posible bada.
Uztailaren seia baina, goibel iratzarri da eta laster erakutsi digu euri langarrak konplikatua izanen zela Foruen plazako emanaldia aurrera ateratzea. Hala ere, eguerdian Gora Sanfermin! oihukatu eta berehala Lesakako jantziekin beztitu gara 34 dantzari, emanaldiaren arduradunen manua izan baita, azken momentuan eta plazan erabakiko genuela arre ala so! Haraino joan, zipatu eta emanaldia bertan behera. Tumatx! Oraindik ez dugu lortu Lesakako zinten marguldua alkandora zurietatik kentzea.
Uztailaren zazpia bestela iratzarri da, sanferminetako ohiko egun baten gisara, eguzkitsu. Entzierroa bukatu eta udaletxean jarri dugu janzteko hitzordua. Gogoratuko al dugu nola egiten zen hau? Beste 34 dantzari atera ditugu prozesioan, erdiak debutari gazteak. Mikel Garzia buruzagi, Leire Leza banderazain. Prozesioa barrutik bizitzea berezia da eta barnea elikatzen du, modu batez. Energia hori barneratu eta gozatu dugu prozesioak iraun dituen 5 orduetan. Batez ere hamaiketakoaren tenorean! Pilak —eta tripak— ongi kargatuta, Iruñeko eta Tolosako udal txistularien doinura egin dugu itzulerako bidea, dantzan:
Bi erronka ditugu oraindik aurretik: 1- Kuria kaleko usaiazko tentsio-gunea zeharkatzea eta 2- Goiz guztia gora eta behera ibili ondotik, hiru minututan arropak aldatu eta trokeo-dantzak dantzatzea. Lehenengoa gutxi gora behera airoski gaindituta, bigarrenari ekin diogu.
Habaneran dantzatutako makil-txikien dantza, makil-handiena eta arku-dantza dantzaturik, giza dorrea eraiki dugu eta puntaren puntatik Itziar Gonzalezek biba eta gora oihukatu die dantzariei, gaiteroei, Iruñeari, sanferminei eta bertaratutako guztiei. Biba!!
Besten bigarren egunerako, halduen taldeko dantzariok gure lanen 2/3ak eginak ditugu. Ondoko zita, zortziurrenean. Hau da, zortzi egun barru, uztailaren 14an.
Bitartean baina, ez gara geldirik egon. Uztailaren 10ean Duguna eguna ospatu dugu, 120 lagun bildu dituen bazkariarekin. Jan, edan eta dantzan egin dugu, gogotik! Tartean, uztailaren 6an egiterik izan ez ditugun Lesakako dantzen erakustaldi belaunaldi-arteko ederra! Uztailaren 11n, gure txikiak karrika-inguruan atera dira eta hainbat dantza saio labur eman dituzte alde zaharreko beste horrenbeste plazetan. Uztailaren 12an erraldoien eta kilikien konpartsaren bisita jaso dugu eta honakoan guk dantzatu beharrean, haiek dantzatu digute.
Eta tontamentean, besten azken egunera heldu gara. Plana, uztailaren 7koaren antzekoa. Laburragoa, hori bai, eta lehen egunetako grina-poza-irrika azken egunetako nekezia-amaitzekogogo-tristurarekin ordezkaturik. Zortziurreneko segizioa udaletxetik San Lorentzoko kaperara eta buelta izaten da. Tartean, hamaiketakoa. Bertan, La Pamplonesa bandako musikari batzuek Dominguera jotaren bertsio minimal eta ederra oparitu digute, gero udal plazan dantzatu behar izanen dugunaren aperitif gisa.
Jon Benito buruan, Bittori Elizalde gibelean banderari, egin dugu udaletxerunzko bidea eta han, esan bezala, Iruñeko erraldoi eta kilikiekin, Dominguera jota dantzatu dugu —Pamplonesa osoaren doinura, oraingoan—.
Ondotik, arropak fite-fite aldatuta, berriz trokeo-dantzak. Brokel eta ezpaten dantza egin dugu aurrena, makil-handiena ondotik, eta bukatzeko zinta-dantza, sanferminak irudikatuz, azken korapiloa askatzera gindoazela gogoratuz.
Festetako azken korapiloa askatu dugu beraz. Azkena? Ziur? Ez! Oraindik ere, arratsaldean, herrien arteko mazedonian Agurra dantzatu dute Mikel Tristanek eta Itziar Gonzalezkek.
Tira, lasai bukatu ditugu sanferminak, ikusirik horrenbeste denboraren ondoren ez dugula ahaztuta dantza eta besta bateratzea. Horri gaineratzen badiogu, sanfermin hauetan 43 dantzari aritu garela batean eta bestean, lasai ez, asebetetze handiz eman diegu amaiera 2022ko sanferminei!
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Duguna - Iruñeko dantzariak
Iruñeko udalak 1949. urtean sortu zuen gure taldea, hiriko antzinako dantza usantzak gogoan, euskaldunon hiri buruzagiko zeremonialetan dantzan aritzeko. Sanson Galante eta Joanes Larraintzarkoaren oinordeko sentitzen dugu gure burua.
Duguna - Iruñeko dantzariak
Maiatzaren 2a karrika, 9 behea
31001 - Iruñea
Tfnoa: +34 657 33 29 44
duguna@duguna.eus
Jasotako azken erantzunak
- Aurtzaka dantza taldea on Auzo bat dantzarako: Igartzako egunean aritu gara ezpata-dantzari
- Kezka dantza taldea on Aurtengo San Juan bezperako soka-dantza, Kezkari esker onez
- Aritz Ibañez Lusarreta on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Oier Araolaza on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Kezka dantza taldea on Aspaldiko partez, Maulen!
- Aritz Ibañez Lusarreta on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Dantzan on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Aritz Ibañez Lusarreta on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Kezka dantza taldea on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Patxi Montero on Eta trokeo dantzak plazaratu genituen! 2017/09/05