Dokumentuaren akzioak
Sanfermin aldapatsuak (eta ez Aldapakoak)
Aldapa piko baten puntan dago gure alde zaharreko egoitza eta bertaraino egin beharreko bidea bezain maldatsuak izan dira aurtengo gure Sanferminak, dantzari dagokionez. Eta hala izan badira, zergatik ezkutatu! Lanez, emanaldiz eta beraz, urduritasunez betetako asteak izan dira Sanferminen aurrekoak eta enpo eginda iritsi gara bezperaren bezperara. Hartara, festetan lehertu da lehertu beharrekoa!
Uztailaren 6an Foruen plazako ohiko emanaldia Iruñea eta iruñerriko gainontzeko dantza talde guztiekin batera. Gipuzkoako soka-dantza eta Arizkungo dantzak programan. Eskuak elkar emanda atera gara plazara Iruñeko dantza talde guztietako partaideak, gogoan ez genuen argazki indarrez betea eskainiz.
Baina gure arazotxoak pixka bat lehenago piztu dira. Foruen plazara ateratzen hasiak dira soka aitzineko lehen dantzariak eta gu beroketako azken zango altxaldiak egiten ari gara, berehala sokara lotzeko. Azken-azken altxaldian, kasik plazara ateratzekotan garenean, eta beraz, beste irtenbideren bat pentsatzeko denborarik gabe, izterrean ziztada moduko bat sentitu du gure sokako atzesku lanak egin behar zituen Aritzek. Gainontzeko soka-dantzariak trenpu onean aritu badira ere, horrelako ezustekoek beti hedatzen dute halako giro bitxi bat taldera. Julen Fagoagak egin ditu aurresku lanak hasi eta buka, baina xakeko endroke bat eginez, Hasier Morenok bukatu ditu atzeskulariaren egin-beharrekoak.
Zorionez, ustegabeko gehiago ez dugu izan —ez bada gerrikoren bat askatu dela— Arizkungo dantzen partean. Zortzikoa kemenez dantzatu dute gure 2 zortzikoteek. Sagar-dantza, bere kaos eta ordenaren arteko borroka errespetatuz, txukun. Mutil-dantzak irristaldi handiegirik gabe eta gaita, dantza-saioaren amaierak agindu bezala, saltari! Behintzat ahozapore gozoarekin joan gara gure festei hasiera ematera.
Uztailaren 7ko eguna gogorra zaigu berez. Bezperako bestondoa —handiagoa ala txikiagoa—, lo gutxi, beroa, 5 ordu t'erdiko segizio amaigabea, jota bat bestearen atzetik, eta gure kasuan, horren guztiaren ondotik, estres betean arropaz aldatu eta dantzara ateratzea. Eta aurten planeta guztiak lerrokatuko zitzaizkigun. Trokeo-dantzekin plazara atera bezain laster antzeman dugu zerbait bitxi badela, presaka bezala ari garela. Makil-handienean hanka-sartzea egin dugu, zinta-dantza frenetikoa izan da, mirakulua izan da ehundu eta desehuntzea —dantzari talkaren bat tarteko—, baina gure estres maila areagotu baizik ez da egin. Makil-txikiena ongi joan da, ekaitzaren aurreko barealdi perfektuan. Eta joan gara dorrea muntatzera. Hasi da musika, baina berandu hasi gara, presaka eraiki nahi izan dugu, oinarria ezegonkorra dela konturatu gara baina ez dago atzera bueltarik eta gertatu beharrekoa gertatu da: goraino igotzeko eskalatzen ari zen Maria gaixoak, puntaren puntatik atzeraka erorita, kolpe galanta hartu du aldaka eta eskumuturrean, galtzadarrien kontra. Eta beldurtu gara. Medikuak, anbulantzia, jende saldo bat inguruan eta dena grabatzen ari den pitoren bat ere... ezin esan ikuskizuna eman ez dugunik! Ospitaletik esan digute zorionez Mariak ez duela deus izan, baina nahasita joan gara etxera.
Astea pasa da. Kanta, dantza, josta eta ospa aritu gara 8 egunez eta uztailaren 14a heldu da. Eta gure buruari erronka jarri diogu: lasai aterako garela plazara, gozatzera, uztailaren 7ko zapore mingotsa kentzera. Gainera Maria osatu da eta dantzarako dago berriz! Eta dantzara atera aurreko erretolikak eman du bere fruitua, antza, eta zientzia-fikziozko filmetan nola, botoi egokia sakatu bagenu bezala, dena etorri da bere onera. Taldeko gaiteroen doinura eman ditugu makil-txikiena, zinta-dantza eta brokel-dantza istripu handirik gabe, Aldapa pikoan goiti ibili ondotik, gure egoitzaren horizontaltasun goxora iritsi bagina bezala. Eskerrak!
Argazki ederrak utzi dizkigute, nolanahi ere, aurtengo Sanferminek eta hona hemen horietatik batzuk:
Mila esker Ainara Ibañez, Irati Sorbet, Maite irizar, Ander Lukin, Jesus Diges, Miguel Oses, Dani Fernandez eta gainontzeko argazkilariei horrelako oroigarri ederrak uzteagatik!
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Duguna - Iruñeko dantzariak
Iruñeko udalak 1949. urtean sortu zuen gure taldea, hiriko antzinako dantza usantzak gogoan, euskaldunon hiri buruzagiko zeremonialetan dantzan aritzeko. Sanson Galante eta Joanes Larraintzarkoaren oinordeko sentitzen dugu gure burua.
Duguna - Iruñeko dantzariak
Maiatzaren 2a karrika, 9 behea
31001 - Iruñea
Tfnoa: +34 657 33 29 44
duguna@duguna.eus
Jasotako azken erantzunak
- Aurtzaka dantza taldea on Auzo bat dantzarako: Igartzako egunean aritu gara ezpata-dantzari
- Kezka dantza taldea on Aurtengo San Juan bezperako soka-dantza, Kezkari esker onez
- Aritz Ibañez Lusarreta on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Oier Araolaza on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Kezka dantza taldea on Aspaldiko partez, Maulen!
- Aritz Ibañez Lusarreta on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Dantzan on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Aritz Ibañez Lusarreta on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Kezka dantza taldea on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Patxi Montero on Eta trokeo dantzak plazaratu genituen! 2017/09/05