Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Duguna - Iruñeko dantzariak Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza San Migelez

Dokumentuaren akzioak

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza San Migelez

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza San Migelez

Argazkia: Unai Beroiz

Egutegiak halako kapritxoak izaten ditu noizbehinka. Iruñeko Sanfermin txikiak irailaren 25etik gertuen den asteburuan ospatzen dira eta aurten zoriak nahi izan du igandeak irailaren 29arekin, hots, San Migel egunarekin bat egitea. Hartara, esaterako Iurretako, Corteseko edo Xemeingo dantzariak dantzan ari ziren une berean dantzatu gara gu ere. Dantzan ari ginen bitartean, hauspoak ahalbidetu digunean behintzat, pentsamentu polita izan da hori.

Patu horrek berak zeru urdina eta eguzkia ekarri dizkigu beste behin ere. "Baina eguraldia enkargatu egiten duzue, ala?" galdetu digu Egoitzek. Ez pentsa! Gure buruari itaundu izan diogu zerengatik ote den urtero halako txiripa meteorologikoa gozatu ahal izatea. Jarrai beza!

Aurten ez da rave-rik ez gaupaserorik izan Sanfermin Aldapakoaren eliza aitzinean eta lasai egin ahal izan dugu urteroko argazkia.

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza-2019-01
Argazkia: Unai Beroiz

kanpoko ttunttunero lagunak izan ditugu honako honetan ere. Gonbidatu gisa Patxi Larralde, Eki Angevin eta Eduardo Laborra Arizkundarrak aritu dira txistuan eta atabalean. Txistulari kate luze baten oinordeko, aspalditik miresten ditugu arrazoi ezberdinengatik: haien jotzeko maneragatik, doike, dantza-maisu/musikari bikote banaezin baina gero eta ezohikoago horren adibide direlako eta mutil-dantzen eta orohar Baztango dantzen inguruan azken hamarkadetan egin duten mantentze, berreraikitze eta berritze lan mardularengatik. Beraz, gonbidapena guk eginagatik ere ohorea gurea izan da!

11:30ak baino lehenxeago heldu gara Arrotxapeko zubira. Eibartik, Irundik, Andoaindik, Añorgatik, Urepeletik, Biarritzetik, Elgoibartik, Donostiatik... heldu diren lagunak agurtu ditugu. Urterik urte, gero eta jende gehiago hurbiltzen da gure ibilbidearen hasiera honetara. Ez hori bakarrik! Iruñean ezagun dugu erraldoi eta kilikiek eragiten duten sukarra eta tarteka ikusten ditugu europako erregez edo turkiako erreginaz mozorratutako haurrak. Ez zitzaigun gertatua ezagutzen ez dugun haur bat ezpata-dantzariz mozorratua ikustea, aurten arte. Oraindik ez dugu erabaki gauza on edo txarra iruditzen ote zaigun! :P

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza-2019-02
Argazkia: Jesus Caso

Ale, dantzara!

11:30etan punttuan hasita, Patxi Larralde eta Eki Angevinen txorrotxio goxo baina sendoaren doinura dantzatu du Joseba Lorenzok Iruñeko bandera berdea. Eta Argaren uren indarra ezpata-dantzarien buru gainetik barreiatu du ondoko lasterkaldian. Iruñera igotzeko prest gara! Kosterapetik aldapan gora, go!

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza-2019-03
Argazkia: Iñaki Zugasti
 

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza-2019-04
Argazkia: Iñaki Zugasti

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza-2019-05
Argazkia: Unai Beroiz

Santodomingoko aldapara burua agertzean, han ere jendetza! Oraindik ere dantzariak abiatu gabe ginen momentuko Haritz Paskualen txio hau horren erakusgarri:

Jendea tokia hartzen entzierrorako? Ez! Iruñeko Dantzarien zai! Haundia egin duzue @duguna ! pic.twitter.com/TVGDzh5S8G

— Haritz Pascual Garjon (@haritzpg) September 29, 2019

Maialen Etaio, Osel Molinet, Ainara Ranera eta Auritz Garzia ezpata-txikiak taldearen aitzinera pasa eta Sanferminen irudiaren azpian dantzatu dute belauntxingoa, Aritz Ibañez buruzagiarekin batera. Ondotik, aldapan gorako bideari berrekin diogu.

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza-2019-06
Argazkia: Iñaki Zugasti

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza-2019-07
Argazkia: Unai Beroiz

Mañuetako karrikan zubia egin dugu txurro-denda famatuaren aitzinean eta metro batzuk haratago, karrika buruko bihurgune estutik pasa garen lehen aldira aurreratu du buruzagiak Bidadorren zubia. Ezpata-dantzariak batez ere azken lerroetakoak— ezustean harrapatu ditu aldi honetan. Artaldeak ardi batzuk galdu ditu bidean, une batez, baina berehala bat egin dute tropelarekin. Nonahikotasunaren dohainaren jabe dirudien Haritz Paskualek berriz ere harrapatu du une berezi hori. 

Estutasuna Mañueta bukaeran

Zenbat gustatzen zaidan @duguna k #SanFerminTxikito n sortu duen guzti hau pic.twitter.com/abdtN887wH

— Haritz Pascual Garjon (@haritzpg) September 29, 2019

Azken aldaparen igotzearekin pausatu gara. Azkar demonio egin dugu gure ibilbideko lehen tartea eta bero saparik ez den arren, eguzkia poliki-poliki epeltzen ari da Iruñeko goiza. Aurpegi gorrixkak eta izerdi xortak aurpegian behiti! Abegi onez hartu dugu, beraz, egarria asetzeko moskatel tragoxka eta indarra arrabiltzeko piperropil puska. Meza bukatu arteko tartetxo hori goxoa izaten da. Lagunak agurtzeko momentua, solasaldirako unea, hauspoa berreskuratzekoa... baina beti elizaren ateari so, ia noiz irekiko den. 

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza-2019-08
Argazkia: Unai Beroiz

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza-2019-09
Argazkia: Unai Beroiz

Eta ireki da halako batean, eta han ibili da —ibilbide osoan bezala— Izaskun Arriaran boboz jantzita, jendea bazterretara pusatuz eta dantzariendako tokia eginez. Ane Zabala izan da aurten zerbitzari lanak egin dituen dantzari gaztetxoa eta berak eskaini dio piperropila Sanferminen irudiari. Segidan ezpata-txikiak parez-pare jarri zaizkio eta bigarren belauntxingoa dantzatu dute txistulari saldoaren doinura. 

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza-2019-10
Argazkia: Iñaki Zugasti

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza-2019-11
Argazkia: Unai Beroiz

Eta abiatu da segizioa bere Sanfermin, ezpata-dantzari, erraldoi, kiliki, musika banda eta korporazio txikiarekin. Erraldoien eta gure artean sartu den jendetza baztertzen lanak izan ditu Izaskunek, baina bi bobo beharrean bakarra izanik ere, biren lanak burutu ditu berak bakar-bakarrik. Ezpata-dantzari tropelak ez du behin ere horrenbeste tokirik izan aurrera egiteko.

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza-2019-12
Argazkia: Unai Beroiz

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza-2019-13
Argazkia: Unai Beroiz

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza-2019-14
Argazkia: Jesus Caso

Sanfermin Aldapakoaren kaperara heldu, gainotzeko bidaideak agurtu eta udal plazarunzko bideari ekin diogu bakarrik. Eta han berriz ere, jendetza! Baina era berean, bikain zedarritutako dantzarako-plaza, ikusleek haiek atondua. Mila esker!

Ederra izan da plazara sartzea eta ederrak bertako saioak utzitako argazkiak. Kontatutakoa irakurri baino, ikusi!

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza-2019-15
Argazkia: Unai Beroiz

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza-2019-16
Argazkia: Xantiana Etxebest

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza-2019-17
Argazkia: Xantiana Etxebest

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza-2019-18
Argazkia: Xantiana Etxebest

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza-2019-19
Argazkia: Xantiana Etxebest

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza-2019-20
Argazkia: Xantiana Etxebest

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza-2019-21
Argazkia: Jesus Caso

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza-2019-22
Argazkia: Unai Beroiz

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza-2019-23
Argazkia: Unai Beroiz

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza-2019-24
Argazkia: Unai Beroiz

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza-2019-25
Argazkia: Unai Beroiz

Udal plazako lanak bukatu eta Mercaderes karrikatik hartu dugu etxerako bidea. Oraindik ere beste zubi bat egin du ezpata-dantzari taldeak Bidador sendiaren jaki-denda zen bihurgune estuan eta hortik, bukatzeko grinak ematen duen azken indar pindar horrekin, kasik jauzika igo dugu jauregiko aldapa. Beste urte batez helburua bete izana ospatzeko, besarkadak eta muxuak!

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza-2019-26
Argazkia: Unai Beroiz

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza-2019-27
Argazkia: Unai Beroiz

Et, et, et... baina oraindik ez da fini! Ane Zabala gaztetxoak ez ditu deusendako eman azken hilabeteak belauntxingoa errepikatuz eta errepikatuz. Gure egoitzaren atea tokiz aldatu dugu eta baita, beraz, buruzagiaren eta zerbitzariaren arteko zortzikoa dantzatzeko plazatxo inprobisatua ere. Askoz hobe orain, itzalpean! Anek erakutsi du bere entsaio orduen fruitua, zangoa airera altxatuz eta bere adinari dagozkion murixka-gehiagotu lotsati —baina muriska-gehiagotu, finean— batzuk eginez, bere aurretik kargu hori bera bete izan duten Bittori Elizalde eta Inhar Torres-en begiradapean. 

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza-2019-28
Argazkia: Unai Beroiz

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza-2019-29
Argazkia: Unai Beroiz

Elkarri-esku emanda, sokari korapiloa. Dantzan eta kantuan, Argaren uren indarrez eta urteen jakitez, egin dugu azken soka-dantza. Gaitzetatik, minetatik libratzeagatik esker handi askoa, behar bezalakoa, eman diogu Sanfermin Aldapakoari. 

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza-2019-30
Argazkia: Iñaki Zugasti

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza-2019-31
Argazkia: Iñaki Zugasti

Ion lagunak esan digu soka-dantzaren momentua ez zuela oraindik ezagutzen baina borobila iruditu zaiola unetxo hori ere. Heldu den urtean gurekin izanen dela dantzan eta kantuan, kaleak bizi baikatu gu. Eta ah zer pozgarria den horrelakoak entzutea! Iruñeko jendeak, gertuxeagokoak baina urrunxeagokoak ere, horren esku zabal hartu izana gure proposamen hau. Hiritik hiriarendako egindakoa. Kilometro zerokoa. Ekoizlearengandik kontsumitzailearengana zuzen-zuzenean emana. Errituen eta funtzioen birziklaketan oinarritua. Erabat bio eta eko! Eta denboran irauteko borondate burugogorra duena!

Probatu nahi?

Heldu den urtean berriz... ♫ ♩ ♬

 

  • Unai Beroiz, Iñaki Zugasti, Xantiana Etxebest eta Jesús Caso-ren argazkiekin osatutako sorta ederra ikusgai duzue hementxe:

2019-09-29 Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza

 

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.