Dokumentuaren akzioak
Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2018

Asteburu betea izan da 2018ko Sanfermin txikikoa. Larunbatean Tarragonako Santa Teklaren omenezko festetan dantzatzen aritu gara. Gauez egin dugu bueltako bidaia, nahi baino atseden gutxiago hartuz, baina goizeko 9:30etan denak ginen Duguna-zelaiko plazan txintxo-txintxo, egunari hasmenta emateko prest..
Aurtengoa istriputxoen edizioa izan da. Janzten ari ginen bitartean Martxelok zauria egin du oin-zolan kristal errari batekin. Espartina lotzeko soka ezezik, alpargataren zola ere gorriz tintatu zaio zortaka-xortaka. Talde osoa jantzi garenean, corazonisten aitzineko plazara hurbildu gara ohiko argazkia hartzera baina azken gaupaseroak oraindik han ziren iji, aja eta ujujuka, eta zolua bordel bat eginda. Ezpata hartu baino lehenago, erratza hartu dugu.
Talde argazkia eginda, Arrotxapearuntz abiatu gara maldan beheiti. Han lagun asko zain eta solasalditxorako tartea, baina berehala gure tokia hartu behar izan dugu, tenorea heldu baita!
11:30etan ttanko, Sanzerningo kanpai-hotsarekin bat, atera da Joseba Lorenzo Arrotxapeko zubi erdira. Iruñeko bandera xuxurlarazi du goxoki, zubiaren alde banatan pilatutako jende saldoaren ixiltasuna etenez. Ondotik, oihal berdearen azpitik pasarazi ditu dantzari guztiak. Prest gara Iruñera igotzeko!
Arga ondoko erripa ospelean gora ♪♫ heldu gara Sanferminen hornazina parera. Han Leire Leza, Julen Fagoaga, Hasier Moreno eta Ainara Ranera ezpata-txikiek eman dute belauntxingoa, lehiatik bai, baina besarkadetik ere baduena.
Gose eta egarri, Aldapako kaperaruntz azkartu dugu urratsa. Han moskatela eta piper-opilak ditugu zain. Txistulariek ere eskertu dute pausa. Beti dantzarien zapasaltoaren gibeletik, haien lana goraipatu nahi izan dugu honako aldian, fokoaren erdigunera ekarriz, beste ttunttunerorik gonbidatu gabe. Oso gustura dantzatzen dugu gure txistularien doinura eta oso harro gaude haietaz! 😘
Inhar Torres zerbitzariak eskaintza egin dio Sanferminen irudiari, babestuko gaituelakoan edo. Ezpata-txikiek ere dantzatu diote belauntxingoa. Baina ez digu askorik balio izan, ezta hurrik eman ere! Goraxeago aipatu dugu istriputxoen ezpata-dantza izan dela aldi honetakoa. Mañueta karrikako ezpata gurutze batean gertatu da karanbola berria: ezpata bat beste dantzari baten alkandoraren maukan trabatu da. Ezpataren jabeak tira egin du ezpata aska dadin, baina indarraren indarrez ez du mugimendua kontrolatzerik izan eta ezpata-ukaldia jaso du sudurrean handik pasatzen zen Osel boboa. Berriz ere odol xirripa, oraingoan Oselen sudurrean beheiti. Mañuetako txurrerian artatu dute —tirita batekin, lasai— eta ziztuan bat egin du taldearekin berriz.
Hortik aurrera, ohikotik kanpoko deus (gutxi). Prozesioa amaitu eta udal plazara abiatu gara. Han ere jende saldo ederra ezpata-dantza ikusteko. Denda bateko alarma joka hasi da eta ez digu txorien txorrotxiorik entzuterik utzi. Ezpata-txikiak fin aritu dira, esan beharrik ez da. Gure egoitzarako bidea hartu dugu udal plaza gibelean utzita. Mañueta karrikako bihurgunean 'Bidadorren zubia' eginarazi digu buruzagiak, ezpata korapilo bikaina sorraraziz, beste behin ere. Desertoreak taldera biltzearekin igo dugu azken aldapa, lagunen txalo artean. Zer ederra!
Inhar-ek eta Aritz Ibañezek zerbitzariaren eta buruzagiaren arteko belauntxingoa dantzatu dute eta soka-dantzarekin eman diogu akabera gure erritual maiteari. Irudi eder mordoa utzi dizkigu egunak eta erabaki dugu kronologia alde batera utzita, horietarik berezienak erakustea jarraian:
Indarrak xahutu dituzte dantzarietako batzuek asteburuan, ederki irabazi dute ba, bazkaria. Horren ondotik, aktaren irakurketa egin du Julen Fagoagak eta 10 urtez ezpata-dantzan parte hartu izan duten txistulari eta dantzariei domina zilarrezko domina berezia eman diegu, okasioak merezi baitu. Beti aitzina!
Tarragonatik ekarritako Chartreuse botila hustu dugu, topaka eta gero bakoitzak uste izan duenerarte luzatu du ospakizuna.
Hurrengo urtean berriz...
- Pablo Lasaosa eta Iñaki Zugastik hartutako argazki sorta ederra, hementxe ikusgai:
Dokumentuaren akzioak
Erantzun

Duguna - Iruñeko dantzariak
Iruñeko udalak 1949. urtean sortu zuen gure taldea, hiriko antzinako dantza usantzak gogoan, euskaldunon hiri buruzagiko zeremonialetan dantzan aritzeko. Sanson Galante eta Joanes Larraintzarkoaren oinordeko sentitzen dugu gure burua.
Duguna - Iruñeko dantzariak
Maiatzaren 2a karrika, 9 behea
31001 - Iruñea
Tfnoa: +34 657 33 29 44
duguna@duguna.eus
Jasotako azken erantzunak
- Patxi Montero on Eta trokeo dantzak plazaratu genituen! 2017/09/05
- Elai Alai Kultur Elkartea on Dantza propioak izanen dituzte Iruñeko Sanferminek aurtendik goiti 2017/06/27
- Aritz Ibañez Lusarreta on Hara, Olentzero!!!! 2014/12/24
- Fernando Oiartzun on Hara, Olentzero!!!! 2014/12/24
- Iker Tubia Barberia on Iruñeko dantzarion agenda Sanferminetarako 2016/07/05
- Jesus Romo Uriarte on ...ozenki esan dezagun, eskerrik asko Bidador!! (Barañain, Gotaine eta Bilbo: kronika hirukoitza) 2016/04/29
- Patxi Montero on Soka-dantza, euskararen eguna ospatzeko 2015/10/27
- Aritz Ibañez Lusarreta on Joxemiel Bidadorren omenezko pastorala prestatzen ari gara Iruñean, urrirako 2015/05/07
- Xabier Etxabe on Joxemiel Bidadorren omenezko pastorala prestatzen ari gara Iruñean, urrirako 2015/05/07
- Iñaki Zugasti on Miarritzeko San Martinen ezpata-dantza 2014: Ezpata esku batean ta gure geroa bestean 2015/05/04