Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Duguna - Iruñeko dantzariak Udazkena da bedatsa: 2017ko Sanfermin aldapakoaren ezpata-dantzaren kronika

Dokumentuaren akzioak

Udazkena da bedatsa: 2017ko Sanfermin aldapakoaren ezpata-dantzaren kronika

Udazkena da bedatsa: 2017ko Sanfermin aldapakoaren ezpata-dantzaren kronika

Argazkia: Luis Ardanaz

Maldan behera urratsa
betiko bidean latsa.
Hodei ilunak gaua belzten du
udazkena da ez bedatsa.  (Joseba Sarrionandia, Sorterriko koplak)

Nor ote gara gu Sarriri kontra egiteko? Baina...

Maldan gorako urratsari ekiten diogunean, harrigarriki bidea goxatu egiten zaigu, zeru urdinean hodeien arrastoa ostentzen eta udazkena bedats bihurtzen. Xantzaren-xantzaz, irailaren azken asteburuan aroa lagun izan dugu oraindaino Hori ez da piperropilekin ordaintzen ahal!—. Aurten ere, eguzkiak kuku egin digu ezpata-dantzaren egunean, gure jantzi xuriak areago xurituz, gure kasketako liliak koloreztatuz eta gure mirail eta urrezko apaingarriak distiraraziz. Gure dantza ederra benetan araoa dela sinetsi beharko dugu azkenerako.

Zer gerta ere, konjuroa berritu dugu Argaren uren gainean gure banderaren berdea dantzatuz, eta ondotik, bandera bera dantzarien buruen gainetik kulunkatuz.

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2017-01
Joseba Lorenzo bandera kulunkatuz Garaikoetxea-Salinastarren doinura. Argazkia: Iñaki Zugasti

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2017-02
Banderapetik lasterka, garbi eta aratz. Argazkia: Iñaki Zugasti

Eta ekin diogu kantuak dioen bezala Arga ondoko erripan gora, hiria hartzera. Aitzinean, buruzagia eta zerbitzaria. Tartean ezpata-dantzarien tropela. Gibelean, ezpata-txikiak eta banderaria eta gibelerago, ttunttuneroak. Inguruan boboak (Edurne Irigoien estrenaitu delarik zeregin honetan).

Bi zerbitzari suerte ezagutu ditugu hondar urteotan gure ezpata-dantzan. Zenbaitzuk gehienak, gure erritualaren zentzua dastatu eta gure artean jarraitzen dute, dantzari eder bilakatzeraino. Beste batzuk, aitzitik, bateko eta besteko arrazoiengatik, bidean geratu dira. Bittori Elizalde, aurtengo zerbitzaria, lehen mota horretakoa izanen dela ez dugu dilindarik egiten. Iturendarra baita, joareak ez, baina kriskitinak behar bezala astindu ditu taldearen buruan, goxoki eta fierki, bera den bezala. Ez dira dantzari gaztetxo batendako ezaugarri eskasak eta plazer hartuko dugu bere hazkuntzari erreparatuz.

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2017 - 04
Bittori Elizalde, Sanferminen irudiari piperropila eskaintzen. Argazkia: Iñaki Zugasti

Ezpata-txikietan hiruk eskarmentua zuten jadanik Marta Zugastik, Itziar Perezek eta Mikel Tristanek baina besteak Auritz Garziak lehenbizikoz mustu du zintzarridun paparreko gorria. Zarata eta espantorik gabe, ixil-ixilka, errepika gelako gibeleko aldetik xinaurri-lanean, bereganatu du kargua. Eta dantzari fina dugu Auritz, fin hitzaren zernahi adieran: mehe, baina zorrotz, langile, egoki, trebe, zintzoa... Eguzkiak sendoen noiz distira eginen, poliki bere hostoak irekitzen ari den eki-lorea.

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2017 - 03
Ezpata-txikiak, zorrotz. Argazkia: Iñaki Zugasti

Eta ttunttunero samalda galanta izan dugu bide-lagun honako honetan. Taldeko ohiko txistulari saldoari emendatu zaizkio Garaikoetxea-Salinas familiako kideak: Mintxo, Jose txistuan eta Patxi Garaikoetxea eta Mertxe Salinas atabalean. Gertu-gertukoa sentitzen dugu iruindar txistulari sendi hori, arrazoi ezberdinengatik. Batetik, Javier Garaikoetxea Urriza, Iruñeko dantzarion aitzindarietakoa, aurtengo ilbeltzean utzi gaitu 87 urtetan. Berari, Sagrariori eta haien haurrak gure herri-ohituretan zaletzeko ahaleginari gorazaharre egin nahi izan diegu. Baina bestetik, kalean bizi nahi dugu eta kaleak bizi gaitu gu dio Julio Soto bertsolariak gure soka-dantzari jarritako koplak, eta hain zuzen, kaleko gure txistu eta atabal-maisuak izan dira Mintxo, Jose, Patxi eta Marian, Sanferminetako erraldoi goizetan edo prozesio egunetan, besteak beste. Begirune, miresmen eta esker on handiz ematen diegu ongietorria gurera! (Mintxori, bigarrenekoz)

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2017 - 05
Txistulari alardea, abantzu! Argazkia: Iñaki Zugasti

Sanfermin Aldapakoaren egunez ezpata-dantza karrikara ateratzen dugun 9. aldia dugu hau. Eta esan genezake, harrokerian erori nahi izan gabe, gure dantza hau bere xokotxoa egiten ari dela Iruñeko besta txikien egitarauan. Baita kanpoan ere! Bitxikeria gisa, baina idatziz jasota gera dadin, The Daily Telegraph berripaper britainiar entzutetsuan gure erretratu batek jantzi zuen 'eguneko argazkia' atala, iazko irailean. To eta no! Penintsulako Britainian ere izan dute gure berri. Izan ere, aurtengo udan Konk Kerne hirian aritu baikara dantzan, bertako hiri gotortuan, gure ezpata-dantza erakutsiz. 

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2017-07
Ezpata-dantzariak zubipetik igaraiten. Argazkia: Iñaki Zugasti

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2017-08
Xuri, gorri eta urdin. Argazkia: Iñaki Zugasti

Usaiakoari eutsi diogu aurten ere. Santodomingoko aldapan belauntxingoa dantzatu dugu, karrikirien aiurriz. Sanfermin Aldapakoaren kaperan piperropila eta ardo-goxoa dastatu ditugu ikusleen osagarriari eta beste belauntxingo bat dantzatu dugu mairuaren aitzinean. Segizioari segi eta Herriko-etxearen plazan bandera dantzatu, arrosa eraiki eta beste belauntxingoa eman dugu. Gure egoitzaren parean buruzagi eta zerbitzariaren belauntxingoa eta soka-dantza egin ditugu, azkenik.

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2017-09
Buruzagia goratzeko prest. Argazkia: Luis Ardanaz

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2017-10
Zangoak goiti! Argazkia: Iñaki Zugasti

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2017-11
Rondalla ederraren doinura eman genuen soka-dantza. Argazkia: Luis Ardanaz

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2017-12
Elkarri esku emanda, iturri zaharretik edanda. Argazkia: Luis Ardanaz

Soilik bi gauzatxok deitu digute arreta ohikotasunetik haratago.

Nehoiz ere bizi izan ez den Sanferminen martirioa oroitzen omen da Iruñean, iraileko besta txikietan, kondairaren erabera. Nabalarekin zintzurra urratuta odolustu omen zuten Fermin gixajoa. Eta abantzu errepikatu du Itziar Perezek lepogabetzea. Santodomingoko hornazinaren parean makurtua zen argazkilarietako bati ezpatetako bat jaurti ez dio ba! Eskerrak bere punteriaren eskasari!

Gure taldean badira txistua jotzen dakiten hainbat dantzari eta dantzan dakiten zenbait txistulari ere. Marka da gero, beraz, Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantzan dantzari eta txistulari gisa ari izan den lehenengoa, Baigorriko semea izatea: Ibai Indart. Julen Leuza izan zen errekorra ontzeko atakan —lo geratu zen, baina— non eta Baigorriko Nafarroaren egunean. Sinkronizidadearen apetak!

Honaino 2017. urte honetako Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantzari dagozkionak, beraz. Gera bedi gorderik betiko gertatutakoaren testigantza hau. Eta gera bedi, orobat, adierazita, heldu den urteko irailean ere dantzara biltzeko gure borondate irmoa.

Hurrengo urtean berriz...

  • Iñaki Zugasti eta Luis Ardanazek hartutako argazki zoragarrien sorta mardulago bat, hemen ikusgai:

2017-09-23 Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.