Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Duguna - Iruñeko dantzariak Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2016: kronika

Dokumentuaren akzioak

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2016: kronika

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2016: kronika

2016ko Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantzariak (Argazkia: Iñaki Zugasti)

Sanfermin Aldapakoaren igandez, aurten irailaren 25arekin.

Udako azken hondarrak heltzearekin hasten dira Takonerako arbolen hostoak gorritzen, Ezkaba aldetiko ipar-haizea freskatzen, hiri buruzagiko arratsak iluntzen... Alta, goibeldu baino, alaitu egiten zaigu bihotza Iruñeko dantzari eta ttunttunerooi gure egun handiaren urrina dastatzen hastearekin bakarrik. Udazkenak bere indarra inposatuko zuela iragarria zuten meteorologoek baina gure jardunak ez du txamanetik gutxi. Gure zangoek lurra jotzean kriskitinek ateratzen duten hotsak agian, Sanfermin mairuari eskaintzen diogun piper-opilak ausaz, edo gure irradakaren hitzek beharbada... ez dakigu zerk, baina zerbaitek urrundu egiten ditu hodei beltzak eta orzantza gure egun berezian. Lehenengo 8 urte hauetan bai behintzat.

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2016 - 01
Joseba Lorenzo bandera dantzatzen (Argazkia Iñaki Zugasti)

K160925_Aldapako_San_Fermin_IMG_2197_IZ.JPG
(Argazkia: Iñaki Zugasti)

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2016 - 03
(Argazkia: Iñaki Zugasti)

Izan ere, zortzigarren urtez dantzatu dugu Iruñeko banderaren berdea Argaren korrontearen gainean, zortzigarrenez ziztuan igo Santodomingoko aldapa -hala ere, ziztuanago egin du Angel Aranak Arrotxapeko lokaletik alde zaharrerako bidea, ahantzia genuen buruzagi makilaren bila-, zortzigarrenez erakutsi gure kapitainen dohaiak, zortzigarrenez barreiatu gure buru gaineko mirailen eta lilien distira Iruñeko karrika zaharretan barna -Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantzari ohe ezinago goxoarena egiten dioten Iruñeko karrika zaharretan barna-. Azken urtean Donostian, Baigorrin edo Eibarren ere ikusi ahal izan dute gure ezpata egurrezkoek buruzagiaren lepo inguruan ehundutako arrosa. Baina inon ez -eta barka gaitzatela-  Iruñeko udal plazan bezain eder.

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2016 - 08
(Argazkia: Iñaki Zugasti)

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2016 - 09
(Argazkia: Iñaki Zugasti)

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2016 - 10
(Argazkia: Iñaki Zugasti)

Arga zaharraren urak beti berri direnez gero, gure ezpata-dantza betierekoak berritasunak izan ditu aurtengoan ere:

Saioa Seminario neskatikoak egin ditu zerbitzari lanak. Bere zeru koloreko begiek begirada gardena ematen diote Saioari. Bere dantzakeratxoa bezain gardena. Eta begiradarekin zein bere dantzatzeko manerarekin argitu gaitu Saioak. Espantorik gabe, bere neurrian, xuxen, ezin txukunago!

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2016 - 04
(Argazkia: Iñaki Zugasti)

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2016-17
Saioa Seminario Sanferminen irudiari piperropila eskaintzen (Argazkia: Iñaki Zugasti)

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2016-15
(Argazkia: Iñaki Zugasti)

Kapitain lanetan Akier Perkaz, Ainara Ranera, Itziar Perez eta Marta Zugasti aritu dira, azken biak lehenbizikoz. Akier dantzari umoa eta errekaitza da. Tropelean egonik ere kapitain litzateke, baina gaur, kapitain ber bi. Ainara berriz, dantzari nekaezin eta bipila, dantzari adoretsuak generoarekin zerikusirik ez duen erakusgarri. Itziar eta Marta bezala. Bata eztenaren zorrotza bestea urmaelaren patsada. Dohain ia antagonikoak eta halaz ere, biak postuaren merezidun!

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2016 - 07
Akier Perkaz, Itziar Perez, Ainara Ranera eta Marta Zugasti kapitainak (Argazkia: Iñaki Zugasti)

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2016-12
(Argazkia: Iñaki Zugasti)

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2016-16
(Argazkia: Iñaki Zugasti)

Zuberoa aldetik heldu zaigu aurten, berriz, gure soinularien gonbidatua: Mixel Etxekopar. Copain mauletarraren ikasle, azken 4 hamarkadetako zuberotar txülülari ia guztien maisu. Xirula ezpain artean pausatzen duelarik bortuko arranoaren hegaldi dotorearen xuxurla aditzen dugu. Ez luke gauza txikia behar betoizko hiri honetan bizi garenondako. Azken errepikari ere, zeremonia sakratuaren giroa eman zion txistu eta ttuntunarekin, dantzarioi oilo-ipurdia jartzeraino. Bere ekarpena izanen da heldu den urtean ttunttunarekin ateratzen bagara gu ere! Eskerrik hanitx horrendako ere, Mixel!

Mixel Etxekopar eta gure ttunttuneroak (Argazkia: Eduardo Buxenx)
Mixel Etxekopar eta gure ttunttuneroak (Argazkia: Eduardo Buxenx)

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2016-11
(Argazkia: Iñaki Zugasti)

Dantzari berriak heldu dira eta beteranoak tantaka badoaz. Bi hartuko ditugu adibide: Ainhoa Urmeneta 15 urteko ezpata-dantzari fierra, lehen aldiz jantzi duena loradun kaska eta Javier Urtasun 67 urteko ezpata-dantzari eredugarria, kaska bera eranztea erabaki duena. Berdin harrotzen gaituzte batak ala besteak.

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2016-15
Sanfermin Aldapakoaren kaperatik (Argazkia: Arantza Uriguen)

Aurtengo ibilbidea gozamena izan da. Eguraldiak erakutsi digun begiruneaz gain, udaltzainek lan txukuna egin dute trafikoa geldituz eta jendea goxoki baztertuz. Julen Fagoaga eta Itxaso Martinez boboek ere xarmanki bete dute haien egitekoa, tropelari toki eginez beti. Udal plazara heltzean trabarik egiten zuen terrazarik ez eta plazan beharrezkoa dugun hutsunea, zabal-zabala. Antzematen da beste sentsibilitate bat duela egungo udalak. Bide horretan, azpimarratzekoa hainbat zinegotzi (Aritz Romeo, Maider Beloki, Patri Perales, Joxe Abaurrea, Javier Cabases, Esther Cremaes eta Ana Lezcano) eta Joseba Asiron alkatea bera izan direla ikusle lepo betea zen udal plazan. Oraindik distira handiagoa izan du ezpata-dantzak gisa horretan eta eskertu nahi dugu haien gestoa.

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2016-14
(Argazkia: Iñaki Zugasti)

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2016-13
Udal plaza ikuslez lepo, tartean udalaren ordezkariak (Argazkia: Iñaki Zugasti)

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2016-18
(Argazkia: Iñaki Zugasti)

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2016-17
(Argazkia: Iñaki Zugasti)

Handik eta hemendik heldu zaizkigun beste lagunena ere eskertu nahi dugun bezala. Kale bazterretan ikusi ditugu Eibarko, Irungo, Beasaingo, Elgetako, Alozeko, Gotaineko, Baigorriko, Zangozako, Mauleko, Donostiko, Andoaingo, Onizepeko, Azkaingo... lagunak, hondarrean sokara lotu zaizkigunak - aurten lapsusik gabea-. Mahaiaren bueltan ere lagun izan ditugu horietako zenbait: Juan Antonio Urbeltz, Xabier Urbeltz, Iñaki Arregi, Jexux Larrea, Fernando Aristizabal, Ane Albisu, Mertxe Ibañez, Iñaki Zugasti, Arantza Uriguen eta Enrike Izagirre. Biziki laketgarria da zuen babesa.

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2016-18
Finitzeko, lagunen arteko irradaka (Argazkia: Iñaki Zugasti)

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2016-16
Beti aitzina! (Argazkia: Iñaki Zugasti)

Gure esker on hauekin, gera dadila hemen izkiribaturik eta beraz mendeen mendetarako gorderik, Iruñeko dantzariek Xiberoko txülülari ospetsuenetarik baten doinura dantzatu zuteneko testigantza. Eta gera dadila, halaber, aditzera emana, heldu den urteko buruilan ere dantzara biltzeko gure borondate irmoa.

Heldu den urtean berriz...

* Iñaki Zugasti eta Arantza Uriguen-ek hartutako argazki zoragarrien sorta mardulago bat, hemen ikusgai:

Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantza 2016

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.