Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Duguna - Iruñeko dantzariak Dantzak bai, troketak ere bai! 2019ko Sanferminen kronika

Dokumentuaren akzioak

Dantzak bai, troketak ere bai! 2019ko Sanferminen kronika

2019/08/27 11:15
Dantzak bai, troketak ere bai! 2019ko Sanferminen kronika

Argazkia: Pablo Lasaosa

Sanferminetan lan zerbait izaten dugu normalki. Uztailaren 6an, 7an eta 14ean dantzatzea egokitzen ohi zaigu, festa egunen %33an, beraz. Guretako aski izaten da. Baina aurtengoa berezia izan da eta ohiz kanpoko beste bi emanaldi izan ditugu uztailaren 9an eta... 14 arratsaldean!!! Tope!!! Sanferminetan zehar —ez baikenuen aski lan antolatu ditugun beste hainbat ekitaldirekin batera. Horien berri emanen dizuegu jarraian.

Uztailaren 6an Foruen plazako emanaldia, Iruñea eta Iruñerriko gainontzeko dantza taldeekin batera. Urteetako inertziatik ateratzen asmatzen ez dugun emanaldia eta hartara, urteetako inertziaren inertziaz, bertan izan gara aurten ere. Xemeingo ezpata-dantza dantzatu dugu, Kezkako lagunek utzi dizkiguten jantzi-osagarriei esker (😘), dotore demonio! Maria Izalek egin du, gazte izanagatik ere, maisu-zaharrarena eta Ainara Ranera, Itziar Perez, Maialen Etaio eta Auritz Garziak ezpata-txikiena. Dantzatu ondotik hasi dira gure sanferminak!

Sanferminak 2019_01
Argazkia: Iñaki Tristan

Sanferminak 2019_02

Uztailaren 7an prozesioa izan dugu Herriko-etxeko maizter berriekin. 4 orduko paseo luzearen ondotik, trokeo dantzak eman ditugu udal plazan, iaz trabatuta geratu zitzaigun arantza libratzeko helburuz. Bai lortu ere! Gogo bereziz entsaiatu ditugu trokeo-dantzak azken hilabeteotan sanferminetara punturik onentsuenean heltzeko intentzioarekin eta kanpotik esan digutenagatik igerri egin da. Makil-txikiena (Betroiarena), Makil-luzeena (Iruñeko ferietan) eta Zinta-dantza (Pinpirin eta florian) eman ditugu. Dorrea ere egin dugu, urduri baina kemenez, eta oraingoan bai, Mariak hautsi du madarikazioa! Biba dantzari eta gaiteroak!! Biba zuek!! Gustura egin dugu siesta egun horretan.

Sanferminak 2019_03
Argazkia: Ander Lukin

Sanferminak 2019_04

Baina dena ez da dantza izanen! Edo ez behintzat beti txuriz jantzita. Tira, txuriz jantzita bai baina ez dantzariz! Horregatik, sanferminetan euskarari beste plazatxo bat emateko gogoz, eta gure ingurukoen —eta ez horren ingurukoen— elkargune izateko asmoz, bestelako ekitaldi batzuk ere antolatu ditugu aurten Dugunazelain. Horien artean lehena, Ibilbedi taldearen kontzertua, ezin goxoago egin zaiguna, marianito eta troketez lagundurik! (Gure trokeo-dantzen omenez, horrela bataiatu ditugu gure txuleta kroketa bereziak). Pentsa, euri langarrak ere itxoin du kontzertua noiz bukatuko!

Sanferminak 2019_05
Ibilbedi taldearen kontzertua gozatzen. Argazkia: Aritz Ibañez

Uztailaren 9an berriz jantzi ditugu dantzari jantziak. Arratsaldean emanaldia izan dugu Sarasate pasealekuan. Bizkaiko hainbat dantza eman ditugu: Xemeingo ezpata-dantza —bai, berriz ere!— Durangaldeko dantzari-dantzako ziklo guztia eta soka-dantza. 4 egunen buruan 3. emanaldia eta ikustekoa izan da zeinen ongi erantzun dioten dantzari zein txistulariek erronkari, poliki-poliki lepo bete den plazaren aitzinean. Emanaldia ilustratzeko, oraingoan bideotxo bat. Banangoa:

Biharamunean Dugunako dantzari heldu eta gazteon ohiko bazkaria izan dugu eta Dj Bull-ek alaitu digu bazkalburukoa. Hor ere dantzarik ez da falta izan!

Uztailaren 11ean ere Dugunazelain hitzordua. Amaren Alabak taldeko kantariak izan ditugu gurean aperitifa gozatzen. Marianito eta troketa gehiago, otoi! Munduko txaranga guztiek plaza zeharkatu badute ere, nork garaituko ditu xiberotarsa hauek? Lehenik haien emanaldia egin dute, ohi dutenez, fin eta goxo eta gero dantzarako hainbat kantu abestu dituzte: branleak, jauziak, fandango eta arin-arinak... Plaza gainekoa aski ez, eta ostatu barruan ere kantuan aritu gara plazerraren plazerrez!

Sanferminak 2019_06
Amaren alabak Dugunazelain. Argazkia: Aritz Ibañez

Sanferminak 2019_07

Ez bagenuen aski jan, edan eta dantzatu, Pantzaldi/dantzaldia antolatu dugu uztailaren 12rako. Bazkari irekia, hango eta hemengo lagunekin: Zaldikokoak, Karrikirikoak, Biltokikoak, Kezkakoak, Seasakakoak... eta Iñaki Domingezek eskuzabalki prestatutako bazkari goxoa jan ondotik, dantzaldi ederra egin dugu Dugunazelain, taldeko musikariek girotua. Gozatua!

Sanferminak 2019_08
Argazkia: Oier Araolaza

Txikien eguneko emanaldia, jauzien jaia, Dj Bull-en beste emanaldi bat, erraldoien eta kilikien konpartsaren bisita... ezin denak aipatu!

Uztailaren 14a heldu da eta orain dugu ene maitia partitzeko tenoria ♪♫... Ez lehenago eguneko obligazioak konplitu gabe. Zortziurreneko segizioan paseatu gara eta ondotik, mukuru beterik zen udal plazaren erdian dantzatu ditugu dantzatu beharrekoak: Domingera jota, kiliki eta erraldoiekin batera, eta Trokeo-dantzak: Makil-luzeena, brokelena eta arku-dantza. 

Sanferminak 2019_09
Argazkia: Maite Irizar

Sanferminak 2019_10
Argazkia: Ander Lukin

Sanferminak 2019_11
Argazkia: Iruñeko udala

Azken danbor kolpearekin sanferminetako lanak bukatu ditugula pentsa bagenezake ere... ez ba! Kulturen arteko kalejira antolatu izan du EH11 Kolore elkarteak Iruñeko udalarekin batera festetako azken egunean, arratsaldez. Ekitaldia berez interesgarria, koloretsua eta ederra izan zitekeen, burua hautsi digun gure atzeko batukada eta karrika-inguruaren beraren iraupen luzearengatik ez balitz. Lehenbiziko aldiz dantzatu dugu trokeo-dantzariz beztiturik Iruñeko karrika nagusian eta pentsatu dugu, agian aurrekari bat izan zitekeela eta noizbait, jantzi bereizketarik gabe ibiliko garela prozesioan, gora eta behera, kale horretan barna ere.

Sanferminak 2019_12
Argazkia: Malkovich

Sanferminak 2019_13
Argazkia: Malkovich

Sanferminak 2019_13
Argazkia: Malkovich

Tira, 2019ko sanferminak bukatu dira. Bazirudien baietz, baina azkenean ez dira horren gogorrak izan...

Sanferminak 2019_14

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.