Dantzari gazteen oinak jostalari-jolas...
... Adatseko biloak belarrari solas.
Oskorriren Zubietan kantu ederrak deskribatzen duen giroa heltzen delarik, Iruñerriko herri batera bisitatxoa egin eta udako loreak biltzen ditugu San Juan bezperako soka-dantzan erabiliko ditugun koroak apaintzeko.
Hori 2015eko ekainaren 22an egin genuen, txangoa eta koro atonketa. 23an, berriz, hirugarrenez plazaratu genuen San Juan eguneko soka-dantza. Dena prest genuen!: jantziak, dantzarako gogoak, dantza osterako ziztor eta xingarrak, sua egiteko egurra, giroa... ezin zerura begiratzeari utzi, ordea, aurreko urteko euri zaparrada gogoan!
Zorionez ez genuen udako ekaitzik izan, eta arratsalde eguzkitsu eta beroak dizdiratsuago egin zuen soka-dantza. Anekdota gisa: Iruñeko udalak dantzaldia iragartzeko San Fermin Aldapakoaren ezpata-dantzaren argazki bat baliatu zuen eta horrek ikustera hurbildu ziren irundarrak nahastu zituen. Jende saldo ederra bildua zen Santo Domingoko aldapan. Azkar azkar abisua pasa eta Arriasko plaza egon zen ondoko belardira hurbildu ziren hamarnaka lagun.
Izaskun Arriaran eta Rakel Garzia neskanausiek gidatu zuten soka, aurresku eta atzesku lanetan, eta Itxaso Martinez, Marta Zugasti, Irantzu Irigoien, Leire Leza, Bea Martinez, Ainara Ranera, Uxue Perez eta Edurne Irigoien ere aritu ziren dantzan.
Sokara lotu ziren gero, Eder Garzia, Mikel Tristan, Iñaki Tristan, Hasier Moreno, Shanti Diaz, Joseba Lorenzo, Julen Fagoaga, Julen Leuza, Osel Molinet eta Aritz Ibañez.
Musikan aritu ziren Iñaki Sagardoi, Eiande Aranburu, Miguel Fagoaga eta Roberto Antzano.
Zaparradarik gabe, dantza ondoko argazkia patxadaz egin ahal izan genuen, familiako kideak, lagunak eta besteak lasaiki agurtu eta poliki-poliki arropaz aldatzera abiatu.
Eta udagiroko eguna behar den bezala bukatzeko, sua piztu, inguruan San Juan bezperako koplak kantatu, aurreko urteko koroak sutan erre, xingarrak eta xixtorrak jan eta suaren gainetik salto eginez uxatu genituen gaitzak: Gaiztoak kanpora, onak barnera, SARNA FUERA, SARNA FUERA!!!
Oraindik kiskal-urrin zerbait bada hemen gaindi... ez da antzematen? ;)







