Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Duguna - Iruñeko dantzariak San Joan bezperarik beroena

Dokumentuaren akzioak

San Joan bezperarik beroena

2016/07/04 11:00

Izerdi eginen genuela bagenekien. Bezperaren bezperan, Atez eta Ultzama aldera txangoa egin genuen, dantzarako erabiliko genituen koroak apaintzeko lore eta belar bila. Mugimendu handirik egin gabe, izerdian. Itzaletan ere izerdian... biharamunean ere eguzki garaitezinaren bisita iragarria zen, beraz, baita gure patua ere. Eskerrak Iruñera bueltan, merendua hartu genuela freskuran, koroak prestatu bitartean.

Bezperako lanak ongi bukatuta, ekainaren 23an, San Joan bezperako soka-dantzarekin eman genion ongi etorria udari, beraz. Eguzki galdatan ginen Iruñean, eta Arrotxapeko zubi ingurura hurbildu ziren ikusle ausartak zuhaitzen itzalean gerizpetu ziren. Baita gu ere! Eguzkitara talde argazkia egiteko baino ez ginen atera. Eiande Aranburuk eta Beñat Lopez-ek Gazteluko plazako dantzaldian jo behar zuten gero, eta tramitea aurreratu genuen.

Argazkia atera eta berriz itzaletara, 19:00ak jo bitarte. Alde zaharreko ezkilak entzun eta han abiatu zen soka. Borobila osatu eta San Joaneko kopla kantari hasi ziren neskak, gaitzak uxatu nahian. Sarnafuera!

Leire Leza eta Amaia Irigoien neska-nagusiek gidatu zuten soka, aurtengoan, aurresku eta atzesku lanetan, hurrenez hurren. Itxaso Martinez, Marta Zugasti, Irantzu Irigoien, Maialen Etayo, Maria Izal, Ainara Ranera, Uxue Perez eta Itziar Perez ere lotu zitzaizkion sokari. Neskan-nagusien belauntxingoa eta jarraian guztien guztien axeri-dantza. Nork bere abileziak erakutsita, zerbitzariek bi mutil gonbidatu zituzten sokara, Aritz Ibañez eta Mikel Tristan, aurresku eta atzeskuarendako lagun.



Zortzikoaren erritmoarekin batu ziren sokara beste mutil guztiak: Iñaki Tristan, Hasier Moreno, Aitor Arana, Joseba Lorenzo, Julen Fagoaga, Iñigo Gartzia, Osel Molinet eta Auritz Garcia. Eta euren bikote bakoitzak belauntxingoa dantzatu zien. Ingurutxo eta kalejirarekin eman genion bukaera dantzaldiari.



Aitor Huarte, Iñaki Sagardoi, Eiande Aranburu eta Beñat Lopez txistu eta atabalean, akordeoi, biola eta gaitarekin batu ziren ondoren Eder Gartzia, Marta Arandigoien eta Julen Leuza, hurrenez hurren. Beti bezain fin.  

Iluntzean Sanduzelaira joan ginen, aurten Arrotxapean ez baitzuten aurten surik prestatu. Bertan erre genituen iazko lore-koro idorrak eta urteko gaitzak, eta suaren inguruan kantatu ostean xingar eta xixtor afaria egin genuen. Udari hasiera emateko, kolesterol festa.   

San Joan bezperako soka-dantzaren argazki sorta zabalagoa hementxe, kuxkuxeatzeko gisan (Irene Abregoren argazkiak):

2016-06-23 San Juan bezperako soka-dantza

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.