Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Duguna - Iruñeko dantzariak San Blas eguneko soka-dantza egin dugu urtero bezala (edo ez)

Dokumentuaren akzioak

San Blas eguneko soka-dantza egin dugu urtero bezala (edo ez)

San Blas eguneko soka-dantza egin dugu urtero bezala (edo ez)

Argazkia: Unai Beroiz (Diario de Noticias)

Urte aldaketak berarekin dakarren ajeaz bizkortu orduko heltzen zaigu urteko lehen betebeharra: San Blas eguneko soka-dantza. Aurten, otsailaren 3an, ostiralarekin. Kronika hau poxi bat berant dator horregatik. Eta gainera, emanaldia aitzin berotu ordez hoztu baikinen eta eztularen eztulaz, ezin izan baitugu asmatu nahi genituen ordenagailuaren teklak sakatzen. Biharamunean jandako txantxigorri opil eztarri-osagarriak bere eragina egin digularik jarri gara idazten.

Nomaden antzera, dantzarako plaza aldatzen dugu urterik urte. San Nikolas plaza jendez gainezka egon ohi delako? Ikusleak despistatuz haien arreta piztu nahi dugulako? Ez horregatik bakarrik, derragun. Plazan kokatzen diren salmenta postuek uzten diguten tokiaren arabera izaten da dantzalekua bat edo beste. Aurten toki txikia izan dugu San Nikolas enparantzan, beraz, plazaren ondoko txokoan egin behar izan dugu dantza, beste hainbatetan bezala. Han ere inoiz baina estuago, ostirala izanki, txoko horretan kokaturik den ostatuak terraza baitzuen zabaldua (gure hiri honetan jadanik usaia den bezala). Oztopoak oztopo, beti aintzina!

Joseba Lorenzoren gidaritzapean, eta Auritz Garzia sokaren azken eskua zelarik, zeharkatu genuen San Nikolas plazako postuen arteko bidexka estua, Iñaki Sagardoi, Aitor Huarte, Ainara Ibañez eta Beñat Lopez gure txistularien doinupean. San Nikolaseko txokora heldu, manera onek agindu bezala ikusleak agurtu eta aurresku eta atzeskua belauntxingoarekin zein baino zein gehiago egitekotan zirenean, euriak mehatsu txiki bat egin zigun. Kasurik ez!

San Blas soka-dantza 2017 - 01
Argazkia: Pablo Lasaosa (Navarra.com)

San Blas soka-dantza 2017 - 02
Argazkia: Pablo Lasaosa (Navarra.com)

Euri finak zolua aski lerrakor utzi zuen baina tentuz ibili ziren gure dantzariak harlauza zuriak sahiesteko (horiek dira irristakorrenak), eta  axeri-dantza, zortzikoa eta -jadanik Eder Garzia, Julen Leuza eta Iñaki Leibar, musikarien artean- ingurutxoaren parteak arazo handiegirik gabe dantzatu ahal izan zituzten, ikusleen hatsa lepoan, hori bai -hain baikinen estu-!

San Blas soka-dantza 2017 - 03
Argazkia: Pablo Lasaosa (Navarra.com)

San Blas soka-dantza 2017 - 04
Argazkia: Pablo Lasaosa (Navarra.com)

Plazara sartzean estuasun horrekin haserretu ere egin ginen (terraza deabru hori!), baina xirimiriari aurpegi ona jarri genion gisa berean, azkenerako iruditu zitzaigun horren plazatxo txikian ikusleak gain-gainean izateak halako xarma ematen diola gure dantzaldiari. Gainera, San Nikolaseko txokoa lepo beteta ere, ez da jende asko-asko sartzen eta halako zeremonia intimoa ere bada egun honetako gure soka-dantza... Enpin! Kontsolaerrazak gara gero!

Akaberan, karrikadantzan atera ginen, Joseba Lorenzok, hamaika txiribuelta eman ondoren, jendartean zirrikitu bat topatu zuelarik. Familia eta lagunekin kalaka pixka bat egin eta kontent abiatu ginen Katatxu ostatura, merendu goxoa baikenuen han zain! Baina benetan kontent gozoen lurrinak piztu zigun gosea ase genuenean jarri ginen. 

San Blas soka-dantza 2017 - 05
Argazkia: Pablo Lasaosa (Navarra.com)

Jadanik gertatua baizik ezin dugunez baietsi, aurtengo San Blas eguneko soka-dantzaren kronika hau uzten dizuegu lekuko. Heldu den urtekoak ordea, zer berezitasun izanen duen ezin dugunez aurreikusi -dantzalekua barne-, ez duzue San Nikolas plazaren inguruetara hurbiltzea baino beste erremediorik izanen!!

Heldu den urtean berriz!

*BItartean, aurtengoaren argazki galeria begira dezakezue hemen:

2017-02-03 San Blas eguneko soka-dantza

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.