Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Duguna - Iruñeko dantzariak Ongi pilotan eta sendoki dantzatzen...

Dokumentuaren akzioak

Ongi pilotan eta sendoki dantzatzen...

Ongi pilotan eta sendoki dantzatzen...

Argazkia: Oskar Montero (Diario de Noticias)

Iruñeko Udalak, beste hainbat erakunderekin batera —Nafarroako Pilota Federazioarekin batera, besteak beste— Iruñearen euskal pilotaren hiri-buruzagitza proiektua aurkeztu du urtarrilean.

- Pilotarekin zerikusia duen dantzaren bat dantzatuko zenukete proiektuaren aurkezpenean?

Ordezkari politikoek sarri izaten dituzte horrelako burutazioak. Dantzariak ekarriko ditugu zenbait mugimendu koreografiatuz pilotariaren plantak egin ditzaten. Parte hartuko genuela esan diegu, baina beste nonbaitetik jotzea deliberatu dugu. 

Dantza ezazue pilotan jokatzen den moduan” esan izan digu Juan Antonio Urbeltzek sarri. Euskal dantzaren estetikarako, lezioa. Eta esaldi horretatik abiatzea otu zaigu. Izan ere, dantzaria eta pilotaria ez al dira bat? Urbeltzen esanei jarraikiz, dantzan pilotan egiten den moduan egiteak eskatzen du egiaz dantzatzea, simulatu gabe, itxurakeriarik gabe, plantak egin gabe. Hala saiatuko! Biek partekatu izan dituzte gure pilota-plazak, biak jantzita doaz xuri orbangabez, eta gure lehenagokoek uztartu izan dituzten jardunak dira biak ala biak: Ongi pilotan eta oneski dantzatzen... —Urbeltzi kasu eginez, eta gure asmoa hobe islatzen duelakoan, esaldia moldatu dugu gure izenbururako—. 

2026-01-16_Pilota-hiriburuzagitza
Argazkia: Oskar Montero (Noticias de Navarra)

Hartara, soka-dantza bat egitea proposatu diegu. Pilotarien soka-dantza. Pilotaren hiri-buruzagitzaren proiektua inplikatutako erakundeetako ordezkariak sartuko ditugu sokara eta dantzari/pilotariek gidatuko dute dantza.

Andrea Lusarreta Nafarroako Pilota Federazioko presidenteak bota du txapa airera eta urdin egokitu da. Mikel Tristan da urdinez apaindua den dantzaria, beraz, berak atera du soka. Maialen Indakoetxea, dantzari/pilotari gorria sokaren gibelean kokatu da, sakeari erantzuteko-edo. Bien artean, Iruñeko Udaleko ordezkariak, Federaziokoak, Pilota klubetakoak, Gaz Kaló elkartekoak —ijito pilotari bikainak izan baitira iruñean—, eta pilotariak, Oinatz Bengoetxea edo Fernando Goñi, besteak beste. 

2026-01-16_Pilota-hiriburuzagitza_02
Argazkia: Iruñeko Udala

Etxahun Iruriren Laida pilotaria kantu zoragarria abesten hasi da Ihitz Iriart, eta bere doinura abiatu da soka. Hiriburutza lotzeko korapiloa tinkatzeko balioko duten zubiak egin dituzte soka-dantzariek eta ondotik, buruz-buruko finalean nola, Belauntxingoa dantzatu dute aurresku eta atzeskuak, sokak osatu duen plazaren erdian. 

2026-01-16_Pilota-hiriburuzagitza_03
Argazkia: Oskar Montero (Noticias de Navarra)

Bukatzeko, berriz ere Etxahun Iruriren Pilotarien Biltzarra kantuaren doinuarekin plaza utzi dugu biribilketa alaiean. 

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.