Dokumentuaren akzioak
Ohiturazkoa bilakatu da Hiru Burguen soka-dantza
Noiz bilakatzen da ekitaldi bat ohitura, tradizio? Denboran zeharreko errepikapen hutsarekin aski da edo beste zerbait behar da? Eta zer da beste zerbait hori? Protagonistek hala onar dezaten, agian? Galdera hauendako erantzun zehatzik ez dugu, baina irudipena dugu, irailaren 8an Batasunaren Pribilegioaren ospakizunean gertatukoarekin, Iruñeko Hiru Burguen soka-dantza ohiturazkoa, tradizio, bilakatu dela.
Kontua da ekaineko udal hauteskundeen ondotik Iruñeko udalean aldaketa asko izan direla alor ezberdinetan —kultura eta protokolo alorretan, guri dagokigunez—. Sanferminak eta oporrak tarteko, ekainetik berehala egiten da irailera jauzi, azalpen eta transmisio askorako denborarik gabe. Batasunaren Pribilegioaren 600. urteurrena izanda, gainera, ekitaldi bereziak prestatu eta ohikoei arreta gutxiago eskaini ote dieten udalean... tira! Segizioaren ondoren ez dantzatzekotan egon garela kontuan izanda, erdi pozik ginen, zinegotziek galazko jantziz dantzatzea galarazia zutela esan digutenean. - Baina zazpi urte daramatzate horrela dantzatzen! - Guri kultura alorretik hori esan digute. Tira, gonbidatu guztiak herritarrak izanen dira eta kitto, arazorik ez!
Egin dugu segizioa, udalbatza lagunduz, alde zaharreko hiru burguetan zehar eta katedralera igo gara Carlos III. erregeari —Iruñeko hiru burgu zaharrak elkartu zituenari— lore eskaintza egin diezaioten. Handik berriz ere udal plazara, festa giroan. Behin bertan, soka-dantzariak arropaz aldatzen ari diren bitartean, erreklutatu ditugu 17 gonbidatu sokara sartzeko. Lasaitu gara. Baina orduan, galaz jantzitako 4 zinegotzi jaitsi dira balkoitik udaleko ezkaratzera. - Zer, urtero bezala dantzatuko dugu, ezta? —2016an, duela 7 urte mustu genuen hiru burguen soka-dantza—. Urtero bezala.
- Zera, protokolotik esan digute galarazia duzuela galazko jantziekin dantzatzea.
- Baita zera ere! Gure ardurapean!
Soka-dantza abiatu du Itziar Gonzalezek, xiru-larru jotzaileen doinura. Ondoren izanen den Batasunaren Pribilegioaren sinaduraren errekreazioarendako udalaren ate aurre-aurrean jarri duten eszena handiak pixka bat trabatu gaitu, baina aitzina! Belauntxingoa dantzatu dute Itziarrek eta Mikel Garzia atzeskuak, plazari eta hiriari agur eginez. Eta soka guztiaren zortzikoa heldu da gero. Gonbidatuak dantzara sartzeko momentua heldu denean, hara gure sorpresa! 4 zinegotzi ez, 11 daude sokan elkarri esku emanda, alderdi politiko guztietakoak gainera —ekitaldietan parte hartu ez duen Zurekin Nafarroakoren bat salbu—. Kultura alorreko zinegotzi ordezkaria ere dantzara atera ez da ba! Dantzaren eta plazaren indarra! Hamaika zinegotziek haien dantza dohainak erakutsi dituzte. Egiazki ongi aritu dira, galarazpen horri oraindik ere zentzu gehiago kenduz. Eta plazer hartu dutela ere iruditu zaigu!
Tira! Galazko jantziarekin dantzatzerik ez zuten urtean, dantzatu direla inoizko zinegotzi gehien Hiru Burguen soka-dantzan, urtero bezala dantzatuko ote zuten galdetu duten hautetsiei esker. Uste dugu, soka-dantza ohiturazko bilakatu zaigula, bai! Eta heldu den urtean protokolo alorrean galdetu beharrik ere ez dugula izanen.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Duguna - Iruñeko dantzariak
Iruñeko udalak 1949. urtean sortu zuen gure taldea, hiriko antzinako dantza usantzak gogoan, euskaldunon hiri buruzagiko zeremonialetan dantzan aritzeko. Sanson Galante eta Joanes Larraintzarkoaren oinordeko sentitzen dugu gure burua.
Duguna - Iruñeko dantzariak
Maiatzaren 2a karrika, 9 behea
31001 - Iruñea
Tfnoa: +34 657 33 29 44
duguna@duguna.eus
Jasotako azken erantzunak
- Aurtzaka dantza taldea on Auzo bat dantzarako: Igartzako egunean aritu gara ezpata-dantzari
- Kezka dantza taldea on Aurtengo San Juan bezperako soka-dantza, Kezkari esker onez
- Aritz Ibañez Lusarreta on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Oier Araolaza on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Kezka dantza taldea on Aspaldiko partez, Maulen!
- Aritz Ibañez Lusarreta on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Dantzan on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Aritz Ibañez Lusarreta on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Kezka dantza taldea on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Patxi Montero on Eta trokeo dantzak plazaratu genituen! 2017/09/05