22 urtez azpiko Munduko Euskal Pilota Txapelketako inaugurazioan aritu gara
Bart abiatu da Iruñeko Labrit pilotalekuan, 22 urtez azpiko XI. Munduko Euskal Pilota Txapelketa. Lehen partiden aitzinetik, inaugurazio ekitaldia antolatu dute eta bertan izan gara dantzan. Soka-dantza xume bat egin dugu Labriteko ikusleak agurtu eta hango eta hemengo pilotariak elkar-lotzeko. Ane Zabalak ireki du soka kantxako eskaileretan behera, eta Itziar Gonzalezek itxi. Sarreraren ondotik, txapelketan jokatuko diren lau pilota modalitateen omenez, belauntxingoa dantzatu dute bi-biek. Juan Antonio Urbeltzek askotan esan digu, dantzariak pilotariak nola egin behar duela dantzan: bizi, abiaduraz, indarrez. Uste dugu Labrit bezalako tenplu batek merezi duen gisan aritu direla Ane zein Itziar.
Belauntxingoaren ondotik, erretiratu gara eta agintarien hitzartzeen txanda heldu da. Joseba Asiron Iruñeko alkateak adierazi du euskal pilota txapelketa honek faltan duela euskal herrialde guztiak ordezkatuko dituen selekzioa. Nazioarteko Euskal Pilota Federazioari iradokizuna egin dio, ondoko edizioetan, euskal selekzioa present egon dadin. Guk bat egin dugu alkatearen hitzekin.
Ekitaldia bukatzeko berriz atera gara kantxa erdira, txapelketan parte hartuko duten zazpi herrialdeetako ordezkaritzekin batera kalejira dantzatzera. Agerian geratu da zeinek partekatzen duen gure gorputz hizkuntza eta zeinek ez!
Iruñeko 22 urtez azpiko Munduko Euskal Pilota Txapelketa honetan Euskal Herria ordezkatuko duen pilotaritik ez. Euskaldunon hiri buruzagia ordezkatzen duten dantzariekin konformatu beharko, oraingoz!