Dokumentuaren akzioak
Miguel Moreno Cogeces joan zaigu
Horrela da bizitza, bere aitzina pika eta antrexat eta finiekin. Duela hilabete t'erdi, beste berrehunetik goiti dantzarirekin gure taldearen 75. urteurrena ospatzen izan zen eta, aldiz, gaur, bera agurtu beharrean gara. Atzo zendu zen Miguel Moreno Cogeces Iruñeko dantzaria, 88 urtetan.
Miguel, Andre Mariaren omenezko Iruñeko zentroan hasi zen dantzan txiki-txikitan beste hainbat lagunekin batera, eta han konturatu zen dantzan egitea maite zuela. Iruñeko udal dantza taldea talde izugarritzat zuten ume haiek eta 1953. urte inguruan, Miguel, deialdi bati erantzunez, bertan sartu zen dantzari. 11 urtez aritu zen bertan, Federe Azkona zuzendari izan zuela, beti. Garaian, San Fantzisko eskoletako pasabideetan egiten zituzten errepikak eta zioenez, taldean sartu eta lehenengo 15 hilabeteetan, ez zuen entsegu bakar bat ere hutsegin — astelehenetik larunbatera entseatzen zuten orduan!—. Orduko giro goxoa izaten zuen gogoan. Taldean ezagutu zuen, hain zuzen, Mertxe Bakedano Aginaga, gerora bere emazte izanen zena.
Iruñeko ekitaldi ofizialetan parte hartzeaz gain, taldearen hainbat bidaitan ere parte hartu zuen Miguelek, tartean, 1958an Italiako Bergamo eta Sondrio hirietara egindakoan. Egunetako batean aita santuaren udako egoitza den Castel Gandolfoko gaztelura hurbildu eta Pio XII-ren aitzinean dantzatu zuten dantzarietarik bat izan zen Miguel Moreno. Handik egun gutxitara zendu zen Eugenio Maria Giuseppe Giovanni Pacelli, Pio XII.a.
Dantzari fina izan zen Miguel, Federe Azkona taldeko zuzendariaren begietako bat, diotenez. Zuberoako dantzetako aitzindari, batez ere entseinariaren errola bete zuen. 1963. urtean utzi zuen taldea baina ez zen hor eten dantzarekiko eta taldearekiko bere harremana. Izan ere, Mertxe eta bien hiru seme alabak, Mikel, Itziar eta Koldo ere udal dantzari izan ziren. Haiekin bizi izan ziren Iñaki eta Fermin Goñi ilobak ere, dantzari eta txistulari izan ziren ere, hurrenez-hurren. Dantza ohituren transmisioan, katebegi garrantzitsua izan zen beraz, Miguel, Mertxe emaztearekin batera.
Joandako 2023ko azaroaren 29an, Iruñeko Udal dantzari taldearen 75. urteurrenaren ospakizunen hasieran, gure artean izan genuen Morenol, emaztearekin batera, banaezin. Bere garaiko dantzarien artean eguna gozatu zuen, gozatu zuenez eta guk ere, besteak beste, egun hartako oroitzapen goxoarekin gogoratuko dugu aurrerantzean.
Lerro hauek probestu nahi ditugu Mertxeri, Mikel, Itziar, Koldo, Iñaki, Fermin eta gainontzeko senideei, besarkada estu bana helarazteko. Ez adiorik, Miguel!
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Duguna - Iruñeko dantzariak
Iruñeko udalak 1949. urtean sortu zuen gure taldea, hiriko antzinako dantza usantzak gogoan, euskaldunon hiri buruzagiko zeremonialetan dantzan aritzeko. Sanson Galante eta Joanes Larraintzarkoaren oinordeko sentitzen dugu gure burua.
Duguna - Iruñeko dantzariak
Maiatzaren 2a karrika, 9 behea
31001 - Iruñea
Tfnoa: +34 657 33 29 44
duguna@duguna.eus
Jasotako azken erantzunak
- Aurtzaka dantza taldea on Auzo bat dantzarako: Igartzako egunean aritu gara ezpata-dantzari
- Kezka dantza taldea on Aurtengo San Juan bezperako soka-dantza, Kezkari esker onez
- Aritz Ibañez Lusarreta on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Oier Araolaza on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Kezka dantza taldea on Aspaldiko partez, Maulen!
- Aritz Ibañez Lusarreta on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Dantzan on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Aritz Ibañez Lusarreta on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Kezka dantza taldea on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Patxi Montero on Eta trokeo dantzak plazaratu genituen! 2017/09/05