Dokumentuaren akzioak
Lagun arteko soka-dantzan V. Otsagabiko eta Tuterako dantzariak
Ez gaude ohituak eguberrietan dantzan egitera. Are gutxiago urteko azkenaurreko egunean. Oturuntza handi, ospakizun eta gehiegikerien artean, ordutxo luze hartu dugu 2023ko abenduaren 30ean, giharrak pixka bat tinkatu eta sabelei meniatxoa emateko. Horretarako, gonbidatu pare ederra izan dugu lagun: Otsagabiko eta Tuterako alde zaharreko paloteadoko dantzariak. Makil-dantzari aritu gara beraz.
Etxekook abiatu dugu emanaldia, gure trokeo-dantzetako bi makil-txikien dantzak emanez. Ongi etorria eman nahi izan diegu hala Nafarroa Garaiko bi puntetatik heldutako gonbidatuei. Hori ere azpimarratu baitu hainbatek, ederra izan dela iparraldea, erdialdea eta hegoaldea dantzaren bitartez korapilatzea. Uste berekoak gara gu ere. Eta tiradizoa izan du aukeraketak. Otsagabikoak aspaldi zeuden Iruñean dantzatu gabe eta ez dira gutxi Orhipetik hiri buruzagira heldutako ikusleak. Berdin Tuterakoen kasuan. Iruindarrok Erribera ahanztuxerik izaten dugula errepikatzen digute tarteka. Iruñetik Tuterara Tuteratik Iruñera bezainbesteko distantzia dago, eta handik ere heldu da ikusle parrasta. Ederra geratu zaigu plaza, beraz! Edukia interesekoa denean, publizitate gutxirekin aski!
Tira, Betroiarena eta Xenpelarrena eman-eta, Tuterarrei egin diegu tokia plaza gainean.
Ekainaren 29aren hurbilen den larunbatean egiten dute bertan alde zaharreko paloteadoa, 2018az geroztik. Ordurako sortutako dantza sorta berria erakutsi digute Iruñean eta bildutakoen arreta deitu dute. Makil-handi, makil-txiki, arku eta zinten dantzak eman dituzte, Tuterako gaiteroek lagunduta. Ez hori bakarrik, paloteadoko mutila ere heldu da makil-dantzariekin eta bertsoz ziri batzuk ere haizatu ditu ezker-eskuin. Baina hitz politak ere izan ditu emanaldiaren egokitasunaren eta gure taldearen 75. urteurrenaren aitzakian. Mila esker!!
Otsagabiko dantzarien txanda! Talde gazte eta berrituarekin heldu dira zaraitzuarrak. Tira, dantzari beteranoren bat ere badakarte. Gaztetasun eta beteranotasun nahasketa hori asko preziatzen dugu guk eta esan genezake, ikusleek ere hala egin dutela. Enperadorea, Katxutxa, Modorro, Pañuelo-dantza eta Jota eman dituzte hurrenez-hurren Iruñeko gaiteroen doinura eta plazan bildutako dantzazaleak loriatu dira nafar errepertorioko klasiko hauek zuzenean ikusiz. Biba bobo eta biba Otsagabiko dantzariak!
Emanaldi hauetan ohikoa izaten dugun legez, soka-dantzan amaitu dugu saioa. Otsagabiko eta Tuterako dantzariak sokara gonbidatuz, gertuko eta gure komunitateko sentitzen ditugula adierazi nahi izan diegu eta kalejirako karakoilan adiskidantzazko katea eraiki dugu denok elkarrekin.
Ondotik, Iñaki Dominguezek prestatutako bazkari goxo —beriiz jaten— eta bazkalburu are goxoagoarekin eman diogu amaiera urteko azkenaurreko eguneko jardunari. Mila esker Otsagabia eta Tuterako dantzariei gonbidapena horren errazki onarturik eta halako emanaldi ederra atontzen laguntzeagatik!
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Duguna - Iruñeko dantzariak
Iruñeko udalak 1949. urtean sortu zuen gure taldea, hiriko antzinako dantza usantzak gogoan, euskaldunon hiri buruzagiko zeremonialetan dantzan aritzeko. Sanson Galante eta Joanes Larraintzarkoaren oinordeko sentitzen dugu gure burua.
Duguna - Iruñeko dantzariak
Maiatzaren 2a karrika, 9 behea
31001 - Iruñea
Tfnoa: +34 657 33 29 44
duguna@duguna.eus
Jasotako azken erantzunak
- Aurtzaka dantza taldea on Auzo bat dantzarako: Igartzako egunean aritu gara ezpata-dantzari
- Kezka dantza taldea on Aurtengo San Juan bezperako soka-dantza, Kezkari esker onez
- Aritz Ibañez Lusarreta on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Oier Araolaza on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Kezka dantza taldea on Aspaldiko partez, Maulen!
- Aritz Ibañez Lusarreta on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Dantzan on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Aritz Ibañez Lusarreta on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Kezka dantza taldea on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Patxi Montero on Eta trokeo dantzak plazaratu genituen! 2017/09/05