Lagun arteko soka-dantzan I. Kezka eta Iurretako dantzariak
Oñatin, Iurretan, Otxandion... dantzatzeko aukera izan dugu urte korapilatsu honetan eta emanaldi horietan bi aldiz arnastu ahal izan dugu: Dantzatzeko aukera eskaini baitigute batetik eta bestetik, lagunekin partekatu ditugulako emanaldi horiek. Zorretan geunden beraz, eta zorrak kitatzen hasi gara joandako azaroaren 6an, Iruñeko Burguen plazan egin dugun emanaldiarekin.
Gonbidatuak, Eibarko Kezka dantza taldeko eta Iurretako dantzarietako lagunak. Ohore eta erantzunkizun handia plaza haiekin partekatzea.
Kezkakoak izan dira lehenak dantzaren ekinean hotza gainetik kentzen. Arrateko ezpata-dantzarekin abiatu dute saioa, ohi bezain dotore. Ezpata-txikien lanak partekatzen joan dira hainbat dantzari, zein baino zein ikusgarriago. Ezpata-dantzarekin batean, trokeo-dantzak ere eman dituzte: makil-txikiena, makil-handiena eta brokel-makilena eta horietako bakoitzaren aurreko buruzagien zortzikoek aho bete hortz utzi dute hotzari aurre eginez Burguen plazan pilatu den ikusle saldo jendetsua. Artazi, muriska, gira-galdu, zorrotz eta gurpil anabasa zoragarria gozatu dugu. Dantza bakoitzeko, zortzikote ezberdin batek dantzatu du, gaztetxo tropel eder bat tartean, Arrateko dantzarien sokak etenik ez duela erakutsiz.
Iurretako dantzarien txanda izan da ondotik. Taldea dantzari gazte eta ez horren gazteekin osatu dute Iruñerako eta erakustaldia eman dute batzuk zein besteek. Puntapioa airera botatzeko modu bortitz horrek min eman digu ikusle geundenoi ere, baina ez dute hori dohai bakarra. Dantzakera berezia dute iurretarrek, haiena, ezaguterraza eta asko esatea da hori. Dantzari-dantzako dantza guztiak eman dituzte bata bestearen ondotik eta harrigarria egin zaigu behazaleoi hasierakotik bukaerakora ez dela hein batean ere apaldu bizkaitarren grina. Merazitako txaloak jaso dituzte plaza utzi dutenean.
Eta Eibartarrak eta Iurretarrak eskertzeko modu hoberik ez zaigu bururatu gurekin dantzatzera gonbidatzea baino. Horretarako, 24 dantzariz osatutako soka-dantza atera dugu plazara eta banan-bana aritu dira axeri-dantzan. Horrelakoetan, ikusleak aspertzeko kezka pixka bat izaten dugu, gauza guztiek horren berehalako eta iragankor behar duten garaiotan. Baina, pikutara! Pazientzia zer den berrikas dezagun! Ikusle zenbaitzuk ere baloratu dute dantzari guztiek haien aurrekoek dantzatu bitarte erakutsitako eramana eta errespetua. Halabiz!
Eibartarrak, Iurretarrak eta ikusleetako zenbait omendu ditugu belauntxingoarekin, eta ondotik, fandangoa eta arin-arina elkarrekin dantzatuz eman diogu amaiera plaza gaineko festari. Pandemia zakur honek menia txikia eskaini digun zirrikitua baliatuz, mahaiaren bueltan borobildu dugu festaren bigarren zatia.
Plazer handia izan da, lagunok!
- Iñaki Tristan-ek hartutako argazki gehiago hementxe!
