Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Duguna - Iruñeko dantzariak Itzuli gara Baigorrira

Dokumentuaren akzioak

Itzuli gara Baigorrira

Itzuli gara Baigorrira

Argazkia: Juan Mari Ondikol

2020an luzatu ziguten Baigorriko Basaizeako lagunek orduko Nafarroaren Egunean dantzatzeko gonbidapena. Gerokoa denok ezagutzen dugu. Beraz, aurtengoan gonbidapenari eutsi eta bertan dantzatu ahal izatea bi aldiz berezi izan da. Zirkuluaren itxiera edo horrelako zerbait.

Gogoz baikinen, goizik abiatu eta heldu nahi genuen Baigorrira, baina autobusarekin izandako gaizkiulertu bat tarteko, kalejira hasteko ordua baino bost minutu beranduago heldu gara bertara. Deabruaren abiaduran arropaz aldatu eta estresa baretzeko tarterik gabe hasi gara beheko plazatik goiko plazarako bidea egiten, karrikadantzan. Baigorri eta Lekunberriko erraldoiak eta Donapaleu eta Tafallako dantzariak izan ditugu bidean lagun. Eta musikan, Ibai Indart eta Patxi Bidart baigorriarrak eta Shanti Diaz barañaindarra. Goi eta behe Nafarroak batzeko festa bada hau, metagora ederragorik!

Tira, pentsatu dugu, eliza ondora heldu eta han izanen genuela berotu eta luzatzeko denboratxo bat, baina keba! Lehenengoak izan gara dantzan. Xenpelarrena dantzatu dugu lehenik eta habaneraren doinuarekin berotu da plaza. Ah zer plazera!

Biba Basaizea eta biba Nafarroaren eguna oihukatzeko gogoz baikinen, dorrea ere muntatu dugu eta Itziarrek bibaka eta txaloka jarri du plaza.

2022-04-30-Nafarroaren-eguna-Baigorri_01
Argazkia: Juan Mari Ondikol

Dantzatu ondotik, arropa eta trasteak tokiz aldatu behar izan ditugu. Goiko plazatik behekora jaitsi gara. Behekotik goikora igo. Berriz jaitsi. Berriz igo. Eta bide hori hainbat aldiz egin behar izan dugu gauza bat eta beste, ez genekiela Nafarroaren egunean ala Nafarroa Oinezen ote ginen. Fite-fite bazkaldu, eztarriak pixka bat freskatu eta berriz igo behar izan dugu beheko plazatik goikora berriz dantzariz beztitzera. Eta berriz jaitsi.

Beheko plazan trokeo-dantza guztiak eman ditugu: Bi makil-txikiak, makil-handiena, brokel-dantza, arku-dantza eta zinta-dantza. Gustora dantzatu gara baina inguruan argazkilari bat somatu dugu: makurtua, gero xutik, ezker aldean lehenbizi, eskuinean gero... Nahia Garat da eta horrelako argazki puskak hartu dizkigu:

2022-04-30-Nafarroaren-eguna-Baigorri_02
Argazkia: Nahia Garat

2022-04-30-Nafarroaren-eguna-Baigorri_03
Argazkia: Nahia Garat

2022-04-30-Nafarroaren-eguna-Baigorri_04
Argazkia: Nahia Garat

2022-04-30-Nafarroaren-eguna-Baigorri_05
Argazkia: Nahia Garat

2022-04-30-Nafarroaren-eguna-Baigorri_06
Argazkia: Nahia Garat

2022-04-30-Nafarroaren-eguna-Baigorri_07
Argazkia: Nahia Garat

Beheko plazatik goikora joan gara arropaz aldatzera hamaikagarrenez. Tartetxo bat izan dugu ondotik festari zapore pixka bat hartzeko, eta hara-honakoak kenduta gozatu dugu bai dantzan bai besta giroan.

Egun goxoa pasa dugu eta hartara, eskertu nahi ditugu Basaizeako lagunak gonbidapena luzaturik (nahi duzuenean berriz) eta Baigorriko gaiteroak, erdi etxekoak izanik, plazerra izan baita haien doinura dantzatzea goiz zehin arratsaldez.

 

 

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.