Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Duguna - Iruñeko dantzariak Itzuleraren ezpata-dantza

Dokumentuaren akzioak

Itzuleraren ezpata-dantza

Itzuleraren ezpata-dantza

Argazkia: Pablo Lasaosa

Dantzan egitea ariketa gozagarria da dantzariarendako. Baina ariketa hori gozagarriagoa da oraindik dantzakideekin partekatua denean, testuinguru jakin batean ematen denean, funtzio zehatz bat duenean eta ikusleekin igurtzia gertatzen denean. Testuingurua, funtzioa eta igurtzia berreskuratu ditu aurten Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantzak eta horregatik, irailaren 25ean dantzan hartu dugun plazerra ez da hitzekin azaltzerik.

2022-09-26_Sanfermin-Aldapakoa-02
Argazkia: Malkovic

Errituala nolakoa den ez dugu ahantzi pandemiaren bi urte hauetan eta 11:30etan ttanko, hasi dira Enneko Ganboa eta Aitor Huarte txistulariak bandera arbolaren doinua xirulatzen. Eta ahaire horren uhinetan dantzatu du gure bandera berdea Shanti Diaz-ek lehenbiziko aldiz. Berehala, orain arteko tropel jendetsuena —50 dantzariz osatua abiatu da lasterka eta dantzari bakoitzak garbitu ditu azken bi urte hauetako izurrite-hondarrak, ibainaren gainetik eta banderaren azpitik. Ezpata-dantzariek Iruñea dute xede eta ekin diote erripan-gorako bideari. 

2022-09-26_Sanfermin-Aldapakoa-01
Argazkia: Pablo Lasaosa

2022-09-26_Sanfermin-Aldapakoa-03
Argazkia: Pablo Lasaosa

2022-09-26_Sanfermin-Aldapakoa-04
Argazkia: Malkovic

Santo Domingo karrikako malda leunean dantzatu dute ezpata-txikiek haien lehenbiziko zortzikoa. Bittori Elizalde, Saioa Seminario eta Iñaki Tristan aritu dira lehenbizikoz —ezpata-dantzaren egunez— zeregin honetan, Mikel Tristanen eskarmentua lagun. Eta konturatzerako, karrika-inguru arinean, heldu gara Sanfermin Aldapakoaren kaperara. Zintzur-bustitzearekin idortu ditugu izerdiak eta indarrak bizkortu.

2022-09-26_Sanfermin-Aldapakoa-05
Argazkia: Malkovic

2022-09-26_Sanfermin-Aldapakoa-07
Argazkia: Pablo Lasaosa

2022-09-26_Sanfermin-Aldapakoa-06
Argazkia: Malkovic

2022-09-26_Sanfermin-Aldapakoa-08
Argazkia: Malkovic

Sanferminen irudiari piperropila eskaini dio Leire Zabalza zerbitzari prestuak eta goizeko bigarren zortzikoarekin abiatu dugu hurrengo jelkaldia. Karriketan gora eta behera kiribilka aritu da ezpata-dantzari-suge zuri-gorria, zubia hemen, zubia han. Halako batean, borobildu dugu gure ibilbidea eta Sanferminen irudia itzuli dugu bere urtebeteko loaldira.

2022-09-26_Sanfermin-Aldapakoa-09
Argazkia: Cristobal Puig

2022-09-26_Sanfermin-Aldapakoa-10
Argazkia: Malkovic

2022-09-26_Sanfermin-Aldapakoa-11
Argazkia: Malkovic

2022-09-26_Sanfermin-Aldapakoa-12
Argazkia: Pablo Lasaosa

Udal enparantzara heldu garenerako dantzarako plaza zabala eta ederra atondu dute Irantzu Irigoien eta Itxaso Martinez boboek eta Hasier Moreno lantzari berriak. Eguerdiko eguzkia ere hurbildu zaigu bisitan eta chantillyz betetako pastela jatean ezpain inguruetan geratzen den gozoarekin nola, milikatu gara behin eta berriz aspaldian bizi ez izandako momentu hartan. Shantik berriz ere dantzatu du bandera, dotore, eta atabal kolpez-kolpe eraiki dugu ezpaten arrosa, gainontzeko ezpata-dantzariak sigi-saga anabasa marraztu duten bitartean. Buruzagia goratu eta ezpata-txikiek zortziko kementsua dantzatu bitartean, plazako lau kornerretara zabaldu ditugu goizean ibai bazterrean bildutako desio garbitzaileak.

2022-09-26_Sanfermin-Aldapakoa-13
Argazkia: Iñaki Porto

2022-09-26_Sanfermin-Aldapakoa-14
Argazkia: Pablo Lasaosa

2022-09-26_Sanfermin-Aldapakoa-15

Azkenengo txanpa! Mañueta karrikan Bidadorren zubiaren enbarazuaren piperra berriz dastaturik, Jauregiko aldapan gora heldu gara Duguna-zelai-ra. Han Leire Zabalza zerbitzariak eta Aritz Ibañez buruzagiak azken zortzikoa eman dute aurrez-aurre.

2022-09-26_Sanfermin-Aldapakoa-16
Argazkia: Malkovic

2022-09-26_Sanfermin-Aldapakoa-17
Argazkia: Malkovic

Bukatzeko, musika, kanta eta dantzara batu gara ordurarte ezpata-dantzari eta ikusle aritutako hango eta hemengo lagun eta senideak. Elkarri eskutik helduta, soka amaigabean, eman diogu akabera itzuleraren ezpata-dantzari!

2022-09-26_Sanfermin-Aldapakoa-18
Argazkia: Malkovic

2022-09-26_Sanfermin-Aldapakoa-19
Argazkia: Cristobal Puig

2022-09-26_Sanfermin-Aldapakoa-20
Argazkia: Malkovic

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.