Dokumentuaren akzioak
Iruñeko kultura ondarearen parte gara
Nafarroako Gobernuak Kultur Intereseko Ondare (KIO) izendatu du Iruñeko Hiri Gorputza joandako urtarrilean eta hori ospatzeko, karrika-inguru berezia egin dugu martxoaren 25arekin.
Udalak bere burua —eta hiria bera— irudikatzeko, ordezkatzeko edo gorpuzteko darabilen forma bereziari esaten diogu Iruñean Hiri Gorputza. Garaien arabera aldatuz doan arren, gaur egunean honako taldeek edo/eta norbanakoek —eta haien jarduerek— osatzen dute:
- Erraldoi eta kilikien konpartsa
- Udal dantzariak —hau da, gure taldea—.
- Udal txistulariak
- Udal tinbal eta klarin jotzaileak
- Mazeroak
- Libreak
- Udal korporazioa, galaz beztitua
- Udaltzainak, galaz beztituak
- Pamplonesa musika banda
Iruñeko udalak modu honetan irudikatzen du bere burua hiriko festa arranditsuenetan, sanferminetan, Batasunaren Pribilegioaren ospakizunean edo San Saturnino egunez, besteak beste, denak elkarrekin desfilatuz. Izendapena ospatzeko ezin, beraz, bestela egin. Iruñeko udaletik abiatu eta Nafarroako Gobernuko jauregirainoko pasealdia egin dugu talde horiek guztiek. Bertan egindako ekitaldi instituzionalaren ondotik, berriz Herriko Etxera gibel!
Goizeko 11:05etan Iruñeko tinbal eta klarin jotzaileek eta udal txistulariek ohiko doinuz iragarri dute udala karrikara ateratzekoa dela. Berehala, Pamplonesa musika bandak bere martxarako piezetako bat jotzeari ekin dio eta abiatu dira, gaita airez dantzan, Iruñeko erraldoiak. Haien gibeletik gu, txistularien doinura karrika-dantzan ere. Kale nagusia zeharkatu dugu Shanti Diaz buru dugula eta Maialen Ziaurriz, banderazain. Aduanako xoko, Takonera kale eta Sarasate pasealekutik Diputazioko jauregira heldu gara, jendetza artean, ez-ohiko argazkian. Gure makilez egindako arkuaren petik sartu da udalbatza foru-jauregira. Ordezkari politikoek tronuaren salan ekitaldi instituzionala egiten duten bitartean, gutako 9 arropaz aldatzera joan gara ziztu bizian. Izan ere, protokoloak udala laguntzeko jantzi bereziak erabiltzera behartzen gaitu, dantzarako batere erosoak ez direnak. Beraz, 5 minutuan erantzi, trokeo-dantzetako jantziak soineratu eta jauregiko lorategian iraganen den ekitaldirako prest gara. Inoiz dantzatu gabeak gara bertan eta halako kutsu historikoa-edo antzeman diogu momentuari. Gure dantzez eman zaio hasiera, gainera, ekitaldiari. Hasteko, Xenpelarrena dantzatu dugu!
Erraldoien konpartsak ere pare bat balts dantzatu ditu eta Pamplonesa musika bandak pieza pare bat jo, politikarien hitzartzeen artean. Ekitaldia bukatzeko berriz ere gure txanda izan da. Honako honetan Arri, arri mandoko zinta-dantza eman dugu. Ordezkari politikoak horren gertu genituen, espartinetako harri-txintxar-zipriztina heldu baitzaie, artazi bakoitzeko.
Lorategiko ekitaldia bukatuta, berriz ere bueltako desfilerako prestatu behar izan gara. Dantzan aritu ez diren dantzariak bi lerrotan paratu eta ibilaldiari ekin diote, gainontzeko partehartzaileekin batera. Dantzan aritu direnak ostera, berriz ere ziztuan aldatu behar izan dituzte jantziak udalbatza laguntzeko erabiltzen ditugunak janzteko. Dantzaz gain, korrika egitea ere egokitu zaigula! Nafarroako Gobernuko kideak ere batu dira segiziora eta lorategietatik jauregiko ate nagusira lagundu ditugu, Gazteluko plazari itzulia emanez. Handik berriz, Herriko Etxera buelta. Eta han ere dantza. Eta han ere arropa aldaketa. Hasteko, Dominguera jota dantzatu dute taldeko neskek —tartean Maialen Indakoetxea gure tolosar infiltratua ere— erraldoiekin eta kilikiekin batera .
Jota horrek eta erraldoien beste balts batek irauten duten denboran aldatu dituzte arropak beste 9 dantzarik eta prest dira beste trokeo-dantza pare bat emateko. Karrika-inguruaren doinuarekin irten dira plazara eta ondotik eman dituzte Ama begira zazu brokel eta ezpata-dantza eta Iruñeko ferietan makil handien dantza, hesiak hesi, beste behin ere nahi baino estuago.
Martxoko goiz eguzkitsuak sanfermin zapore bete-betea utzi digu ahoan eta beroketa lanak ongi eginda helduko gara uztailera —arropa aldaketei dagokienean batez ere!—.
Gure asmoa litzateke, epe ertainera, udal plazan dantzatuko dugunero trokeo-dantzetako jantziekin ere desfilatzea: jantziak dantzarako eginak baitira, erosoak, desfile eta emanaldi arteko estres goreneko uneak ekidin eta gozatuz dantzatu ahal izateko moduan eta, koherentziaz, dantza denboran bezala segizioetan ere genero bereizketarik gabe desfilatu dezagun. Momentuz, protokoloak ez digu horretarako baimenik ematen eta Hiri Gorputzaren KIO izendapenak ere, janzkerari buruzko xehetasun guztiak ere biltzen baititu, aldaketak zaildu ditzazke. Espero dugu, denon artean jakinen dugula horrelako kasuak zentzuz eta malgutasunez kudeatzen, tradizio eta usaiak garaien, gizartearen eta parte-hartzaileon beharretara egokituz. Insha'Allah!
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Duguna - Iruñeko dantzariak
Iruñeko udalak 1949. urtean sortu zuen gure taldea, hiriko antzinako dantza usantzak gogoan, euskaldunon hiri buruzagiko zeremonialetan dantzan aritzeko. Sanson Galante eta Joanes Larraintzarkoaren oinordeko sentitzen dugu gure burua.
Duguna - Iruñeko dantzariak
Maiatzaren 2a karrika, 9 behea
31001 - Iruñea
Tfnoa: +34 657 33 29 44
duguna@duguna.eus
Jasotako azken erantzunak
- Aurtzaka dantza taldea on Auzo bat dantzarako: Igartzako egunean aritu gara ezpata-dantzari
- Kezka dantza taldea on Aurtengo San Juan bezperako soka-dantza, Kezkari esker onez
- Aritz Ibañez Lusarreta on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Oier Araolaza on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Kezka dantza taldea on Aspaldiko partez, Maulen!
- Aritz Ibañez Lusarreta on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Dantzan on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Aritz Ibañez Lusarreta on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Kezka dantza taldea on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Patxi Montero on Eta trokeo dantzak plazaratu genituen! 2017/09/05