Dokumentuaren akzioak
Iruñeko historia dantzatuari gorazarre, karriketan
Gure taldearen 75. urteurreneko ekitaldi nagusitzat har dezakeguna ospatu dugu irailaren 14ean. Karrikan dantzatzeko sortu baitzuen iruñeko Udalak gure dantza taldea, karrikan ospatu nahi izan dugu, doike! Iruñeko historian ospatu izan diren dantza eta musika ibiltariak gogoan, 300 dantzaritik gora bildu nahi izan ditugu karrika-inguru koloretsuan. Hauek izan gara talde parte hartzaileak, hurrenez hurren:
- Duguna - Iruñeko dantzariak (Iruñea)
- Ezpelur erraldoien konpartsa (Barañain)
- Ball de Bastons de Tarragona (Tarragona)
- Igartzako ezpata-dantzari eta erraldoiak (Beasain)
- Gamere-Zihigako dantzariak (Zuberoa)
- Arrateko ezpata-dantzariak (Eibar)
- San Lorenzoko dantzariak (Iruñea)
- Igartzako ezpata-dantzari eta erraldoiak (Beasain)
- Iruñeko erraldoien konpartsa (Iruñea)
Karrika-inguru honekin gogoratu nahi izan dugu Iruñeak mendeetan eta gaur egun arte izan duen dantza tradizio oparoa. Izan ere, XVI. mendetik aurrera, Iruñeko festa arranditsuenetan dantzaren presentzia etengabea izan da XIX. mendera arte. Segizio horietan parte hartzen zuten dantzariak Iruñea bertakoak izaten ziren, baina usu, Gipuzkoatik, Iparraldetik edo baita Levante aldekoak ere. Hortaz, karrika-inguru honekin, garaiko horiek eguneratu nahi izan ditugu, Iruñetik, Gipuzkoatik, Zuberoatik eta Kataluniatik etorritako dantzarien parte hartzearekin. Dantzariez gain, erraldoi, buruhandi, kiliki eta zaldikoak ere izan dira (San Lorenzokoen herensuge-suzkoa bajeratik ezin atera geratu zaigu, lastima!).
Eguerdiko 11:30etan abiatu da karrika-ingurua San Frantzisko plazatik eta berehala Kale Nagusi osoa hartu segizio koloretsuak. Dugunako trokeo-dantzari eta ezpata-dantzariak aurretik, Ezpelurrekoen erraldoiek zaindurik. Geroago Tarragonako Ball de Bastons-eko kideak, makilei eraginez. Igartzaako ezpata-dantzarien 70 lagunez osatutako tropelak ikusgarritasun berezia eman dio jarraigoari eta hauei ere Irrintzi konpartsako erraldoiek eskolta eman diete. Gamere-Zihigako aitzindariek finezi handiz egin dituzte Barrikada-hausteko puntuak ibilbide guztian zehar. Hurrengoak, Arrateko ezpata-dantzariak eta San Lorenzoko dantzariak, gure taldearendako bi erreferente ezinbesteko. Eta segizioaren gibelean, Iruñeko erraldoi eta kilikien konpartsa. Luxua.
Karrika nagusi osoa zeharkatu, eta Burguen plazara helduta, taldeek banan-bana 10 bat minutuko emanaldia egin dute, mukuru bete diren harmailen aitzinean. Dugunako dantzariek trokeo-dantza pare bat eta San Fermin Aldapakoaren ezpata-dantza eman dute:
Ezpelurko erraldoiek baltsa dantzatu dute ondotik.
Tarragonatik heldu diren Ball de Bastons-eko kideen txanda izan da orduan. Haien makila-dantza arkaikoak behatzeko aukera izan dute ikusleek.
Beasaindar ezpata-dantzari tropel oparoaren txanda izan da ondotik. Igartzako ezpata-dantzako zenbait pasarte eman dituzte.
Gamere-Zihigako aitzindariek historian zehar iparraldetik Iruñera etorri izan diren dantzari dohatsuak ordezkatu dituzte Burguen plazan, haien printzipiozko püntüekin. Mixel Etxekopar eta Sacha Standen izan dituzte soinulari.
Zuberoatik Gipuzkoara egin dugu jauzi. Arrateko ezpata-dantzarien txanda izan da. Irailaren zortziro egiten duten ezpata-dantza ekarri dute beste behin ere iruñea zaharraren bihotzera.
Iruñeko San Lorenzoko dantzariak heldu dira gero. Guretako bide-argigarri izan ziren haien trokeo-dantzak eta beste behin ere gure artean aritu izana opari eder bat izan da.
Eta zer esan Iruñeko erraldoi eta kilikien konpartsari buruz. Aspaldiko urteetako bidaide, gure urteurrena ospatzeko karrikara atera izana benetako ohorea izan da.
Dantzatu eta karrika-inguruari segi. Burguen plazatik abiatu eta ondoko geltokia Gazteluko Plazan dugu. Han ere, heldu ahala, talde bakoitzak bere emanalditxoa egin du eta poliki-poliki dantzariz eta ikuslez betetzen joan da plaza.
Dantzari eta erraldoi guztiak heldu garenean, itxaferoa piztu eta zartatatu denean, denak hasi gara aldi berean dantzan, halako katarsi kaotiko batean. Dantzak tantaka joan dira finitzen eta azkena bukatzearekin, amaiera eman diogu ekitaldiari. Arropaz aldatzera joan aitzin, talde argazkia egin dugu, hori bai!
Bazkari batekin ospatu dugu goiz ederra eta bazkal ostean ere izan dugu dantzatzeko aukerarik. Ondokoaren zain.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Duguna - Iruñeko dantzariak
Iruñeko udalak 1949. urtean sortu zuen gure taldea, hiriko antzinako dantza usantzak gogoan, euskaldunon hiri buruzagiko zeremonialetan dantzan aritzeko. Sanson Galante eta Joanes Larraintzarkoaren oinordeko sentitzen dugu gure burua.
Duguna - Iruñeko dantzariak
Maiatzaren 2a karrika, 9 behea
31001 - Iruñea
Tfnoa: +34 657 33 29 44
duguna@duguna.eus
Jasotako azken erantzunak
- Aurtzaka dantza taldea on Auzo bat dantzarako: Igartzako egunean aritu gara ezpata-dantzari
- Kezka dantza taldea on Aurtengo San Juan bezperako soka-dantza, Kezkari esker onez
- Aritz Ibañez Lusarreta on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Oier Araolaza on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Kezka dantza taldea on Aspaldiko partez, Maulen!
- Aritz Ibañez Lusarreta on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Dantzan on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Aritz Ibañez Lusarreta on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Kezka dantza taldea on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Patxi Montero on Eta trokeo dantzak plazaratu genituen! 2017/09/05