Iruñeko dantzarion IV. topaketa
Aurtengoan Iturrama auzoari egokitu zaio Iruñeko dantzarion IV. topaketa hartzea. Auzoko festak izan dira asteburuan eta horregatik. Emanaldi honen funtsa errexa da: talde bakoitzak 10 minutuko tartetxoa du bere errepertorioa erakusteko. Emanaldiari ez zaio helburu konplexurik eskatzen, demagun errepertorio berrien erakustea, taldeen hausnarketa prozesuen fruituak azaleratzea edo ildo zehatz bati jarraituko dioten dantzak plazaratzea... Helburua xinpleagoa da: Iruñeko talde ezberdinok emanaldi bat egiteko elkartzea. Hori baizik ez —ez baita gutxi—.
Hartara, emanaldia Iruña taldekoek zabaldu zuten Lapurdiko inauterietako dantzak erakutsiz:
Muthiko Alaiak dantza taldeak 3 dantza eman zituen: Durangaldeko arku-dantza, Bateleren zortzikoa eta Segundo Olaetaren Arretxinagako San Migelen ezpata-dantzaren moldaketa:
Ondotik, Oberena dantza taldearen txanda. Zuberoako makil-dantza eta Cortes-eko paloteadoko dantzak erakutsi zituzten.
Amaiur dantza taldeak Francisco Beruetek XX. mende erdialdean sortu zituen dantzetako batzuk dantzatu zituen: Desmayo eta Corroncho.
Iruñea "i" letraz hasten da eta Iribas ere bai, beraz bertako Basakaitz dantza taldekoek Iruñeko dantza taldeekin batera parte hartu ohi dute Iruñeko dantzarion topaketan. Monteagudoko paloteadoko dantzak dantzatu zituzten.
Kasik iluntzear zen gure txanda heldu zelarik. Eiande Aranburu txistuan eta Beñat Lopez atabalean, Durangaldeko erregelen aurreskuaren doinua jotzen hasi ziren. Itziar Perez-ek egin zituen aurresku lanak.
Atzesku lanak, aldiz, Mikel Tristan-ek.
Norberak bere lanak amaituta, Ainara Ranera eta Irantzu Irigoien zerbitzariek gonbidatu bana gonbidatu zuten sokara. Itziar eta Mikelek banango zaharra dantzatu zieten.
Soka gonbidatu gehiagorekin osatu eta fandango eta arin-arina dantzatuz amaitu genuen emanaldia, axkar-axkar, biharamunean Ezpalak baigenuen Iruñean.
Emanaldiaren argazki album zabalagoa hemen:









