Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Duguna - Iruñeko dantzariak Iruñea batu zuenari gorazarre

Dokumentuaren akzioak

Iruñea batu zuenari gorazarre

2025/10/16 13:55
Iruñea batu zuenari gorazarre

Argazkia: Hasier Moreno

Uda moteltzen hasten den garaian abiatzen ohi dugu gure dantza jarduna, merezitako bakantzen ostean. Iraila hastapenean —8an zehazkiBatasunaren Itunaren eguna ospatzen dugu Iruñean. Carlos III.a erregeak hiri-buruzagiko hiru burgu zaharrak entitate bakarrean bildu zituen 1423an eta orduz geroztikoa omen da, gu ere parte garen Hiri Gorputza, edo Udalaren segizio molde berezia. Eferemide bakarrarekin aski ez eta, aurten dira 600 urte, beraz, Carlos Evreux-ekoa zendu zela eta bestetik, 2100 urte dira Pompeyo general erromatarrak Pompaelo hiria sortu zuela, Iruñea zaharraren kokalekuan. Beraz, badela zer ospatu!

Hori dela-eta, arrandia handiagoa eman nahi izan dio Iruñeko Udalak irailaren 8aren inguruko asteburuari. Ostiralean, irailaren 5arekin, mustu dituzte ospakizunak eta ekitaldi horretan hiriaren bandera berdea dantzatu du Shanti Diaz-ek, Enneko Ganboak eta Aitor Huartek jotako doinuaren konpasera. 

2025-09-05-Bandera-arbola_01
Argazkia: Aritz ibañez

Ezetz eta baietz

Gure herri askotan antolatzen diren erdi aroko feriek iraganaren berrinterpretazio sinboliko eta folkloristikoa egiten dute. Merkatariek garai bateko ustezko jantziekin mozorratzen dira, kale-musikariek ordukoak omen diren soinu-tresnekin ordukoak omen diren doinuak jotzen dituzte, eta karrikak eta plazak ertaroko itxurako apaingarriekin atontzen dira. Balizko iragan baten fikzio partekatu moduko zerbait izaten dira. Alta, aurtengoan, egiazko iraganarekin tupust egin dugu, tanpez. 

Izan ere, arestian aipatutako urtemugak ospatzeko, ekitaldi berezia atondu du Iruñeko Udalak katedralean. Erakundeetako ordezkarien hitz hartzeez gain, Rakel Andueza sopranoaren, Pamplonesa musika bandaren, erraldoien konpartsaren eta gure parte hartzeak ere aurrikusi ditu. Bada, XVIII. mendean nola, Katedrale buruak erabaki du dantzak ez duela tokirik bertan, eta erraldoien eta dantzarion emanaldiei betoa jarri die Deanak. Beste garai batzuetako botere zibil eta erlijiosoaren arteko tirabirak ekarri dizkigu gogora afera honek. Hautsak harrotu ditu erabakiak Iruñeko gure zoko honetan eta azkenean, irailaren 8an berean, goizez, Artzapezpikuak Katedrale buruari hitza janarazi dio eta dantzendako baimena eman du, salbuespen gisa, beti ere.

Aurreko astean egin ahal izan ez genituen entsaio eta erreferentzia hartzeak arratsalde horretan berean egin behar izan ditugu, segizioa abiatu aitzin.

Segizioan trokeo-dantzariz

Azkenik katedralean dantzatuko baitugu, eta ez baitugu arropaz aldatzeko ez tokirik eta ez denborarik ere, Udalarekin adostu dugu karrika inguruan traokeo-dantzariz jantzita aterako garela. Esperimentua ez diogu inori kontatu aurretik, Udal txistulariei ez bada —haiek jartzen digute dantzarako musika prozesioan zehar—, eta esanen genuke inor ez dela aldaketaz ohartu. Edo bederen ez digute orain arte aipatu. 

Hartara,  ohi baino dantzari gehiago atera ahal izan ditugu eta Trokeo-dantzetako karrika-ingurua dantzatu dugu han-hemenka. Uste dugu aldaketak on egin diola jarraigoaren ikusgarritasunari ere. 

2025-09-08-Segizioa-01
Argazkia: Cristobal Puig

Iruñeko hiru burgu zaharrak zeharkatu ondotik, beraz, Kurian gora katedralera igo gara eta atarian gure txanda itxoin dugu. Maria Txibite, Nafarroako lehendakari andereak bere hitzak bukatu dituenean, karrika-dantzan sartu gara katedraleko atetik aldareruntz, ziztu bizian. Carlos IIIa eta Trastamarako Leonor Nafarroako errege-erreginen hilobiaren aitzinean eman dugu Xenpelarrena. 

2025-09-08-Katedrala-01
Argazkia: Pablo Lasaosa. Navarra.com

Udal plazan, soka-dantza

Behin katedralekoa finituta Kurian behera egin dugu eta azken arkua egin diegu Udal ordezkariei. Ohikoa dugunez, soka-dantza egin dugu bertan. Ohiko soka-dantza, ezohiko patxadarekin. Izan ere, dantzatu aitzin, estres betean arropak aldatu behar ez izatea preziatu dugu.

Jone Garretak abiatu du soka eta Adriana Ilzarbek egin ditu atzesku lanak. Bien artean beste 22 dantzari. Belauntxingoa, zortzikoa eta abarrekoak eginda, gonbidatuak sartu ditugu sokara. Batzuk hautetsiak eta besteak, herritar xumeak. Fandangoa, arin-arina eta karrika-inguruarekin eman diogu akabera, asteburu ohi baino luzeago eta katramilatsuagoari.

2025-09-08_Soka-dantza-01
Argazkia: Cristobal Puig

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.