Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Duguna - Iruñeko dantzariak Ipar haizearen kontra dantzan, Barañainen

Dokumentuaren akzioak

Ipar haizearen kontra dantzan, Barañainen

2018/08/02 12:50
Ipar haizearen kontra dantzan, Barañainen

Argazkia: Ivan Delgado

Daniel Glattauer-en liburua da Ipar-haizearen kontra.

Ipar-haizea azkarki sartzen baita bere kale luzeetatik, Buenos Aires deitzen diote zenbaitzuk Barañaini.

Sanferminen aurreko 2 asteetan 3 emanaldi lotu izana ere bada haizearen kontra aritzea, nolabait.

Tira, aldez edo moldez Ipar-haizearen kontra dantzan aritu gara dantzan Barañainen, ekainaren 30ean, bertako festen karietara izan dugun emanaldian. Uda hastapeneko egun beroetan, eguzkia eta sargoria izaten dira nagusi arratsalde bukaera arte, baina ondotik, haizeteak eta hodei ilunek orzantza iragartzen dute eta hain xuxen, tenore horretantxe jarri digute dantza-ordua.

Denborarik galdu gabe trokeo-dantzei ekin diegu gaiteroek jarritako doinu eztietan bildurik.  

Barañain 2018-06-30 - 01
Argazkia: Mikel Tristan

Barañain 2018-06-30 - 02
Argazkia: Mikel Tristan

Apaingarriak aldatu eta Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantzarekin atera gara berriz plazara. Oraindik haizeak ez du gogorregi jotzen eta bandera patsadaz dantzatzeko aukera izan du Joseba Lorenzok. Ufada leunek ez diete eragin ezpata-txikiei eta buruzagia ere onik jaitsi da ezpatekin ehundutako arrosatik.

Barañain 2018-06-30 - 03
Argazkia: Ivan Delgado

Barañain 2018-06-30 - 04
Argazkia: Mikel Tristan

Barañain 2018-06-30 - 05
Argazkia: Mikel Tristan

Sanferminetako uztailaren 6ko emanaldirako esperimetu gisa baliatu dugu emanaldi hau ere eta Gipuzkoako soka-dantza olioztatzen joateko probestu dugu. Aurresku eta atzeskuaren desafioaren ondotik, eskuz aldatzeko soinuarekin, banaka-banaka atera dira soka osatzen zuten dantzari guztiak plazaren erdira. Haize ufada zakar batek bonet gorria ebatsi dio Leireri, baina airean harrapatu du trebeki.

Barañain 2018-06-30 - 06
Argazkia: Mikel Tristan

Barañain 2018-06-30 - 07
Argazkia: Mikel Tristan

Barañain 2018-06-30 - 08
Argazkia: Mikel Tristan

Barañain 2018-06-30 - 09
Argazkiak: Mikel Tristan

Agurrak, zortzikoak eta enparauak dantzatu ditugu. Plazatik atera eta fandangoa eta arin-arina geroxeagorako utzi ditugu, gonbidatuei oraindik ere tartetxo batez itxoiteko eskatuz.

Baztango zenbait dantza eman ditugu ondoren: Arizkungo sagar-dantza, bilantziko-txiki, zahar-dantza eta mando-zaharrarena mutil-dantzekin osatzen ohi den sorta, Baztango zortzikoa eta Arizkungo gaita, bukatzeko. Haizea eta kapela koniko altuak ez direla oso lagun egiaztatu ahal izan dugu, baina istripurik gabe —eta euri xortarik gabe abantzu— eta zenbait argazki eder utziz, joan da Baztango partea ere.

Barañain 2018-06-30 - 10
Argazkia: Mikel Tristan

Barañain 2018-06-30 - 11
Argazkia: Mikel Trsitan

Barañain 2018-06-30 - 12
Argazkia: Mikel Tristan

Barañain 2018-06-30 - 13
Argazkia: Mikel Tristan

Arizkungo Gaita fandangoa eta arin-arinarekin bukatzen denez, soka-dantzako gonbidatuak ere dantzara atera genituen bukaeran eta dantzari guztion kalejirarekin eman genion amaiera haizearen kontra dantzatu behar izan genuen emanaldi honi.

Argazkia: Ivan Delgado
Argazkia: Ivan Delgado

Barañain 2018-06-30 - 14
Argazkia: Ivan Delgado

Eskerrak eman nahi dizkiegu hemendik, Barañaingo emanaldi hau proposatu ziguten Harizti dantza taldeko lagunei. Gure taldean Barañaingo dantzari dezente (izan) ditugu eta berezia izan zen, aspaldiko partez, bertan dantzatu ahal izatea.

  • Mikel Tristan-ek eta Ivan Delgadok hartutako argazki zoragarri guztiak hemen dituzue ikusgai:

2018-06-30 Barañaingo bestak 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.