Dokumentuaren akzioak
Gorazarrerako soka-dantza
Donibane bezperan egiten dugun soka-dantzari aurpegi garbiketa egin diogu azken urteotan. Dantzarien banaketari eta koreografiari dagozkion aldaketak 2019an egin genizkion eta aurtengoan beste 2 kanbiamendu ere egin dizkiogu. XX. mende hasierako mutil eta neska-nagusien aitzaki historizista samar horrekin, Arrotxapean plazatua izan dugu soka-dantza hori egun arte, baina kokapen horrek zentzua galdurik zuen osoki azken aldiotan. Beraz, Santa Ana plazara lekualdatu dugu aurtengoan, bertan ospatzen baitute Iruñeko Alde Zaharreko auzoek Donibane bezpera, eta beraz, gure soka-dantzari testuinguru eta funtzio egokixeagoa ematearren.
Bestetik, gure komunitatetxoan ekarpentxoa egiteko asmoz, urtean zehar, honengatik edo hargatik, gorazarrea merezi lezakeen pertsona, erakunde edo taldea(k) omentzeko baliatu genezakeela pentsatu genuen eta horrela egin dugu, aurtengoan, lehenbiziko aldiz. 2022 honetan Iruña Taldea elkarteak eta Arturo Campión euskaltegiak 50 urte betetzen dituztela-eta, bi erakundeetako kideak izan ditugu gonbidatu berezi.
Arga ibai bazterrean paparreko lore sortak atontzeko lili bila joan ondotik, jantzi eta 18 dantzariz osatutako soka eraman dugu plazara. Iñaki Tristanek gidatu du soka bere buruan, eta Leire Lezak egin ditu atzesku lanak. Plazara atera, itzuli osoa eman eta zubiak egin-eta, Iñakik eta Leirek belauntxingoa dantzatu dute, soka puntu-erdian kokatuta.
Ondotik, Axeri-dantza egin dugu eta dantzari guztiek hartu du sokaren burua, banan-bana, norbere zortzikoko berezitasunak erakutsiz. Tartean egon dira, soka-dantzan —Donibane bezperan behintzat— debuta egiten zuten zenbait dantzari gaztetxo, beteranoagoen mailaz jelos egoterik ez dutela erakutsiz.
Gonbidatuak omentzeko txanda heldu da ondotik. Zerbitzariek Iruña Taldeko dantzari, Itsaso Erro eta Arturo Campión Euskaltegiko ikasle, Iker Mundiñano sartu dituzte sokara eta aurresku zein atzeskuak belauntxingoa dantzatu diete aurrez-aurre, goresmen gisa.
Ondotik, gainontzeko gonbidatuak batu dira dantzara, Iruña Taldeko dantzari, Nerea Eugi eta Arturo Campión-go Xabier Martinez Lezea irakaslea eta Jaime Martin ikaslea, tartean. Haien trebetasunak ikusirik, C1a gainditu dute ekain honetako dantza-erronkan, inongo zalantzarik gabe! Dantzari guztiek belauntxingoa dantzatu diete haien gonbidatuei eta ondotik, guztiok elkarrekin ingurutxoa dantzatuz, ginga ederra jarri diogu arratsaldeari.
Ondotik, merendu pixka bat eta Iruña Taldeko, Arturo Camión euskaltegiko, Piparrika auzo baratzeko, Zaldiko Maldiko elkarteko eta Alde Zaharreko auzoko elkarteko lagunekin arratsalde pasa egin dugu plazan berean. Surik gabeko Donibane bezpera izan da, aurtengoa, halabeharrez. Datorren urterako, horixe, gure azken dohikuntza!
Talde argazkia hartuz, aurtengo aldaketen etorkizunerako oroigarria utzi nahi izan dugu!
Mila esker gure lehen gonbidatu bereziei eta Aunitz urtez!!
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Duguna - Iruñeko dantzariak
Iruñeko udalak 1949. urtean sortu zuen gure taldea, hiriko antzinako dantza usantzak gogoan, euskaldunon hiri buruzagiko zeremonialetan dantzan aritzeko. Sanson Galante eta Joanes Larraintzarkoaren oinordeko sentitzen dugu gure burua.
Duguna - Iruñeko dantzariak
Maiatzaren 2a karrika, 9 behea
31001 - Iruñea
Tfnoa: +34 657 33 29 44
duguna@duguna.eus
Jasotako azken erantzunak
- Aurtzaka dantza taldea on Auzo bat dantzarako: Igartzako egunean aritu gara ezpata-dantzari
- Kezka dantza taldea on Aurtengo San Juan bezperako soka-dantza, Kezkari esker onez
- Aritz Ibañez Lusarreta on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Oier Araolaza on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Kezka dantza taldea on Aspaldiko partez, Maulen!
- Aritz Ibañez Lusarreta on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Dantzan on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Aritz Ibañez Lusarreta on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Kezka dantza taldea on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Patxi Montero on Eta trokeo dantzak plazaratu genituen! 2017/09/05