Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Duguna - Iruñeko dantzariak Giza-dorreen hiriburuan dantzatu gara

Dokumentuaren akzioak

Giza-dorreen hiriburuan dantzatu gara

2025/09/15 10:45
Giza-dorreen hiriburuan dantzatu gara

Argazkia: Roser Blanch

2024ko abenduan mezua jaso dugu: giza dorreen topaketa bat antolatzekotan direla Penedes-eko Vilafrancan (Katalunian) eta gure kontaktua nahi omen dutela, hara joan gaitezen. Hilabete batzuk geroago heldu da gonbidapen ofiziala eta maiatzaren 10ean, goizean goizik, autobusa kargatu eta Ebro ibaiaren ibilguari jarraitu diogu, Iparretik Hego-ekialderuntz, Vilafrancaruntz. Hain zuzen ere, duela hiru-lau mende dantzari valentziarrek egiten zuten bidearen kontrara. Esaten baitute, Euskal Herriko trokeo dantzek asko zor dietela Valentzia aldetik gurera dantzara etortzen ziren dantzari erdi-profesional haiek egiten zituzten dantzei. Giza-dorre mota bati Ball de valencians deitzen diote herrialde katalanetan eta beraz, gu gure Ball de valencians-txoa —gure dorretxoa, gainontzeko Trokeo-dantza guztiekin batera— erakustera abiatu gara hara. 

Vilafrancara heldu eta ez dugu askorako denborarik izan. Bazkaldu, jantzi eta herrira igo. Lehenbiziko eta behin, parte hartzaile guztiei, harrera egin digute Herriko Etxean. Bertan izan gara Briones eta San Asensioko dantzariak (Errioxa), eta Vilafrancako Moxiganga, Falcons, Xicots eta Castellers taldeak. 

2025-05-10_Vialfranca-01
Argazkia: Roser Blanch

Harreraren ondotik, Udaletxetik Santa Maria plazara —katedraleko plazara— joan gara, handik abiatuko baitugu berriz ere Herriko Plazaraino eramanen gaituan karrika-ingurua. Pentsatu dugu Katedral aitzin hura ez zela dantzarako toki eskasa ere, baina Herriko plaza nagusian egin izan dituzte Vilafrancako castellersek haien balentria haundienak eta ezin muzin egin plaza horretan dantzatzeari.

2025-05-10_Vialfranca-02
Argazkia: Roser Blanch

2025-05-10_Vialfranca-03
Argazkia: Roser Blanch

Tuterako gaiteroen doinura abiatu gara dantzan! Eta gurekin batera, baita gainontzeko taldeak ere.

2025-05-10_Vialfranca-04
Argazkia: Roser Blanch

San Asensioko (Errioxa) dantzariak. Argazkia: Roser Blanch

2025-05-10_Vialfranca-06
Briones-eko (Errioxa) dantzariak. Argazkia: Roser Blanch

2025-05-10_Vialfranca-07
Falcons de Vilafranca (Katalunia). Argazkia: Roser Blanch

Ondotik, banan-bana joan gara talde guztiak plaza hartzen. Bakoitzaren emanaldi bukaeran, nork bere dorrea eraiki du eta dorrearen puntatik botatako oihuekin, herria agurtu dugu. Giza-dorreak orotarikoak izan dira. Vilafrancako Falcons taldeak giza-piramide harrigarriak eraiki ditu hasteko.

2025-05-10_Vialfranca-08
Argazkia: Roser Blanch

San Asensio eta Briones-eko errioxarren txanda heldu da ondotik. Talde biek antzeko errepertorioa erakutsi dute, batez ere makil-dantzez osatua, baina San Asensiokoen dantzakera indartsuagoa eta biziagoa egin zaigu. Hildakoaren-dantza, arku-dantza, ofizioen dantza... aberatsxeagoa iruditu zaigu haien emankizuna. Dantzak nola jantziak koloretsuago.

 

2025-05-10_Vialfranca-09
Argazkia: Roser Blanch

2025-05-10_Vialfranca-10
Argazkia: Roser Blanch

Gure txanda ere heldu da halako batean. Behin Kataluniaraino etorrita, ez dugu trokeo-dantzarik zakuan utzi nahi izan eta gure errepertorio guztia eman dugu plazan: bi makil-txikien dantzak, makil-handiena, ezpata-brokelena, arku-dantza, zinta-dantza eta giza-dorrea. Ondotik, ikusleetako batzuk esan digutenez, erabilitako erraminten aniztasunak harritu ditu gehien. Katalunian ohituago daude talde bakoitzak dantza molde bakarra egin dezan Ball de Baston-ek makil-txikienak, Ball de Circolets-ek, arku-dantzak, Ball de Gitanes-ek, zinta-dantzak, eta abar), eta beraz, dibertigarria egin zaie talde bakarrak suerte guztiak jorra zitzan.

2025-05-10_Vialfranca-11
Argazkia: Roser Blanch

2025-05-10_Vialfranca-12
Argazkia: Roser Blanch

Arratsaldea luze doa. Castell denboraldia hasi berri duten Vilafrancako Castellers eta Xicots taldeek erakustaldi 'xumea' egin dute plazan. Vilafrancako berdeak dira egun Kataluniako casteller txapeldunak eta haien maisutasuna erakutsi dute, giza-arkitektura lan ezin zainduagoa eginez. Denboraldiko lehen td8f, 3d9f eta  5d8 dorreak kargatu eta deskargatu dituzte. Momentu batean, dorre baten piñan sartzera gonbidatu gaituzte eta txundigarria izan da bertan sentitu dugun indar eta ardura. 

2025-05-10_Vialfranca-13
Vilafrancako Castellers eta Xicots taldeak. Argazkia: Roser Blanch

2025-05-10_Vialfranca-14
Argazkia: Aritz Ibañez

Iluntzen ere hasi du azkenerako. Eta iluntasunari aurre egiteko Vilafrancako Moixigangak bere kandelak piztu ditu eta Jesukristoren bizitzaren pasarteak antzezteari ekin dio, guztiak ere, giza-dorreak eraikiz. Tarragonakoa ezagutzen genuen 2018 Ezpalak jaialditik, eta orain, baita Vilafrancakoa ere.

2025-05-10_Vialfranca-15
Argazkia: Roser Blanch

Talde guztiok aldi berean eraikitako giza-dorrearekin eman diogu amaiera emanaldiari.

2025-05-10_Vialfranca-16
Argazkia: Roser Blanch

Bi bisita interesgarri

Jaialdia bera ez balitz aski aberasgarri izan, bi bisita interesgarri ere egin ditugu emanaldiaren ondotik eta biharamunean. Lehenengoa Vilafrancako Castellers-en egoitza ikusgarrira (Cal Figarol) eta bestea —bestondo zerbaitekin, egia esan beharra badago— Casa de la Festa Major-era. Castellersek azaldu digute haien 76 urteko historian lortutako erronka guztiak eta nola mundu guztia kurritu duten dorrea gora eta dorrea behera. Entrenatzen duten eta haien beharretara osoki atonduta duten polikiroldegi ez-sinestekoa ere erakutsi digute afaldu aitzin. 

 

Cal Figarol
Cal Figarol-eko polikiroldegia. Argazkia: Wikipedia

Tuterako gaiteroak Cicerone ezin hobeak izan ditugu bidaia guztian zehar, izan ere, haiek ohitura dute San Felix guztiz Vilafrancako festetara jotzera etortzekoa. Etxean bezala zeuden eta etxean bezala sentiarazi gaituzte, hartara, gu ere. Museora egindako bisitan erraldoien, herensugearen, egiten dituzten dantzen, buruhandien eta abarrekoen historia eta istorioak kontatu dizkigute. Eskerrak horregatik  haiei eta Xavier Aranda antolatzaileari ere.

Casa de la Festa Major - Vilafranca
Argazkia: Aritz Ibañez


Bisita batean zein bestean konturatu gara, Kalatunian, ondare eta kultura kontuetan, beste liga batean jokatzen dutela. 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.