Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Duguna - Iruñeko dantzariak Gerardo Lezea joan zaigu

Dokumentuaren akzioak

Gerardo Lezea joan zaigu

2026/02/08 12:15
Gerardo Lezea joan zaigu

2024-11-29. Dugunaren 75. urteurreneko soka-dantzan Gerardo izan zen soka buru. Argazkia: Iñaki Aldaz

Poliki-poliki argia zabaltzen eta udaberri zantzuak igartzen hasten garen egunak negutu zaizkigu atzo, Gerardo Lezea Iabar-en heriotzaren berri izan dugunean. 1932 urtean sortua gure taldearen hastapenetatik geratzen zen dantzari apurretakoa genuen. Iruñeko Kale Nagusian sortua, Oberenako dantzari sortzaileetakoa ere izan zen —Oberenako 30 zenbakidun karneta zuen—, eta beraz, aurretik bazekien dantzan. 

Gure taldea 1949ko azaroaren 29an egin zuen bere lehen emanaldia, San Saturnino egunez. Estrainaldi horren ondotik baina, zenbait baja izan zituzten. Egunkarian iragarki bat argitaratu zuten deialdia eginez eta dantzarigaiek probatxo bat egin behar izan zuten. Gerardo, Oberenako dantzari izaki, aise gainditu zuen Patxi Arraras taldeko zuzendariak egin zien proba hura eta 1950eko Besta Berri egunez berriz dantzatu zutenerako, debuta egin ahal izan zuen Gerardok, bere bi lagunekin —Santiago Altamirarekin eta Jose Urrizolarekin— batera. 

Aste egun guztiz entsaiatzen zuten garai hartan, San Frantziskoko eskoletan, larunbatetan eta igandetan salbu. Berehala, Duguna ikuskizuna egiteko ideia proposatu zuten eta Gerardok bertan ere parte hartu zuen. Lantzeko inauteria, Leitzako ingurutxoa, Amaia operako ezpata-dantza, Lizarrako Larrain-dantza... ikasi zituzten ikusgarrirako.1951eko ekainaren 28an mustu zuten Duguna, Iruñeko Gaiarre antzokian, arrakasta handiz. 

Garaian zituen 17 urtetxoetan, Iruñeko Udal dantzari izatea tumatxa zela zioen Gerardok.

Gerardo Lezea 01
1952-08-03. Gerardo Lezea, Mari Tere Paños-ekin dantzan, Donostiako zezen plazan.

1953-07-24 Gerardo Lezea lehen planoan, Nafarroa Behereko dantza jauziak dantzatzen, Tuterako Gaztanbide antzokian
1953-07-24 Gerardo Lezea lehen planoan, Nafarroa Behereko dantza jauziak dantzatzen, Tuterako Gaztanbide antzokian

Gogoan zuen udaro, Iparraldeko hamaika herritan dantzatu zirela, astebururo: Miarritze, Donibale Lohizune, Doninbane Garazi, Maule, Baigorri... Baigorriko emanaldi horietako baten irudiak topatu eta pasarazi zikzigun Josu Martinezek duela gutxi. 1953eko Baigorrik bestetako emanaldia dugu eta tartean, Gerardo Lezea agertzen zaigu dantzari.


1954 urtera arte dantzatu zen gure taldean, Bilbora joan baitzen ikastera. Handik Madrilera, bertan bizi izan baitzen 65 urtez. Bertako Zalakain jatetxeko kudeatzaile izan zen hainbat urtez. Azken urteotan iruñera itzuli zen eta gure taldeko 75. urteurrenean oso modu aktiboan parte hartu zuen, hainbat elkarrizketetan parte hartuz eta gonbidatu genuen ekitaldi guztietan dantzara ere animatuz —91 urterekin!!—. 

Gerardo Lezea 02
2024-10-26. Gure taldeko belaunaldien arteko emanaldian, Gerardo Lezea, taldeko gainontzeko beteranoekin dantzan, soka buruan


Gerardo Lezea bezala zahartu nahiko genuke guk ere, bukaerara arte dantzan!
Ez adiork Gerardo! Zure dotorezia eta apaltasunarekin, gogoan izanen zaitugu. 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.