Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Duguna - Iruñeko dantzariak Galarrik ez Galarren

Dokumentuaren akzioak

Galarrik ez Galarren

2023/06/12 13:05
Galarrik ez Galarren

Argazkia: Cristobal Puig

Hiztegiaren arabera arbolaren adar idortua da galarra. Baina joandako maiatzaren 20an Galar Zendeako Subitza herrian ospatutako Euskararen egunean, galarrik ez, adar fresko eta sendoak antzeman ditugu guk. Bertara dantzara deitu gaitu euskara zerbitzuak eta gure susmo onak berretsi ditugu bertan. Galarko zendean 3000 lagun inguru bizi dira eta horietarik 300 bat izan dira II. Euskararen egunaren ospakizunean. Gogo berezia piztu digu emanaldiak eta gogoa asebete dugu bertan dantzan.

Iruñetik harri kolpe batera dago Subitza eta dena da abantaila. Batetik, emanaldia bera oso eroso bilakatzen du horrek —Iruñeko gure egoitzan arropaz aldatu eta mila traste mugitu gabe joan eta itzuli ahal izan gara—, eta bestetik, Iruñean aldatu gabe Subitzara zuzenean joan diren dantzarien arropa zuriak lokalean ahaztu badituzu, aukera dago 35 minutuko rallya eginez, arropen bila joateko, itzultzeko, arrapaladan janzteko eta soberako atzerapenik gabe dantzan hasteko. Horregatik ere, gustora izan gara Subitzan, dena izan baita erraztasuna eta laguntza.

Emanaldia ezker-paretan gertatu da eta han abiatu gara, trokeo-dantzekin. Giro berezia dago. Dantzariak ere hurbiltasunak ematen duen lasaitasunez, baina dena emanda aritu dira. Galarrik ez, gurean ere! Hurrengo entsaioetan pastak ere izanen ditugulako pozik gara, debuten bat tarteko. Giza-dorrea kenduta, trokeo-dantza guztiak eman ditugu bata bestearen ondotik. Julen Leuza, Asier Capón eta Aitor Huarte aritu dira gaitan.

2023-06-20_Subitza_01
Argazkia: Cristobal Puig

2023-06-20_Subitza_02
Argazkia: Cristobal Puig

2023-06-20_Subitza_03
Argazkia: Cristobal Puig

2023-06-20_Subitza_04
Argazkia: Cristobal Puig

Nahi baigenituen galartarrak dantzara gonbidatu, soka-dantza atera dugu ondoren. Enneko Ganboa eta Irene eta Iñigo Rezusta txistulariak batu zaizkie gaiteroei, musikan. Bittori Elizaldek egin ditu aurresku lanak eta Jon Benitok atzeskuarenak, eta herritarrak dantzara gonbidatu ditugunean, horra hor gure sopresa: lotsatu eta errefusatu beharrean, denak animatu baitira gogo onez eta baten batek, baita bere burua eskaini ere! Horregatik ere esan dugu, galarrik ez dugula antzeman batere Galarren! Gure bi hizkuntzetan —euskaraz eta dantzan— ederki moldatzen direla erakutsi digute. Kimu berdeak Subitzan!

2023-06-20_Subitza_05
Argazkia: Cristobal Puig

2023-06-20_Subitza_06
Argazkia: Cristobal Puig

2023-06-20_Subitza_07
Argazkia: Cristobal Puig

2023-06-20_Subitza_08
Argazkia: Cristobal Puig

2023-06-20_Subitza_09
Argazkia: Cristobal Puig

Eta emanaldia bukatu eta frito eta edari sorta ederra atera ez digute ba! Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantzan kantatu ohi dugunez: heldu den urtean berriz!

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.