Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Duguna - Iruñeko dantzariak "Kriskitinek arrabots, berriz (zazpigarren aldiz) plazara gatoz!"

Dokumentuaren akzioak

"Kriskitinek arrabots, berriz (zazpigarren aldiz) plazara gatoz!"

Iragan 2015eko irailaren 27an irten ginen karrikara 7. aldiz, gure Sanfermin Aldapakoaren ezpata-dantzarekin. Iruñean tradizioek bi urte behar omen dituzte errotzeko eta gu zazpigarrenean gara. Urterik-urte, ari da gure ezpata-dantzaren oinarria sendotzen eta gero eta hurbilago dugu Mus jokoaren hamarrekoa.

IMG_4334

Urte hauetan guztietan, aldaketatxoak txertatu ditugu ezpata-dantzan aldi batetik bestera: bandera, boboak, dominak... zazpigarrenean argazkia ateratzeko dekoratua aldatu genuen. Talde argazkia Arrotxapeko zubiaren ondoko belardian egin ordez, gure Alde Zaharreko egoitzaren ondoko hotelaren atarian egin genuen, belarra galtzada-harriengatik aldatuz. Handik, ziztu bizian Arrotxapeko zubira jaitsi ginen, 11:30etan punttuan bandera-arbolak goizari hasiera eman behar baitzion.

_MG_0017

Ongi pentsatuta, aldaketa gehiago izan zituen zazpigarren ezpata-dantzak. Hasteko debutari zenbait: Maialen Etaio, Gotzon Asin, Auritz Garzia, Maria Izal, Marino Huarte Uxue Merced, Unai Martiartu, Shanti Diaz eta Aitor Huarte (txistuan) eta Migel Fagoaga (atabalean). Bestetik, Itxaso Martinez-ek bete zuen boboaren rola aurrenekoz. Azkenik, aurreko sei urteetan Angel Leza izan dugu banderazain neurridun, dotore, zaildu, fin, sentikor eta beste hamaika gauza eder. Angelek berak erabaki zuen lekukoa, kasu honetan bandera, hurrengoari pasatzea. Joseba Lorenzo-k jokatu zuen paper hori, bai ederki bete ere, oraindik ere Angelen ile urdina falta zaion arren... Taldeko txistularien doinura Arga ibaiaren gaineko airea sotiltasun handiz ferekatu zuen banderarekin, bere aurrekoak bezalaxe. Dantzari guztiek zubiaren gainetik eta banderaren azpitik korrika egin ostean, tropelaren zortzikoarekin ekin zioten Santo Domingoko erripan gorako bideari, txistularien doinupean.

_MG_0072

_MG_0138

Lehendabiziko geltokia, Sanfermin mairuaren horma-hobia. Han, gure buruzagi, Aritz Ibañez, eta Julen Fagoaga, Leire Leza, Mikel Tristan eta Amaia Irigoien kapitainek euren zortzikoa dantzatu zuten, tropeleko dantzariei arnas piska bat hartzeko parada emanez. Izan ere, gaizto da Santo Domingoko aldapa ziztu bizian igotzea!

_MG_0273

_MG_0568

Zubiak gora eta zubiak behera, San Fermin Aldapakoaren kaperara heldu ginen. Askorentzat kaska kentzeko eta piper-opilak eta moskatela dastatzeko momentu hori goizeko gozoenetarik bat izanen da, baina, inondik inora, eguneko momenturik gozoena, Aritz Uriz-ek, aurtengo zerbitzariak, San Fermin-en irudiari eliza atarian piper-opila eskaini zionekoa! 

_MG_0468

_MG_0495

Kapitainen eta buruzagiaren bigarren zortzikoaren ondotik, jendartean zintzarriak astintzeari ekin genion berriz. Sanferminen irudia berriz elizaraino lagundu, ezpatekin arkua egin eta udal plazarunzko bidea hartu genuen, berehala.

Eguraldi onak lagundurik, jendetza inguratu zen udal plazako saioa bertatik-bertara ikustera, sugandilak harri beroaren gainera nola. Aipatu dugu lehenago ere, Iruñean 2 urtetan errotu egiten direla tradizioak eta gureak 7 dituela jada. Iruindarrek ongi hartu dute gure ezpata-dantza eta biharamuneko prentsako argazki hau horren lekuko.

Ezpata-dantza

Urteroko kezka, oinarria egiteko aski toki izanen ote genuen, baina boboek bazterretako jendea uxatuz, azkenean inoiz baino leku gehiago izan genuen eroso dantzatzeko. Beraz, ezpatekin oinarria egin, bandera berriz dantzatu, buruzagia goratu, kapitainek dantza, oinarria desegin eta gure egoitzarantz abiatu ginen Mañueta karrikatik pasatuz.

_MG_0825

_MG_0828

_MG_0857

_MG_0896

Gure egoitzaren familia arteko giro goxoan, buruzagi eta zerbitzariak belauntxingoa dantzatu zuten gainontzekoek kanturako eztarria berotzen zuten bitartean.

_MG_0968

Aritz versus Aritz dema berdinketan geratu zen, nola ez, eta bien arteko giro onaren seinale, eskuak lotu eta irradakara atera ziren gainontzeko dantzari eta lagun guztiekin batera, sokan. Hurrengo urtean berriz! mantra errepikatu eta 2016an ere hantxe egonen garela zin eginez eman genion bukaera igande goiz ederrari.

_MG_1027

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.