Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Duguna - Iruñeko dantzariak Ezpalak 2018: Giza-gazteluak Iruñeko Gazteluko plazan

Dokumentuaren akzioak

Ezpalak 2018: Giza-gazteluak Iruñeko Gazteluko plazan

2018/06/17 09:55
Ezpalak 2018: Giza-gazteluak Iruñeko Gazteluko plazan

Tausteko dantzariak haien dorre ikusgarrietako bat eraiki berri. Argazkia: Iñaki Zugasti

10 urtean behin izaten da. 10 urtean behin euria izaten dugu Iruñeko Ezpalak jaialdian. 2008an izan genuen, arkuak txirikordatu genituen urtean eta aurten ere izan dugu. Eta ez nolanahiko zaparrada! Baina egitekotan, egin dezala ongi! Hartara, goiz-goizetik erabaki genuen jaialdia estalpean egitea beste erremediorik ez genuela eta beraz, Zentral ostatuan egin dugu aurtengo giza-dorreei eskainitako Iruñeko Ezpalak jaialdia. Eskerrak sabai altua duen kontzertu gelak!

 Argi psikodelikoek beste ikutu bat eman diote jaialdiari. Tira, dantzarientzat tokia prestatu, publikoak plazatxoa atondu eta abiatu dugu 13. Ezpalak.

Dugunako txikiek eman diote hasmenta jaialdiari, Sanjoan egunez Andoainen dantzatzen duten Axeri-dantzarekin. Paseoa, Aitarena, Orratzakoa eta Ilentia egin dituzte iji eta aja eta ondotik 3 dorre eraiki dituzte abilezia handiz, bi txikixeago eta bestea kategorikoa!

Ezpalak 2018 - Iruñea 05
Txistulariak lanerako prest. Argazkia: Iñaki Zugasti

Ezpalak 2018 - Iruñea 01
Dugunako haur eta gaztetxoak, Axeri-dantzan. Argazkia: Iñaki Zugasti

Ezpalak 2018 - Iruñea 02
Argazkia: Iñaki Zugasti

Ezpalak 2018 - Iruñea 03
Argazkia: Iñaki Zugasti

Ezpalak 2018 - Iruñea 04
Argazkia: Iñaki Zugasti

Taldeko nagusien txanda ondotik. Txikiek altu utzia zuten pabiloia —sabaitik gertu— eta berdintzen saiatu behar! Sanferminetako trokeo-dantzak erakutsi dituzte Ezpalak jaialdian lehendabizikoz. Kriskitin arrabots betean atera dira plaza inprobisatura ziztuan eta haien dantza zikloko hiru dantza eman dituzte lehendabizi: makil-txikiena, zinta-dantza eta makil-handiena. Gero, jaialdiaren gaiak hala agintzen baitzuen, dorrea! Puntaren puntara igo da Itziar Perez eta handik goratu ditu dantzari, gaitero, beste taldeetako dantzari, ikusleak eta goratu beharreko guztiak! Biba!

Ezpalak 2018 - Iruñea 06
Gaiteroak dotore. Argazkia: Iñaki Zugasti

Ezpalak 2018 - Iruñea 07
Betroiarena. Argazkia Iñaki Zugasti

Ezpalak 2018 - Iruñea 08
Pinpirin eta florian. Argazkia: Iñaki Zugasti

Ezpalak 2018 - Iruñea 09
Muga gainetik. Argazkia: Iñaki Zugasti

Ezpalak 2018 - Iruñea 10
Argazkia: Iñaki Zugasti

Ezpalak 2018 - Iruñea 11
Muga gainetik. Argazkia: Iñaki Zugasti

Berantevillako herritarrak atera dira plazara hirugarrenik. Eta egiazki herritar gisa aritu dira, natural-natural. Bost minutu lehenago gure txistulariei 'zerbait' jotzeko eskatuta, kalejiraren konpasean atera dira plaza erdira eta han eraiki dute haien 3 pisuko dorrea. Ziurtasunez eraiki eta modu zoragarrian deseraiki dute, duela hainbeste mendetako dantzariei buruzko kroniketan irakurri izan dugun itzulipurdi eta guzti.

Ezpalak 2018 - Iruñea 12
Berantevillakoen giza-dorrea. Argazkia: Iñaki Zugasti

Haiena izan da estalpeko emanaldirik laburrena. Estalpekoa diogu, ondotik, karriketan barna beste hamaika gaztelu eraiki baitituzte Estafeta karrikan, Udal plazan, Gazteluko plazan... harrizko gazteluaren faltan, Berantevillakoen giza-gaztelua!!

Ezpalak 2018 - Iruñea 13
Argazkiak: Iñaki Zugasti

Iruñean egin genuen lehen Ezpalak jaialdian, 2007. urtean, gurekin izan genituen Tausteko dantzariak. Haien giza-dorre ikusgarriak oroituz, berriz gonbidatu nahi izan ditugu dantzara eta gogoan genuen oroitzapena oraindik gehiago goxatu digutela baino ezin dugu esan. Apaindutako arku zoragarriekin eta arkurik-gabe dantzatutako kontra-dantza kementsuen arteetan tartekatu dituzte beste horrenbeste giza-gaztelu, zein baino zein ikusgarriago! Dorrean gora eta behera ibiltzeko duten teknika zorrotzak ere harritu gintuen.

Ezpalak 2018 - Iruñea 14
Tausteko Dancearen arku-dantzetako bat. Argazkia: Iñaki Zugasti

Ezpalak 2018 - Iruñea 15
Taustekoen lehenengo dorrea. Argazkia: Iñaki Zugasti

Ezpalak 2018 - Iruñea 16
Taustekoen bigarren dorrea. Argazkia: Iñaki Zugasti

Ezpalak 2018 - Iruñea 17
Taustekoen hirugarren eta laugarren dorreak. Argazkiak: Iñaki Zugasti

Gure dantza ohiturak mendeetako sedimentazio baten ondorio direla ikasi dugu, eta sinkretismo horretan, erlijio kristauak ere izan du bere eragina. Tarragonako Moixiganga izan da horren erakusle. Dantza urrats sinplez, Jesusen Via Crucisaren egonaldi guztiak antzeztu dituzte, horretarako tamaina eta forma ezberdinetako giza-dorreak eraikiz. Pa passió, la coronació, la crucifixió... banan bana aurkeztu dizkigute irudi ezberdinak. Musikaren laguntzarekin halako giro mistiko bat zabaldu da Zentralen.

Ezpalak 2018 - Iruñea 18
'L'Oració a l'hort'. Argazkia: Iñaki Zugasti

Ezpalak 2018 - Iruñea 19
'La Creu'. Argazkia: Iñaki Zugasti

Ezpalak 2018 - Iruñea 20
'El Devallament'. Argazkia: Iñaki Zugasti

Ebron gora igo eta Nafarroa Garaiko Erriberan bukatu dugu aurtengo gure promenatzea. Cabanillasen hain zuzen. Bertan, 2014ean berreskuratu zuten Paloteao-a egiteko ohitura —XIX. mendean egiten zeneko testigantzak badira— eta giza-dorre batekin burutzen dute haien Artedrama satirikoa. Haien dantza errepertoriotik paseoa, arku-dantza eta zinta-dantza erakutsi dituzte lehenbizi eta jardunaldiko azken dorrea eraiki eta deseraikitzeko ardura haiena izan da. Puntaren puntatik azken oihuak, tartean, biba Ezpalak!

... bada, biba!!!

Ezpalak 2018 - Iruñea 21
Argazkia: Iñaki Zugasti

Ezpalak 2018 - Iruñea 22
Argazkia: Iñaki Zugasti

Ezpalak 2018 - Iruñea 23
Argazkia: Iñaki Zugasti

  • Iñaki Zugastik Iruñeko Ezpalak jaialdian hartutako argazkien galeria hementxe duzue ikusgai:

 

2018-05-26 Ezpalak / Giza-dorreak

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.