Dokumentuaren akzioak
Eta Mattin hartza bere hartzuloan sartu zen...
Sanmartin egunarekin —azaroak 11— sartzen omen da hartza kobazuloan negua iragarriz. Otsailaren 2an —Kandelaria egunez— berriz esnatu eta negua luzatuko ote den iragartzen du. Sanmartin egunaren bueltan ateratzen dute kalera Maritzuliko dantzariek haien ezpata-dantza, eta nola ez, hartza izaten dute lagun (Mattin deituko diogu hemen). Aurten, egiazki kobazuloan sartzeko gogoa ematen zuen eguraldia ekarri zuen azaroaren 12ak.
Ongi jakin badakigu, gu ere han izan baikinen! Biarritzera ordezkaritza majo bat bidali genuen dantzara eta elementuen aurka borrokatzera. Izan ere, Maritzuliko jende nobleak gonbidapena luzatu, guk onartu eta ezpata-txiki lanak egitera heldu ziren Leire Leza, Izaskun Arriaran, Mikel Tristan eta Aritz Ibañez. Gure txikien saldo bat ere bidali genuen, 2015ean dantzatu ahal izan ez zuten arku-dantza dantzatzera. Haien buru Julen Fagoaga eta Ione Torres. Eta Ainara Ranera ezpata-dantzari.
Aterako, ez aterako, azkenean baietz! Xirimiriari aurre eginen geniola espartinen kaltetan balitz ere. Gare du Midiko aitzineko lorategiko kioskoan koplak kantatu eta matxa bizian abiatu ginen merkatuaren plazara, abiaduraren poderioz ezpartzuak ura xugartuko ez zuen esperantza inuxentearekin. Han, ezpata-txikiek eta tropa bakoitzeko buruzagiek Lakartarrak eta Ahuntxa dantzatu zuten, istiletan plisti-plaust.
Ez zen giro: euria, haizea, hotza eta haize gehiago... baina behin karrikara aterata ez ginen berehala kikilduko! Bellevue plazara heldu eta Itsasoari begira, eraikinen babesik gabe, oraindik ere zorrotzago zen ipar haizearen ahoa. -Hemen dantzatuko duzue eta erretreta! Jon eta Claudek! Ados! Taldeko txikiek azken asteetan mimo handiz prestatutako arku-dantza eman zuten ederki-demonio! Ondotik, arkuekin arrosa eraiki eta gainera igo zen Alaia Martinez-Estibariz. Ezpata-txikiek inguruan dantzatu zuten Xibandiarrak.
Gare du Midira itzuli eta atean zubia osatu zuten ezpata-dantzariek, hartzulorako sarrera. Eta horren aitzinean Lakartarrak eta Ahuntxa dantzatu zuten berriz Jon buruzagiak eta Mattin hartzak. Ondotik, hartza bere xokora sartu zen. Otsailerarte? Ez!
Txirrintari ezin itzulia emanda, Plaza-berri pilotaleku ederrera buruz abiatu ginen. Postala neo-euskalduna zirudien hura, Tillac-en koadro batetik ateratakoa: Murruen berdea, egurrezko balkoien marroia eta dantzarien arropen kolore biziak. Han bandera dantzatu eta ezpata-dantza osoa dantzatzea izan genuen, idor-idor, lagun eta senideen aitzinean. Guretako kasik! Ondotik bai, hartza bubarat erretiratu zen.
Bazkari eder batekin epeldu eta akta-liburuko hitz goxoak deserta gisa gozatu ondotik, amaiera eman genion egun zakar bezain goxoari.
Mila esker Maritzuliko lagunei beste behin gonbidaturik eta nahi duzuen arte!!!
- Iñaki Zugastik hartutako argazki guztiak hemen ikusgai:
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Duguna - Iruñeko dantzariak
Iruñeko udalak 1949. urtean sortu zuen gure taldea, hiriko antzinako dantza usantzak gogoan, euskaldunon hiri buruzagiko zeremonialetan dantzan aritzeko. Sanson Galante eta Joanes Larraintzarkoaren oinordeko sentitzen dugu gure burua.
Duguna - Iruñeko dantzariak
Maiatzaren 2a karrika, 9 behea
31001 - Iruñea
Tfnoa: +34 657 33 29 44
duguna@duguna.eus
Jasotako azken erantzunak
- Aurtzaka dantza taldea on Auzo bat dantzarako: Igartzako egunean aritu gara ezpata-dantzari
- Kezka dantza taldea on Aurtengo San Juan bezperako soka-dantza, Kezkari esker onez
- Aritz Ibañez Lusarreta on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Oier Araolaza on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Kezka dantza taldea on Aspaldiko partez, Maulen!
- Aritz Ibañez Lusarreta on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Dantzan on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Aritz Ibañez Lusarreta on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Kezka dantza taldea on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Patxi Montero on Eta trokeo dantzak plazaratu genituen! 2017/09/05