Dokumentuaren akzioak
Egun bakarrean 3 kontinente kurritu zituen dantzaria
Aurtengo urrian bete dira 50 urte, gure taldeko dantzariak, erraldoi eta kilikien konpartsarekin batera, New York-en dantzan ari izan zirenetik. Dantzari haietako batek (Alejandro Izkok) Iruñeko Udal Artxibategian eman dituen 27 argazkik piztu dute berriz efemeridearen txingarra, eta azken egunotan prentsak horen berri eman du, adibidez Berriak eta Nafarroako Diario de Noticias-ek.
Deus baino lehen, zuzenketa garrantzitsu bat: Albiste horren harira, Iruñeko udalak prentsa ohar bidez zabaldu eta Diario de Noticias-ek argitaratu du, taldeko neskek atzerrian baizik ez zutela dantzarik egiten. Baieztapen hori ez da egia, Iruñeko Artxibategian bertan, hamarnaka argazkitan egiaztatzen ahal den bezala.
Bestetik, askotan aipatzen da 1965eko bidai hura Iruñeko erraldoien konpartsaren bidaia gisa, Apartheid-aren beldur Amerikako errege-erregina beltzak Iruñean utzi behar izateak eragin zuen harridura tarteko.
Eta guk Iruñeko dantzari ozpinduok, aldarrikatu nahi dugu ezetz! Bidai hura dantzarien bidaia izan zela!!! Dantzari erraldoidun eta erraldoigabeona!
1965. urtean, Nazioarteko Feria antolatu zuten New York-en eta Miguel Garcia Saez iruindarraren ekimenez - bera zen Espainiako pabiloiaren arduraduna-, Iruñeko Udal Dantza Taldea eta Iruñeko erraldoi eta kilikien konpartsak Atlantikoaz bestaldera jauzi egin zuten, feria hartan parte hartzeko. Iruñeko dantzariek hainbat emanaldi eskaini zituzten pabiloian, eta besteak beste, Otsagabiko dantzak, Zuberoakoak, Gipuzkoako ezpata-dantza, Bizkaiko dantzari-dantzako zenbait dantza, Lizarrako Larrain-dantza... eman zituzten. New York-eko bosgarren etorbide ospetsuan ere desfilatu zuten Iruñeko dantzariek erraldoiekin batera, gure taldekoondako ia-ia gurtzekoak diren argazkiak utzi zituen karrika-inguruan.
Egun bakarrean 3 kontinente kurritu zituen dantzaria
Orotara 20 bat dantzari iruindar joan ziren New Yorkera. Horietako bat Kike Ozkoidi. Estatu Batuetara bidaia egiteko aukera sortu zenean, Kike Afrikan zen, soldaduskan. Dantzari fina zen eta Federe Azkona, taldeko zuzendariak Miguel Javier Urmeneta, garaiko Iruñeko alkateari galdetu zion zerbait egin ote zezakeen Ozkoidi New York-era eraman ahal izan zezan. Badirudi Urmenetaren kontaktuak onak zirela, hari batzuk mugitu eta Azkonak eskatutakoa lortu baitzuen. Sahara aldeko kasernara Ozkoidiren irteteko-baimena heldu zelarik koronelak galdetu zion: "Nor zara zu, ba? Nureyev edo halakoren bat?". Maletak hartu, Madrilera hegazkinez eta handik berehala New York-era. Egun berean hiru kontinente kurritu zituela azpimarratu zuen garaiko prentsak.
New York-en 10 egun pasatxo eman zituzten Iruñeko dantzariek. Egun horietan, dantzaldiez gain, mila komeria bandera, ereserki eta enparauekin. Berriak bideo honetan laburbildu ditu horietako batzuk.
Esan bezala, Alejandro Izko dantzariak bere bildumako 27 argazki eman ditu Iruñeko Artxibategian. Tartean, lehendik ere ezagunak genituen batzuk, baina baita ezagutzen ez genituenak ere. Hona horietako batzuk:
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Duguna - Iruñeko dantzariak
Iruñeko udalak 1949. urtean sortu zuen gure taldea, hiriko antzinako dantza usantzak gogoan, euskaldunon hiri buruzagiko zeremonialetan dantzan aritzeko. Sanson Galante eta Joanes Larraintzarkoaren oinordeko sentitzen dugu gure burua.
Duguna - Iruñeko dantzariak
Maiatzaren 2a karrika, 9 behea
31001 - Iruñea
Tfnoa: +34 657 33 29 44
duguna@duguna.eus
Jasotako azken erantzunak
- Aurtzaka dantza taldea on Auzo bat dantzarako: Igartzako egunean aritu gara ezpata-dantzari
- Kezka dantza taldea on Aurtengo San Juan bezperako soka-dantza, Kezkari esker onez
- Aritz Ibañez Lusarreta on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Oier Araolaza on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Kezka dantza taldea on Aspaldiko partez, Maulen!
- Aritz Ibañez Lusarreta on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Dantzan on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Aritz Ibañez Lusarreta on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Kezka dantza taldea on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Patxi Montero on Eta trokeo dantzak plazaratu genituen! 2017/09/05