Dokumentuaren akzioak
Dantzatrük egin dugu Urdiñarbe eta Eskiulako dantzariekin
Iparraldeko Dantzarien Biltzarrak antolatutako 'Dantzatrük' programan izena eman dugu aurten eta matxoaren 25 eta 26ko asteburuan egin genuen trukearen lehen partea, Urdiñarbe eta Eskiulako dantzariekin. Larunbat goizean erosketatxo batzuk egin eta goiz abiatu ginen bortuetan gora eta behera. Erro, Mezkiritz, Ibañeta eta Oxkaxe gainditu eta 13:15ak aldera heldu ginen Urdiñarebera. Fite bazkaldu genuen, 14:00etan jarrita baikenuen ikastarorako hitz-ordua -ikastaro baterako ordu kontinentala, prefosta!-.
Johañe Etxebestek egin zuen zeremonia-maisuarena aurretik eta dantza-maisuarena ondotik. Aurkezpenak egin eta berak gidatu zituen beroketa eta luzaketak. Jadanik izerditan, satan zenbaiten puntuak ikasten jarri gintuen, taldeka. Bistan denez, arratsalde bakarrean ez da Zuberoako dantzen teknika ikasten, baina biziki interesgarria egin zitzaigun ikastaldia, besteak beste antrexat, antrexat errestan, eta bakhunen gako batzuk harrapatzeko.
Bitartean Iñaki eta Aitor gure xirulariak eta Julen atabalaria Mixel Etxekopar eta Arño Lexardoirekin aritu ziren txülülatzearen misterioak antzeman nahian.
Mustrakaren lehen partea amaitzeko, talde bakoitzak ikasitako satana eman zuen, musikari guztien doinupean.
Urdiñarbeko plazara atera ginen ikastaldiaren bigarren parterako. Lizarrako Larrain-dantza irakastea zen helburua eta kasik botza utzi genuen saialdian, horren zabala baitzen entsaio toki berria. Baina poliki aritu ziren zuberotarrak dantzan. Ez genuen Larrain-dantza osoa ikusterik lortu baina sarrera, katea, fandangoa eta baltsa Baigorriko Nafarroaren egunean edo Urdiñarbeko Müsikaren Egünean dantzatzeko moduan ikasi zituzten. Biba zuek! Jota-zaharra eta bolerak Iruñeko errepikarako utzi genituen.
Horretan utzi genuen dantza-truke ofiziala. Urdiñarbeko Herriko Ostatüan Demi-pêche eta panaché batzuk hartu eta Müskildiko Busumpesenera abiatu ginen merezitako dutxa hartzera.
Ponponatu ondotik, Korrika kulturalaren programaren baitan gaualdia antolatua zuten Urdiñarbeko Bil-xokoa elkartean eta bertan besta txikia egiteko aukera izan genuen. Han ere izan zen satanik, jauzirik, godaletik, banango eta enparaurik, gaueko ordu txikiak arte.
Hala ere, oilarren kokorikoarekin jaiki ginen, biharamunean maskaradak baitziren Urdiñarben. Goizeko barrikadetan kontzentrazioz so egin genien aitzindarien puntuei eta gure xirulariek bertakoen artean nahasterik izan zuten -gonbidaturik-, dantzariei dantzarako soinua jartzeko.
Goiz bukaeran Aitzina-pika eta Muneinak dantzatu eta Xistera ostatuan egin genuen bazkari legea. Postreen ondotik zenbait kantu zuberotar eta manexon artean eta Urdiñarbera abiatu ginen arratsaldeko saioa ikusteko. Eguraldiak ere lagundu zuen eta are ederragoa gertatu zen maskarada-jokoa. Hondarrean asteburu osoko nekea nabaritzen hasiak ginen eta ohiko jauziak dantzatu ondoren, lagun zuberotarrak agurtu eta Iruñerako bidea hartu genuen, zapore gozo bat ezpainetan.
Lerro hauek bitartez eskertu nahi ditugu Johañe, Arño, Beñat, Iban, Graxiana eta Urdiñarbe eta Eskiulako gainontzeko lagunak egindako batzarri goxoarengatik. Orain Iruñeko trukearen data zehaztea falta!
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Duguna - Iruñeko dantzariak
Iruñeko udalak 1949. urtean sortu zuen gure taldea, hiriko antzinako dantza usantzak gogoan, euskaldunon hiri buruzagiko zeremonialetan dantzan aritzeko. Sanson Galante eta Joanes Larraintzarkoaren oinordeko sentitzen dugu gure burua.
Duguna - Iruñeko dantzariak
Maiatzaren 2a karrika, 9 behea
31001 - Iruñea
Tfnoa: +34 657 33 29 44
duguna@duguna.eus
Jasotako azken erantzunak
- Aurtzaka dantza taldea on Auzo bat dantzarako: Igartzako egunean aritu gara ezpata-dantzari
- Kezka dantza taldea on Aurtengo San Juan bezperako soka-dantza, Kezkari esker onez
- Aritz Ibañez Lusarreta on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Oier Araolaza on Odol berria San Blaseko soka-dantzan
- Kezka dantza taldea on Aspaldiko partez, Maulen!
- Aritz Ibañez Lusarreta on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Dantzan on Sagrario Aranburu Olasagarre zendu da
- Aritz Ibañez Lusarreta on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Kezka dantza taldea on Angel Etxaniz "Veneno" zendu da.
- Patxi Montero on Eta trokeo dantzak plazaratu genituen! 2017/09/05