Dantzara goaz giza dorreen hiri-buruzagira
Heldu den larunbatean, maiatzak 10, Vilafranca del Penedesen antolatu duten Giza eraikuntzen kulturarteko lehen erakustaldian parte hartuko dugu. Sanferminetako trokeo-dantzak emanen ditugu bertan, gure giza dorrea barne. Vilafrancako castellers famatuen dorre izugarriak ezagututa, ahalke pixka batekin ere bagoaz. Eskerrak, San Asensio eta Briones-eko (Errioxa) dantzariak ere badatozela, eta haien giza dorreak ere gurearen tamaintsukoak diren!
Molde ezberdinetako giza eraikuntzak egiten dituzte Vilafrancan: castells ezagunak (Castellers eta Xicots), piramide itxurakoak (Falcons) eta Kristoren pasioa irudikatzen dutenak (Moixiganga). Denen artean osatzen dute Consell de Castells delakoa eta haien eta Herriko-etxearen artean antolatu dute erakustaldia. Hauxe izanen du programa:
Maiatzak 10, larunbata
- 10:00 Mikel Aranburu ikertzailearen hitzaldia, Paloteadoaren osagaiez eta Euskal Herriko giza eraikuntzez.
- Ondotik, mahai ingurua Jordi Bertran, Eloi Miralles eta Mikel Aranburu folklore ikertzaileen eskutik. Toni Comas-ek gidatuko du solasaldia.
- 17:30 Karrikaingurua Jaume Iaren plazatiko Udal plazaraino. Parte hartzaileak: Falcons de Vilafranca, San Asensio eta Briones-eko dantzariak eta gu (Duguna). Udaletxe aitzinean talde bakoitzak bere dantzak eta giza dorreak emanen ditu.
- Ondotik, Vilafrancako Castellers eta Xicots-ek haien erakustaldia eginen dute, eta bukaeran, talde guztiok batera eraikiko dugu nork gure dorrea.
- Bukatzeko, Vilafrancako Moixigangak bere kuadroak montatuko ditu.
Valentziarren dantzen bilakaeraren segimendua
Erakustaldi honek Valentziarren dantzen —Ball de Valencians-en— bilakaera ezagutarazi eta konparatu nahi du. Molde honetako dantzek zabalkunde handia izan zuten XVII. mendetik aurrera Katalunian eta penintsulako beste hainbat txokotan. Esaterako, XVII-XVII mendeetan, Nafarroan ezagunak izan ziren Valentziatik heldutako dantzariak eta valentziar erako dantzak. Valentziar dantza haietako batzuk sakralizatu egin ziren egungo moixigangak bilakatzeraino; beste batzuk, berriz, altueran eboluzionatu zuten, gaur egun castell gisa ezagutzen duguna bilakatu arte. Valentziar dantzari haiek, erdi profesionalizatu, beste dantza molde batzuk ere garatu —makila-dantzak, arku-dantzak, zinta-dantzak...— eta Ebro ibaian gora, udako jirak egiteari ekin zioten. Haien dantzak penintsulako hamaika herritan errotu egin ziren, eta haietako batzuetan gaztelu-eraikuntza txikiak egiten dira gaur egun ere.
Guk, besteak beste, egiteko molde horietan oinarritu genituen gure trokeo-dantzak. Eta larunbatean Ebron ibaian behera eginen dugu, valentziar gisako dantzariei bisita itzultzeko. Tuterako gaiteroak izanen ditugu lagun, iturbururako bidaia honetan.