Dantzan amaitu dugu ikasturtea
Iruñean sanfermin giroa sumatzen hasten denero, egin ohi dugu Dugunako dantzariok ikasturte bukaerako dantzaldia. Aurten ekainaren 15arekin izan da Dugunako dantzarion eguna, eta helduen taldeko dantzariok ez ezik dantza eskolako talde guztietako dantzari txikiek ere hartu dute parte, gaztetxoenetatik hasi eta helduenetara.
Nolabait antolatu behar genuen emanaldia eta hain zuzen, txikienetatik hasi eta belaunaldietan gora eginez hasi gara dantzan. Lehen taldeko txikiek, 8-10 urte bitartea dituzte dantzari ttipiek eman diote hasiera saioari Berako makil-dantzak dantzatuz. Gurasoen eta gainontzeko ikusleen samurtasun txaloak jaso dituzte, horren mununuak baitira!
Bortziriak abandonatu gabe, Lesakara egin dugu jauzi eta bigarren taldeko dantzariek, bertako ezpata-dantzako dantzak eman dituzte: makil-gurutzea, zeharkakoa, zubi gainekoa eta zantzo-monona. Ageri da ez direla lesakarrak noski, baina musikaren konpasean zeinen zehatz ari diren ikustea gozagarria izan da.
Lesakako dantzek badituzte Gipuzkoakoekin lotura garbi samarrak, eta aitzaki hori hartuta, Gipuzkoako brokel-dantzako sortako zenbait ale eman dituzte hirugarren taldeko dantzariek. Makil-txikiena egin dute, eta ondotik, uztai-txikiena ere bai.
Eta trokeo-dantza batzuetatik, beste batzuetara. Sanferminetako trokeo-dantzak, gureak, eman dituzte laugarren taldeko dantzariek. Hauek urrian pasako dira helduen taldera eta erakutsi dute dagoeneko oinarria ongi baino hobe landua dutela. Makil-txikiena, ezpata-brokelena eta makil-handiena eman dituzte hurrenez-hurren, bi zortzikotek.
Emanaldia bukatzeko helduen txanda izan da azkenean. Zuberoko maskaradetako dantzak prestatzen ibili dira ikasturtean zehar. Horetarik, barrikada haustea eta arribada, ostalerrak, godalet-dantza eta branlea kontrapasa eta branlea-jaustea eman dituzte. Barkoxe beti haboroxe, diote zuberotarrek eta gu ere barkoxtarrak bagina bezala, 13 aitzindariz osatutako taldea atera dugu plazara. Ondotik, jauna, anderea, laboraria, laborarixa, marexalak, küküllero, kherestu eta xorrotxak.
Ikasturteari amaiera eder bat eman izanaren sentsazioarekin amaitu dugu Dugunako dantzarion eguneko emanaldia. Ondotik bazkaria eta bazkal ondokoak, egunari behar bezalako itxiera emateko.