Bihar dela Sanjoan, gu hemen dantza gaitean...
Hala dio Sanjoan bezperarekin kantatzen ditugun kopletako batek, gure urteroko asmoen aitorpen fermu gisa.
Garaian gari-jotze denbora izaten zen Sanfermin aurrea, hauts, bero eta nabar kolore. Horrelako panorama topatu genuen guk ere, ekainaren 22an, lili bila Ezkabarte aldera jo genuelarik: soroak hori, galburuz soilduak, 34 gradu eta txitxarrak kantuz.

Bildu genituen bitxiloreak, mandaperrexilak eta galburuak, jan genituen gerezi eta masustak eta kasik merendatuta, abiatu ginen lore koroak atontzera.

Bezperaren bezperako lanak urrendu eta dena prest utzi genuen biharamunerako.
Ustekabe tristea hartu genuen ikustean dantzarako erabili ohi dugun plaza, Sanferminetarako metalezko hesiz inguratua zela. Baina nekeetan irri, dantzarako prestatu ginen. Gainera, dantzarietako batzuk Ane Albisuk atondutako soineko ederrak zituzten estreinatzeko eta ez zen muturbelzteko eguna. Irantzu Irigoienek gidatu zuen soka eta Maialen Etaiok, itxi! Koplak kantatu, zubiak egin eta belauntxingoa dantzatu zuten aitzin eta gibel-eskuek buruz-buru.

Gero, banaka-banaka pasa ziren dantzari guztiak soka burutik, jauzi, muriska eta artazi!

Zerbitzariek bikote bana —haiek aukeratutakoa— hurbildu zizkieten Irantzu eta Maialeni. Kasu honetan Hasier Moreno eta Iñaki Tristan izan ziren neska-nagusien belauntxingoa jasotzeko ohorea izan zutenak.
Gainontzeko mutilei sarrera emanik, neska bakoitzak belauntxingoa dantzatu zion bikotekideari eta ondotik ingurutxoaren bi parteak dantzatu genituen. Belar idorraren gainean oinak lerratuz, hautsa ere goratu egin zen eta hasieran aipatu dugun gari-jotze giroa usaindu genuen —hain zuzen ere— Arga ibai ertzeko Arrotxape-zaharreko belardian.
Taldeko argazkia hartu —itzaletan— eta merendua hartzera alde zaharreko gure txokora igo ginen. Aitortu ezinezko tokian egin genuen sua eta bertan erre genituen iazko belar-koro idorrak eta ataka gaiztoak heldu diren hilabeteek ahalik eta ongien trata gaitzaten.
- 2017ko Sanjoan bezperako soka-dantzaren argazki sorta osoa, hemen ikusgai:
