Berbintzanan, dantza ber bi

2018/03/14
Berbintzanan, dantza ber bi

Iruñean gertakari bat bitan errepikatzean (emanaldia²), tradizio bilakatzen dela esan ohi dugu. Bide horretatik, eta Iruñeko dantzari izanik, Berbintzanako besta txikietako gure dantza-eskolako ikasleen emanaldia halako tradizio bilakatu ote da? Bertan dantzatzeko gonbidapena jaso dugu aurten hirugarrenez.

Martxoaren 4ean, igandearekin, dantza-eskolaren urteko lehen emanaldia ukan dugu. Berbintzandarrei plazer emateko xedez, 28 dantzarirekin bertaratu gara. Emanaldi berezia izan da, eta ez soilik hirugarren aldia delako. Azken boladan, Berbintzanan hedatuz doan euskal kurtur girotxoari esker, hainbat heldu eta gaztek taldetxo bat osatu dute dantzan aritzera elkartzeko. Hartara, gure emanaldiaren ondotik, dantzari talde honek eskatu hainbat soinu jo dituzte gure musikariek, gurekin bat egin eta elkarrekin dantza ditzagun (dantzaldia²). Zinez gauza ederra izan da herriko dantzazaleek erakutsi gogoa eta gure dantzariek dantza emanaldietan zenbaitetan ematen den irmotasuna apurtzeko jaso aukeratxoa.

Txistulariak lanean. Argazkia: Mariano Indart

2. eta 4. mailako ikasleak hautatu ditugu dantzarako, eta, haien dohainak erakutsi dituzte. Gaztetxoenek, haiek beraiek sortu kontra-dantza eta Zuberoako makil-dantza eman dituzte eta koxkorrenek, aldiz, Gipuzkoako Brokel-dantzaren Makila-txikiena eta Uztai-txikiena eta fandangoa eta arin-arina. Aipatu moduan, saioaren ondotik herritar eta dantzariek bat egin dute hainbat dantza emateko: Lantzko zortzikoa, Txulalai, Baztango esku-dantza eta enparauak.

Uztai-txikiena
Makil-txikiena
Zuberoako makil-dantza
Kontra-dantza
Emanaldiaren ondotik, guztiok dantzara!

Azkenik, halakoak ez lirateke posible dantza-eskolan inplikatuak diren lagunen bultzadarik gabe, esan nahi baita, irakasleak eta laguntzaileak, baina ezin ahaztu ere gure soinulari ederrak, Iñaki Sagardoi eta Aitor Huarte.

Eskerrik beroenak ere, nola ez, Berbintzanako lagunentzat.

Mariano Indart lagunak hartutako argazki sorta zabalagoa, hementxe:

2018-03-04 Txikiak Berbinzanan