Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Duguna - Iruñeko dantzariak Batasunaren pribilejio ezberdin bat

Dokumentuaren akzioak

Batasunaren pribilejio ezberdin bat

2016/03/22 09:35

Ikasturte akademikoari hasiera emateko derrigorrezko zita dugu Iruñeko Burgoen Batasunaren Pribilejioaren ospakizuna. Irailaren 8an ospatzen da gaur egungo Iruñea osatzen duten hiru burgoak batu zirenekoa, Carlos III.a erregeak hala aginduta. Bere omenez, Iruñeko korporazioak bere hilobia bisitatzen du katedralean, loreak eskaintzera. Orain arte, eurekin gindoazen gu, eta meza bitartean merendua hartu. Iaz, ordea, protokoloa aldatu zuen udal berriak, eta elizkizuna ekitaldi ofizialetik atera zuten.

Hortaz, berrikuntza horrekin atera ginen arratsalde pasa, eguraldia lagun, eta erraldoi eta kilikien konpartsak ziurtatzen duen jende andanak lagunduta. Normalean, esan bezala, ibilbidea udaletxetik-katedralera-eta-buelta baino ez zen izaten. Aldaketarekin, baina, hiru burgoak zeharkatzea tokatu zitzaigun. Gure ezpartinek sekula zapaldu ez zituzten kaleak zapaldu zituzten: San Miguel, Txapitela; eta bereziki bitxia izan zen Gazteluko enparantzatik udalbatza ikustea. Kezkatuta gaude ea hurrengoan nola pasako garen San Nikolasetik, gero eta arrakastatsuagoa bihurtzen ari den “Osteguneko Pintxo-potearen” zeharkatuz…

Argazkia: Diario de Navarra

Udaletxe plazara bueltan, aipamen berezia egin nahi izan zion udalak hiriko 2. Zabalgunea diseinatu zuen arkitektuari, Serapio Esparzari eta bere lanak hiriari ekarri zion modernizazioari. Moderno-moderno jantzi zen Aranzadiko zinegotzietako bat, ohiko protokoloa hautsi eta frak-aren ordez Spiderman-en elastiko bat jantzi baitzuen ekitaldian. Baina horri nahikoa kasu egin zioten hurrengo egunetan egunkariek. Geuk geureari egingo diogu kasu.

Egun berezia da Irailaren 8a dantzaren munduan. Otsagabian Muskildako ama birjiniaren dantzak egiten dituzte, Eibarren Arrateko ama birjiniaren ezpata-dantza… eta Iruñean, oraindik egun honetarako dantza berezirik ez dugun arren, gure San Blas eguneko eguneko soka-dantza eskaini genuen. Aitor Aranak eta Hasier morenok egin zituzten aurrendari eta aitzindari lanak, soka-dantza express horretan.

Ongi merezitako askari-afaria hartuta, nor gure etxera joan ginen, hurrengoa lan eguna baitzen. Hori bai, denboraldi berriari hasiera emanda, udari agur esanda, eta kurtsoa indarrez hasita.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.