Soka-dantzan hasi dugu ikasturtea

2019/09/16
Soka-dantzan hasi dugu ikasturtea

Merezitako oporren ostean eta jada bainujantziak lehortzen utzita...bueltan gara berriz! 

Irailaren hasierarekin bat dator eskola materialaren berritzea, hortaz, gure espartinak atondu eta urtero bezala, Batasunaren Pribilegioko emanaldiarekin eman diogu kurtsoari hasiera.

Aurtengoaren prestaketan denboraz larri ibili gara, odol berritze handi samarra izan baitugu taldean —irailaren 8an 13 gaztetxok debuta egin dute (ongi etorri!)—. Baina arazorik gabe, dotore-dotore jantzita, karriketara atera gara udal korporazioa lagunduz, beste urteotan bezala, alde zaharreko hiru burguak zeharkatu eta 1423an hiria batu zuen Carlos III.a Nafarroakoari lore eskaintza egitera.

Gibelean, eguzkia, gure kokoteak indarrez kolpatuz, udari oraindik uko egin ez diola gogoratuz. Aitzinean berriz, burugogorkeriz segizioaren bidean etengabe sartzen diren guraso erraldoi-konpartsazale setatien gurditxoak. Behin baino gehiagotan ibili gara haien artean sigi-sagan, leku bila, dantzariak atzetik gatozela noiz konturako diren zain.

Gauzak horrela, udaletxera iritsi gara lore eskaintzaren ostean.

Han Batasunaren Pribilegioaren agiriaren zigiluan ageri diren zaldiko kornamusajoleak ditugu zain, gaurko egunerako espres iratzartzen diren horiek. Fernando Jalon eta Joaquin Cebamanos izan dira xirolarruaren doinuz plaza erdira aterarazi gaituztenak. Maialen Etaio egin ditu aurresku lanak eta Auritz Gartzia atzeskuarenak.

Argazkia: Hasier Moreno

Argazkia: Hasier Moreno

Soka-dantzari nahiz ikusle guztien aurrean belauntxingoa eman dute aurrez aurre. Geroago haiek ere gidatu dute zortzikoa eta dantzari guztiak dantzara batzean kriskitinen harrabotsa ozendu egin da, txistulari lanetan aritu diren Aitor Huarte, Eiande Aranburu eta Beñat Lopezen doinuari batuz.

Argazkia: Eduardo Buxens

Argazkia: Eduardo Buxens

Argazkia: Eduardo Buxens

Hainbat lagun eta udaleko zinegotzi sokara gonbidatu ditugu. Errepikatu dutenetan, Joxe Abaurrea eta Maider Beloki, fandango eta arin-arina gurekin dantzatuz, baina baita Marian Aldaia, Amaia Izko eta María Echavarri ausarta berriak ere. Gainontzeko gonbidatuak eta gonbidatu gabeak ere —emakume espontaneo bat sartu zaigu arin-arinean dantzara, zangoei eragiteko gogoari ezin eutsiz— fin aritu dira dantzan. 

Argazkia: Eduardo Buxens

Argazkia: Hasier Moreno

Argazkia: Hasier Moreno

Kalejira luze batekin eman diogu bukaera soka-dantzari. Hori bai, zaldiko kornamusajoleak berriro joan zaizkigu lotara, iratzargailua heldu den urteko iraliaren 8an ezarrita dutelarik!