Batasunaren pribilegioa 2018
Irailaren 8arekin 1423. urteko Batasunaren Pribilegioaren agirian agertzen den zaldiko kornamusajolea hezurmamitu da beste behin eta dantzan jarri gaitu. Goizean-goizeko segizioan alde zaharreko 3 burguetan barna paseatu ondotik, arropak ziztuan aldatu eta soka atera dugu Herriko Etxeko ezkaratzetik udal plazaren erdira, xirolarruarren doinura. Aurten berriz ere Fernando Jalon eta Joaquin Cebamanos izan dira plaza doinuz bete dutenak, Aitor Huarte, Eiande Aranburu, Iñaki Sagardoi eta Beñat Lopez taldeko txistulariekin batera.
Julen Fagoagak egin ditu aitzineko eskuari dagozkion lanak eta Leire Lezak gibelekoak. Soka-dantzariak eskuetatik helduta plazan sartu eta gero belauntxingoa dantzatu dute parez pare aurresku eta atzeskuak.
Zortzikoa ere haiek gidatu dute eta tarteka, dantzari guztiak dantzan hasi direlarik, kriskitinak zalaparta eroan hasi dira eta gonak hegalka.
Sokara gonbidatu ditugu gero hainbat lagun eta baita udaleko hainbat zinegotzi ere. Batasunaren pribilegioaren ospakizunetan parte hartzen duten alderdi guztietako zinegotziak animatu dira sokara —EH Bildu, Geroa bai, PSN eta UPN—. Baina fandangoa eta arin-arina dantzatzeko tenorean bi ausart baino ez dira geratu plazaren erdian: Aritz Romeo eta Joxe Abaurrea. Eta esan beharra dugu ez direla batere gaizki aritu! Kontrara!
Joxe Abaurrea Iruñeko zinegotzia @duguna rekin dantzan #BatasunarenPribilegioa #PrivilegiodelaUnion #Iruñea pic.twitter.com/teNBOz5BjV
— Haritz Pascual (@haritzpg) 2018(e)ko irailaren 8(a)
Gainontzeko dantzari gonbidatuak ere xarmanki aritu dira. Plazatik kalejiran atera gara udaletxeko ezkaratzea helburu, zaldiko kornamusajoleak atzean. Udaletxera sartzean, ezker-eskuin begiratu dugu eta haien arrastork ez. Batasunaren pribilegioaren zigilura itzuliko ziren, agian heldu den urteko irailaren 8an berriz iratzartzeko?
Argazki gehiago ikusteko:
